India eta Pakistan herrialde demokratikoak direla esatea zuzena da?
India bai da herrialde demokratikoa, nahiz eta arazoak dituen pobre bizi direnen baldintzak hobetzen, eta herrialdeko zenbait estatutan demokrazia ahula den arren. Pakistanek, aldiz, behin eta berriz egin du atzera eta aurrera azken urteetan, han armadak indar handia duelako, eta behin baino gehiagotan militarrek beren gain hartu dutelako estatuaren kontrola. Egun, esaterako, Pakistango presidente Pervez Musharrafek bozetara deitu du, baina aldi berean oposizioko kideei ez die erbestetik itzultzen uzten.
Uste duzu bien arteko beste liskarrik izango dela?
Ez. Batetik biak potentzia nuklearrak direlako; eta bestetik, bien arteko harremana aldatu egin delako azken urteetan. Horren arrazoietako bat da bien arteko aldea handitu egin dela, batez ere ekonomiari dagokionez. Bestetik, irailaren 11ko erasoen aurretik, Pakistanek Indiaren aurkako talde armatuak sostengatzen zituen New Delhi negoziatzera derrigortzeko. Erasoen ostean, ordea, AEBen aliatu bilakatu zen Islamabad, eta ondorioz ezin dio, jada, Indiari xantaiarik egin.
Bietan ere kultura eta etnia asko daude. Horrek eragin dezake gatazkarik etorkizunean?
Demokrazian bizitzearen abantailetako bat da kultura desberdineko jendearekin bizi ahal izatea. Indian, adibidez, 160 hizkuntza hitz egiten dituzte, eta sei erlijio nagusi daude. Baina ez dira kulturen arteko gatazkaren beldur. Pakistanen demokrazia ahulagoa da, eta etnien arteko gatazkak maizago gertatzen dira, baina han ere biztanleen %60 etnia berekoak dira.
India eta Pakistanen arteko hiru gerretatik bi arrazoi beragatik izan ziren: Kaxmirren gaineko kontrola. Uste duzu auzia konponduko dutela?
Bai. Kaxmirrek azken 17 urteetako egoerarik lasaiena du gaur egun. Hori hainbat erabakiren ondorio da. Horietako bat da Pakistanek iraganean baino ahalmen gutxiago duela egun Indiari kontzesioak exijitzeko. Era berean, Pakistanek aldatu egin du bere politika, jada ez du eskatzen eskualdearen kontrola, Indiaren menpe dagoen lurraldeari autonomia handiagoa emateko baizik. Bestetik, 1980ko hamarkadan, Indiak demokrazian parte hartzeko aukera kentzearekin mehatxatu zituen Kaxmirko herritarrak. Horrek New Delhiren aurka bultzatu zituen hainbat talde armatu. Baina gerora, ohartu da bozak direla eskualdeko egoera baretzeko era hoberena. Jarrera aldaketa horri esker, murriztu egin da talde armatuek duten sostengua. Bestalde, Pakistanek barne arazo asko ditu, eta horregatik nahi du Kaxmirko arazoa konpondu.
Asko hitz egin da Indiaren eta Txinaren arteko lehiaz, baina badu Indiak aukerarik superpotentzia bilakatzeko?
Horretarako, beste mende bat itxaron beharko dugu. Superpotentzia deitzen zaio mundu osoan eragina duen herrialdeari. Gaur egun, oso estatu txiroa da India, biztanleen %75 egunean bi dolarrekin bizi dira. Afrika osoan baino pertsona pobre gehiago bizi dira Indian. Ondorioz, aurrerapauso handiak eman ditugun arren, asko geratzen da Gobernuaren xede nagusietako bat dena betetzeko, alegia, pobrezia %10era jaisteko.
Asiako
potentzia handiaizatea xede
Indiak 1947ko abuztuan lortu zuen independentzia,eta ordutik indar handialortu du; orain Txinariaurrea hartu nahi dio.a. e.
Etorkizuneko superpotentziatzat jotzen dute adituek India. Txina ordezkatuko duela diote baikorrenek. AEBek ere New Delhiren alde egin dute apustu, Pekini aurrea hartzekoen artean. Ez zaie argudiorik falta, azken urteetan azkarren hobetu den ekonomia izan da Indiakoa: hiru urtean %8 egin du gora. Horretaz gain, teknologiaren, telekomunikazioen eta botiken arloan indartzen ari den merkatua da Indiakoa. Multinazionalek ere gero eta gehiago jotzen dute hara, eskulana merkea eta ugaria delako.
Baina bide luzea du oraindik egiteko, Txinari aurre egingo badio. Pobrezia da herrialdearen arazo nagusia. Afrika osoan baino pertsona pobre gehiago bizi dira Indian. Nekazaritza eremuetan bizi diren herritarren gehiengo handia egunean dolar bakarrarekin bizi dira, eta ez dira inoiz eskolara joan. Eskualde horietan, Uttar Pradesh kasu, kasten araberako gizarte mailaketa indarrean dago oraindik. Ondorioz, beheko mailako indiarrek, ukiezinek, ez dute bizimodu hobea lortzeko aukerarik izango. New Delhiko gobernuaren helburuetako bat da pobrezia %10era jaistea datozen urteetan, baina bide horretan lan handia du egiteko, batez ere botere ekonomikoa gutxi batzuen esku dagoelako, eta haiek aberastu ahala besteak pobretzen ari direlako.
SIKHAK ETA HINDUAK, AURREZ AURRE. Indiakoari munduko demokraziarik handiena deritzon arren, sikhen eta hinduen arteko liskarrak maiz lehertzen dira herrialde hartan. Indira Gandhi Indiako lehen ministroa izandakoa haren bizkartzainek hil zuten, 1984an. Bizkartzainak sikhak ziren. Gandhik sikh milizianoak Amritsarko Urrezko Tenplutik indarrez ateratzeko agindu izanak eragin zuen sikhen haserrea.
Azken urteotan, ordea, armategiarengatik, eta zehazki arma nuklearrengatik, lortu du protagonismoa Indiak. 1998an, proba nuklearrak egin zituenean, gogor kritikatu zuen nazioarteak.AEBek hura zigortzeko eskatu ere egin zuten. Ia hamar urte geroago, ordea, teknologia nuklearra saltzeko akordioa hitzartu du Washingtonek New Delhirekin. Teknologia hori helburu zibiletarako izango da, baina horrek ez du esan nahi Indiak proba nuklear gehiago egin ezin dituenik, ezta Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna sinatu behar duenik ere.
Eredu birenarteko
herrialdeaMendebaldeko demokraziaren etaaginte militarren artean aukeratu ezinik ibili da Pakistan azken 60 urteetan.
arantxa iraola
Sistema demokratiko gisara eratzeko zio ugari zituen Pakistanek sortu berritan. Erresuma Batuari kopia ziezaiokeen herrialdea agintzeko era, koloniari. Okupatzaileen indar militarra ere ezin izan du ahaztu herrialdeak. Bi eredu horien artean aukeratu ezinik ibili da herrialdea azken hirurogei urteetan. Dena den, bai kasu batean, bai bestean islamak betekizun garrantzitsua izan du, musulmanentzat sortutako estatua delako Pakistan.
Eredu biak, militarra eta zibila, beti egon dira Pakistanen oinarrian. Kasurik gehienetan, gainera, ustelkeria eta erakundeen arteko borrokak eta ezinikusiak arazo larria izan dira herrialdearentzat. Horren ondorioz, pobreziaren zama gainetik kendu ezinik ibili da beti. Indiarekin alderatuz, ekonomia aski atzeratua du; nekazaritza da nagusi, eta, feudalismoaren zantzuak argiak dira oraindik. Aldaketa nabarmenak egin dira, nolanahi ere, urte hauetan.
AEB-EKIN GERTUKO, ETA URRUTIKO.AEBen alde aritu da zenbaitetan Pakistan. Sobiet Batasunaren kontra egiteko itunak hitzartu zituen, esaterako, 1960ko hamarkadan Washingtonekin, eta 1977an ere Sobietar Batasunaren aurka egiteari ekin zion Afganistanen. Halako garaietan AEBen laguntza izan du Pakistanek. Beste aldi batzuetan, ordea, 1990eko hamarkada ia osoan, esaterako, isunekin erantzun dio Etxe Zuriak Pakistango agintariek erakutsi izan ohi duten hoztasunari.
Orain ere tirabira horretan sartuta dago Islamabad. Bete-betean. Pervez Musharraf jeneralak --2001. urtetik agintean dago, 1999an estatu kolpe bat eman ostean-- «terrorismoaren aurkako borrokan»AEBen lagun izateko borondatea erakutsi du sarritan. 2001eko irailaren 11n AEBetan jazo ziren atentatuen ostean, garrantzi berezia hartu zuen lankidetzarako keinu horrek.
Baina herrialde barruan askok ez dute ontzat ematen kolaborazioa. Eta herrialde barruan bertan ekintzaile islamistak kontrolatzeko ezintasuna erakusten ari da Musharraf bera. Talibanek indar handia dute herrialdearen iparraldean, Afganistango mugan.