Azken gudu zelaia

Gerraren amaierarako mugarria da Surten erorketa Trantsiziorako Kontseilu Nazionalarentzat

Jon Fernandez.
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Surten jabe egitea ez da batere erraza izan Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren eta NATOren indarrentzat. Aliatuek ez zuten horrenbesterainoko erresistentzia gogor eta iraunkorrik espero, eta hiria ia egunero bonbardatu arren, bi hilabete behar izan dituzte Muammar Gaddafiren azken gotorlekua beretzeko. Surt sinbolo bilakatu da gerrako bi aldeentzat —erresistentziaren irudi batzuentzat, askatasunarena besteentzat—, eta horrek oldartu eta luzatu egin du Libiako iraultzaren azken gudu zelaia.

Itota egin ditu hiriak azken asteak: ez argindar hornidurarik, ez sendagairik, eta elikagaiak ere urri. Hala ere, Tripoliko agintariek behin eta berriz hiria euren eskuetan erortzear zegoela iragarri arren, Surtek irmo eutsi dio setioari. «Hiria askatzera ala arpilatzera etorri dira?», zioen iragan astelehenean Surtetik ihesi zihoan Ahmed herritarrak. Setioak guztiz txikituta laga du hiria, eta handik ihes egin duten herritarrek zibilak hil izana eta etxebizitzak, dendak eta eraikin publikoak harrapakatu izana leporatu diete matxinoei. «Inbidia digute eta gorroto gaituzte Muammar hemengoa delako. Baina gu zibilak baino ez gara, eta iraultzaileak mendeku bila eta hiria suntsitzera baino ez datoz», zioen astelehenean Surtetik ihes egindako beste zibil batek.

Sadam Hussein Irakeko presidente ohiak 2003an egin bezala, Gaddafik ere jaioterria aukeratu du azken babesleku gisa. Hantxe ditu jarraitzaile fidelenak —Surtetik ihesi atera diren zibilek ere halaxe erakutsi dute— eta hantxe bildu ditu bera defendatzeko azken indarrak. Surteko erresistentziaren gogortasuna ikusirik, koronelaren Mutassim semea bertan ezkutatuta zegoela uste zuten Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko indarrek, baina ez zuten aita espero. Azken hilabeteotan Libian zegoela berretsi du Gaddafik hainbat aldiz komunikabideetan argitaratutako audio grabaketen bidez, baina atzerrian zegoela zioten zurrumurruak ere ugariak ziren. Surt erregimen zaharraren hiri kutuna izan dela uste dute libiar askok. 1969an iritsi zen koronela boterera, eta artean 10.000 biztanlera ere ez zen iristen Surt; 42 urte geroago, berriz, 100.000 lagun ingurura igo da bertako biztanleria. Gaddafik nahierara egokitu eta planifikatu du kostaldeko hiria: batetik, hainbat haima jarri zituen bertan nazioarteko estatu buruei harrera egiteko, eta bestetik, luxuzko etxebizitzak eraiki zituen bere familiarentzat.

Abuztuaren 23an hartu zuten erreboltariek Tripoli, baina koronelak ihes egitea lortu zuen, eta ezkutuan egon da harrez gero. Hiriburua kontrolpean izanda, Gaddafiren indarren esku zeuden azken zonaldeak bereganatzeari ekin zion Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak. Surt eta Bani Ualid izan dira milizianoen erasoei gogorren eutsi dieten hiriak; baina, setio luzearen ostean, joan den astelehenean hartu zuten Bani Ualid, koronelaren azkenurren gotorlekua. Bi hiri horien egoerak baldintzatu du, orain artean, gobernu berri baten osaketa. Mustafa Abdejalil presidenteak, hain justu, behin baino gehiagotan esan du Surt erortzeak ekarriko duela lurralde osoaren askatasuna, eta Gaddafiren jaioterria kontrolpean hartu eta hilabetera «Libia demokraziarantz gidatuko duen trantsizioko gobernuaren osaketa» iragarriko dutela.

Surten konkistak, ordea, ez dio ziurtasunik ekarriko Libiako etorkizun politikoari. Gerran batasun itxura eman arren, erregimen politiko berriaren eraketak dagoeneko azaleratu ditu Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko kideen arteko desadostasunak. Mahmud Jibril egungo lehen ministroa da gobernu berria eratzeko arduraduna —Gaddafiren erregimeneko kide izandakoa da—, eta haren kontrako kritikak ere loratuz doaz matxinoen artean. Bestalde, gobernu berriak xaria lege islamikoa ezarriko duela iragarri arren, muturreko talde erlijiosoak ez dira erabat asebete. Hortaz, Surteko azken gudu-zelaiaren ostean, badirudi arlo politikoan sortuko direla gudu-zelai gehiago.

Bien bitartean, NATOk «oraingoz» Libian jarraituko duela baieztatu du. «Momentuz ez dago aldaketarik gizateria zibila babesteko NATOren operazio militarrean», adierazi du aliantzak, eta Gaddafi inoiz ez dela bere misioaren xede izan nabarmendu du. Aliantza Atlantikoak bi baldintza nagusi jarri ditu misioa amaitutzat emateko: zibilen babesa bermatuta egotea eta agintari berriek herrialdea gobernatzeko ahalmena izatea. Printzipioz, NATOren Kontseiluak datorren asterako aurreikusia du Libiako misioaren amaieraren gaineko bilera, baina batzarra gaur egitea aztertzen ari zen bart aliantza, egoera aldatu dela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.