Azken egunean 4.100 hildakotik gora utzi ditu COVID-19ak Brasilen

Kasu gehien dituen herrialdeen zerrendan bigarrena da Jair Bolsonaro presidenteak kudeatzen duena; AEBak daude oraindik lehen postuan.

Rio de Janeiroko hilerria. ANTONIO LACERDA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 7a
10:52
Entzun

Orain arteko daturik txarrena eman zuen Brasilgo Osasun Ministerioak atzo: 24 orduan 4.100 hildakotik gora eragin zituen koronabirusak herrialde hartan, eta beste 86.979 kasu atzeman zituzten. Horiekin, 13 milioi pasa dira orain arte baieztatutako kasuak. Hala, Brasil da, AEBen atzetik, COVID-19 kasu gehien dituen herrialdea, baita gaitzak heriotza gehien eragin dituena ere —azken astean, batez beste 2.500 izan dira—.

Osasun krisi gogorra eragin du pandemiak herrialdean. Erietxeak ia erabat beteta daude, eta zenbait barrutitan hasiak dira gaixoak beste eskualde batzuetara eramaten, bertan tokirik eta baliabiderik gabe geratu direlako. Sao Paulon, esaterako —46 milioi lagun bizi dira, eta Brasilgo probintziarik aberatsena da—, erietxeetako ZIUen %90 beteta daude, eta hiriburuan hiletak gauez egitea baimendu dute agintariek, baita autobusak antolatu ere hilotzak eramateko.

212 milioi biztanleko herrialde horretan, joan den urtarrilaren 17an hasi zuten txertaketa kanpaina, baina gaur arte herritarren %10ek soilik hartu dute txertoa. Horrez gain, azken hilabeteetan birusaren aldaera berriak aurkitu dituzte, eta haietako bat, Amazonian agertutakoa, aurrekoak baino hiru aldiz azkarrago kutsatzen dela ohartarazi.

Gobernuak osasun langileei, irakasleei, adinekoei, indigenei eta osasun arazoak dituztenei eman die lehentasuna txertaketa kanpainan, 77 milioi lagun ingururi, eta iragarri du horiek ekainera bitarte txertatzea duela helburu. Adituek, ordea, aurreratu dute gutxienez irailera arteko tartea beharko dutela horretarako, besteak beste ez dutelako behar adina dosi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.