Azken ahalegina

Papulias Greziako presidenteak batasun gobernua eratzeko azken ahalegina egingo du; lortu ezean, bozak egingo dituzte berriroSiriza alderdia konbentzitzeko eskatu dio Venizelos sozialdemokratak presidenteari

2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Saihetsezina dirudiena saihesteko azken ahalegina egingo du Karolos Papulias Greziako presidenteak. Iragan igandeko bozen ostean sortu den legebiltzar zatitutik —zazpi alderdik dute ordezkaritza, eta denak gehiengoa izatetik urrun— batasun gobernua eratzen ahaleginduko da, herrialdeko hiru alderdi nagusiek zeregin horretan huts egin ondoren. Lortzen ez badu, hauteskundeak egin beharko dituzte berriro.

Gaur goizean hiru alderdi nagusiekin bilduko da Papulias. ND Demokrazia Berria alderdi kontserbadorea, Siriza ezkerreko koalizioa eta Pasok alderdi sozialdemokrata berriz eseriko dira mahaiaren bueltan, aste honetan lortu ez duten ituna berriz eztabaidatzera. Ondoren, eta banaka, parlamentuan ordezkaritza lortu duten gainontzeko alderdiekin bilduko da presidentea. Hiru egun izango ditu beterano sozialistak horretarako. Haren aurretik saiatu direnek, baina, huts egin dute.

Hauteskundeetan boto gehienND alderdi kontserbadoreak eskuratu zuen, eta horko buru Georgios Samaras ahalegindu zen lehenik puzzlea osatzen. Horretarako hiru eguneko epea bazuen ere, bost ordu nahikoa izan zituen gobernua eratzea ezinezkoa zela ondorioztatzeko. 108 eserleku ditu NDk parlamentuan, baina sekulako boto galera izan du —%33tik %18,85era jaitsi da—. Pasok alderdi sozialdemokrata izan zen NDrekin bat egiteko prest agertu zen bakarra —iazko azarotik agindu dute elkarrekin—, baina honek hautestontzietan jaso duen kolpearen ondoren ez dute 300 jarleku dituen parlamentuan gehiengoa osatzeko adina ordezkari batzea lortu. Bozen %44 eskuratu zituen Pasokek 2009an, eta orain%13 besterik ez ditu lortu —41 eserleku—. Bi alderdi horiek sinatu zuten EB Europako Batasunarekin, NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin eta EBZ Europako Banku Zentralarekin erreskate plana, eta horiek dira itunak exijitzen dituen murrizketak onartzen dituzten bakarrak.

Hori horrela, Siriza ezkerreko koalizioari pasa zion gobernua eratzeko lekukoa Samarasek. Bozetan gorakada gehien jaso duen alderdia izan da, baina, honek ere huts egin du koalizio gobernua eratzeko ahaleginean, Dimar Ezker Demokratikoaren babesa besterik ez baitu jaso. 52 legebiltzarkide ditu Sirizak eta 19, berriz, Dimarrek.

Pasokeko sozialdemokratena izan da hirugarren aukera, eta akordioa lortzetik gertuen egon dena. Azken honi baiezkoa eman zioten NDk eta Dimarrek —hirurak elkartuta gehiengoa lortzeko 151 eserlekuko langa gaindituko lukete—, baina horretarako Sirizak ere gobernu koalizioan parte hartzea jarri zioten baldintza gisa, aldez aurretik ezezkoa emango zuela jakin arren. Azken honek iragarri bezala ezekoa eman zuen, eta Evangelos Venizelos Pasokeko buruaren ahaleginak hutsean geratu dira. Papulias presidenteari gobernua eratzeko ardura eskualdatzean, hain justu, Alexis Tsispras ezkerreko koalizioko burua konbentzitzen saiatzea iradoki dio. «Siriza izan da baietza eman ez duen bakarra, eta zure ahaleginak alderdi horretan kontzentratzea proposatzen dizut», esan dio Venizelosek presidenteari.

Hautestontziei entzungor

Tsisprasek NDrekin eta Pasokekin gobernua eratzearen aurka dagoela berretsi du, eta argi utzi du ez diela botoa eman diotenei «traizioa» egingo. «Proposamen honi ezezkoa ez dio Sirizak eman, herriak baizik», adierazi du ezkerreko koalizioko buruak. «Venizelosek eta Samarasek murrizketen aurka hautestontzietan emandako mezua ulertu izan ez balute bezala egiten dute», gaineratu du Tsisprasek haserre, eta EBrekin, NDFrekin eta EBZrekin ituna sinatu zutenen «ezkerreko zurigarria» izango ez dela ohartarazi die. ND, Pasok eta Dimar EBren murrizketak ezartzeko bat etorri direla esan du Sirizako buruak, eta berak ez duela gobernu horretan parte hartzeko arrazoirik ikusten.

Herritarrak koalizioaren alde

Venizelosek, berriz, Papulias presidentearen kontsulta prozesuan guztiek «arduratsuago jokatzea» espero duela adierazi du, bere porrota onartu ondoren. Presidenteak ere helburua lortzen ez badu hauteskundeak ekainaren 17an egingo dituztela jakinarazi dute. «Hauteskundeak egiten badira, zer aldatuko da? Ezer ez. Guztiontzat egiaren ordua iritsi da», esan du Pasokeko buruak. Venizelosek, baina, ondo daki bozek aldaketa eragin dezaketelazatitutako legebiltzarrean. Izan ere, Ependytis astekari ekonomikoak atzo argitaratutako inkestaren arabera Sirizak irabaziko luke oraingoan. Botoen %16,8tik %20,2ra igaroko litzateke inkestaren arabera. Aldiz, NDk eta Pasokek puntu bana egingo lukete atzera. Horrek negoziatzeko indar handiagoa emango lioke Tsiprasi, besteak beste, irabazleari zuzenean 50 eserleku dagozkiola kontuan hartuta.

Dena den, inkestek ere agerian utzi dute herritarren gehiengoak ez duela bozak errepikatzerik nahi. Marc agentziak Ethnos egunkariarentzat egin duen galdeketaren arabera, greziarren %62,7ak gobernu koalizioa osatzea nahi dute. Bestetik, %53 Siriza gobernuaren baitan egotearen alde agertu da, eta hauteskundeak errepikatzearen alde herritarren %32a bakarrik legoke.

Bestalde, Pasokeko buruak egin dituen «aurrerapenek»optimismo apur bat ematen diotela adierazi du Papulias presidenteak. Hala ere, sozialistak esan du oraindik lan handia dagoela egiteko gobernu akordio bat lortzeko.

Hilabete amaieran troikaren ordezkariak Greziara bisita egingo dute murrizketa gehiago aplikatzeko eta sektore publikoaren pribatizazioan sakontzeko plana egiteko. Ordurako euren asmoekin konprometituta dagoen gobernu bat indarrean egotea espero dutela jakinarazi dute. EBren eta NDFren laguntzarik gabe Greziak aste gutxitan behea jo dezakeela diote adituek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.