AEB Ameriketako Estatu Batueek amore emanda, kinka larrian jarri dituzte Ekialde Hurbilerako bake elkarrizketak. AEBek ez diote eskatuko Israeli Zisjordanian kolonia gehiagoren eraikuntza bertan behera uzteko erabakia luzatzeko. Hori jakin ondotik, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak aitortu du elkarrizketak «zalantzarik gabe» krisian daudela. Liga Arabiarreko buru Amro Musak, berriz, bake prozesuan AEBek «porrot» egin dutela adierazi du.
Giorgos Papandreu Greziako presidentearekin bildu zen Abbas atzo, Atenasen. Krisia dagoela onartu arren, bakerako errepide mapari«konprometituta» jarraituko diotela berretsi du PANeko buruak. Errepide mapa 2003an adostu zuten NBE Nazio Batuen Erakundeak, AEBek, EB Europako Batasunak eta Errusiak -Laukoteak-. Bertan, bakea lortzeko Israelek eta palestinarrek jarraitu beharreko puntuak bildu zituzten.
Musak, berriz, agerraldia egin zuen atzo Kairon, Liga Arabiarraren egoitzan. Koloniak eraikitzen jarraitzea Palestinako estatuaren proiektuaren amaiera dela adierazi zuen. Gaiaren inguruan mintzatzeko, etzi bilduko da Kairon Bake Ekimen Arabiarraren Jarraipenerako Batzordea, palestinarrek hala eskatuta. Musak jakinarazi du batzorde horrek ez diela emanen AEBei bake prozesuarekin jarraitzeko aukera berririk.
Palestinako zenbait negoziatzailek ohartarazi dute elkarrizketak bertan behera geldi litezkeela. Nabil Shaathek, adibidez, adierazi du Israelek kolonien inguruko politika aldatu arte ez direla berriz solasean hasiko.AEBek bitartekaritzat daukaten papera, gainera, «zikinduta» gelditu dela uste du. Saeb Erekat PAE Palestinako Askapenerako Erakundeko negoziatzaile buruak, berriz, euren herrialdea «suntsitzen» ari diren bitartean ezin dutela negoziatu adierazi du.
45 egun koloniak eraikitzen
Azken elkarrizketak irailean egin zituzten Washingtonen, bi urteren ondotik. Handik aste batzuetara, ordea, Abbasek bertan behera utzi zituen, Israelek erabaki zuelako Zisjordanian berriz ere koloniak eraikitzeari ekitea. Hamar hilabete zeramatzan halakorik egin gabe. Urritik honat, kolonoek 1.126 etxebizitzen zimenduak ezarri dituzte, Israelgo Peace Now GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Israelgo Gobernuaren Estatistika Bulegoaren arabera, 2009an 1.888 etxebizitza lan hasi zituzten, beraz, azken 45 egunetan orduko zifraren bi herenetaraino iritsi dira.
Bitartean, Gazaren eta Zisjordaniaren artean gaiak trukatzeko neurriak zertxobait leuntzeko erabakia hartu zuen atzo Israelek. PANekin koordinatuko du trukeen harremana.
«Azken negoziazioak bideratzeko asmoan porrot egin dute AEBek»
Liga Arabiarrak Washington kritikatu du; Mahmud Abbas PANeko buruak aitortu du bake elkarrizketak krisian daudela. AEBek ez dute Israel gehiago estutuko koloniak bertan behera utz ditzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu