Israelgo iturrien arabera, gaur goizaldean Zisjordaniako Kalkilia hirian hil duten palestinarra Al Aksako Martirien Brigadetako buruzagi bat da. Hain zuzen ere, Israelgo Mugetako Poliziak geratzeko agindua eman bide dio palestinarrari, eta bete ordez, ihes egiten saiatu da; horregatik egin diote tiro, Israelgo iturriek azaldu dutenez.
Ordu batzuk lehenago, Gaza hegoaldeko Kfar Darom kokagune judura tankeen aurkako lehergaiak jaurti dituzte borrokalari palestinarrek, eta eremu horretako lau biztanle arin zauritu dituzte.
Halaber, Israelgo indar militarrek hamabost palestinar atxilot dituzte gaur goizaldean Gazan eta Zisjordanian.
Funtsean, beroak izan dira azken orduak Ekialde Hurbilean, eta indarkeri agerraldi horiek bake prozesuaren kalterako izango direla uste da. Igandean, su-etena aldarrikatu zuten Palestinako talde armatu nagusiek, eta astelehenean hasi eta atzo bitarte, Israelgo Armada Gazan eta Zisjordanian okupatutako hainbat gunetatik erretiratu da. Bake prozesuan aurrera egiteko arrastoak ziren horiek guztiak, baina azken gertakariek nola eragingo duten ez dago argi. Esate baterako, Gazako erasoaren ostean, Israelgo soldaduek kontrol postuak ezarri dituzte eremu horretako errepide nagusian; hots, astelehenean Palestinako Poliziaren kontrolpean geratu zen autobidean.
Ekialde Hurbila
Azken orduetako indarkeria agerraldiek, zalantzan jarri dute berriro bake prozesua
Bart gauean eta gaur goizaldean israeldar eta palestinarrren arteko enfrentamendu bana izan dira Gazan eta Zisjordanian. Bart gauekoan, borrokalari palestinarrek Gaza hegoaldeko kokagune judu batera tankeen aurkako lehergaiak jaurti dituzte, eta lau israeldar zauritu —guztiak arin—. Goizaldean, berriz, Israelgo Poliziek palestinar bat hil du Zisjordanian, agi denez, Al Aksako Martirien Brigadak taldeko kidea. Enfrentamendu horien ondorioz, Gazako errepide nagusian kontrolguneak ezarri ditu berriro Israelgo Armadak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu