Badira ia bi aste Hebrongo hiru gazte israeldarrak desagertu zirela. Geroztik, bostehundik gora palestinar atxilotu eta ehunka etxe miatu ditu Israelgo armadak. Azken urteetako operazio militar luzeena izaten ari da, eta hildakoak ere eragin ditu; joan den asteburuan bertan, bi palestinar hil zituzten, haietako bat meskitara bidean zihoala.
Operazio militarrari erantzunez, Gazatik suziriak jaurtitzen dituzte Israelen menpeko lurretara. Haiek, ordea, gutxitan lortzen dute helburua. Hain zuzen, suziri horietako bat Beit Lahia herrian erori da bart, eta 3 urteko haur bat hil du. Hala jakinarazi du Gazako larrialdi zerbitzuetako buruak. Leherketan, familia bereko beste bost lagun zauritu dira.
Beste bost suziri ere jaurti zituzten Gazatik Israel aldera, baina armadak desegin ditu lurra jo aurretik.
Gaza bonbardatuz erantzun du Israelek. Palestinako iturriek azaldu dutenez, Jihad Islamikoaren trebatze eremura bi misil jaurti dituzte, baina ez dute biktimarik eragin. Horretaz gain, Nuseirat errefuxiatu guneari ere eraso dio armadak.
Tel Aviveko iturriek erasoak zuritu dituzte "islamisten aurka" egiteko izan direla esanez.
Atxiloketak ez dira Gaza eta Zisjordaniara mugatzen. Jerusalemen 10 eta 12 urte arteko lau haur atxilotu zituzten atzo, Al Aksako meskitatik gertu. Azken egunetan, bestetik, Siria eta Israel arteko mugan dagoen Golango gaina ere bonbardatu dute Israelgo hegazkinek.
Genevara, laguntza eske
Israelgo Gobernuak iragarri du operazio militarra "laster" amaituko dela, baina data zehatzik ez du eman. Horiek hala, eta egoera okerrera doala ikusita, Palestinako Aginte Nazioalak esku hartzeko eskatu die Genevako Ituneko sinatzaileei.
PANek salatu du operazioa "gizarte osoaren aurkako zigorra" dela. Hala gaitzetsi du gobernuak, ohar baten bidez: "Okupazio indarrek zibil palestinarren aurkako hilketak, terrorismoa eta exekuzioak baimendu dituzte".