Alemaniako hauteskundeak. Ekonomia

Azken bagoiak askatu zaizkio

Lana eginda ere, pobrezian jausten dira urtero milaka alemaniar. Etengabe hazten doan multzoa da, erdiko klasea gero eta meharragoa duen Europako herrialde aberatsenean.

Danel Agirre.
Berlin
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Für ein Deutschland, in dem wir gut und gerne leben (Ongi eta gustura bizi garen Alemania batengatik), esaldia aukeratu du CDU/CSUk hautesleak limurtzeko lelo nagusitzat. Oposizioko alderdi guztiek aurpegiratu diete demokristauei esaldia, jaurti duena atzera jotzen duen bumeranaren efektua bilatuz. Azken hamarkadan hazi eta hazi ari den desparekotasuna eztabaidaren erdigunera mugitu nahi izan dute. Ez dute lortu. Demokristaueklortu dute kanpaina su txikian manten zedin, nahiz eta une askotan bertako komunikabideen arreta ere doi-doi eskuratu.

Estuturen bat nabari zezakeen bakoitzean, Alemaniaren neurgailu makroekonomikoen itxura osasuntsuarekin kontraeraso ahal izan du Merkel kantzilerrak. Europako lokomotorra azken hamarkadetako ziztu bizienean dabil. Langabezia tasa %5,7raino amildu da, 2004an %12a ukitu ondoren. Ekonomia %2 haziko da aurten; esportazioak, berriz, %8. Merkataritza balantzaren superabitari ez dago galgarik ipiniko dionik: aurten 250.000 milioi eurotik pasatuko dela ziurtzat jotzen du gobernuak.

Estatistikaren estasiaren ifrentzua topatzeko nahikoa da zifra bakarrean arreta ipintzea: pobreziak ere hamarkada bat pasatxo darama gorantz Alemanian, egoskor. Sozialisten eta berdeen gobernu batek bultzatutako lan merkatuaren liberalizaziorako Hartz erreforma indarrean jartzearekin ekin zion tasa horrek gorako bideari.

Minilan izeneko kontratazioak sortu eta aldi baterako lanak hedatzearekin, lanpostua eskuratuta ere pobreziatik irtetea lortzen ez dutenen fenomenoa ohiko bilakatu da. Uztaileko datuen arabera, enplegua duten hamarretik bat txiroa da Alemanian —hilabeteko 869 euroko diru sarrerak baino apalagoak, bakarrik bizi direnen kasuan—. Lau milioi laguneko multzoa da, eta azken hamarkadan bikoiztu egin da.

869 euroren langa hori Alemaniako etxe guztien diru sarreren medianaren %60 kalkulatuta ezarri da. Berlingo DIW Ekonomia Ikerketarako Institutuak geruzaka banatu ohi ditu urtero etxeak, mediana hori erreferentziatzat hartuta. Konposizioak erdiko klasea azkar mehetzen ari dela azaltzen du. Tarteko diru sarrerak zituzten etxe asko beheragoko geruzetara erortzen doaz apurka. Beste asko, goragokotara igotzen.

OCDE osatzen duten herrialdeen artean, desparekoenen artean da Alemania. Biztanleen %10ek aberastasunaren %60 pilatu dute. Hamarretik lauk ez du aurrezkirik, ez ondarerik. 30 milioi herritar dira bere egoera ekonomikoa hobetzerik erdiesten ez dutenak. Gizatalde batzuek arrisku berezia pairatu ohi dute. Haurrak bakarrik hezten dituzten lau gurasotik bat pobrea da Alemanian.

Bere egoera ekonomikoaren pertzepzioaz galdetutakoan, hamarretik sei dira gogobeteta ageri direnak, DIW institutuaren arabera. CDU/CSU, berdeen eta liberalen hautesleen kasuan, %70etik gorakoa da gogobetetze maila hori. Kontrara, AfD eta Die Linkeren boto emaileen erdiek bere egoera ekonomikoa txartzat edo oso txartzat daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.