Concertacion (Hitzarmena) ezkerreko koalizioko eta Alderdi Sozialistako buru Michelle Bacheletek bozen lehen itzuliko garaipena berretsi, eta komunisten eta ezkerreko alderdi zein independente gehiagoren babesarekin, Presidentetzarako lehia irabazi zuen herenegun, Sebastian Piñera RN Berrikuntza Nazionaleko (eskuin liberala) hautagaiari nagusituta. Horrek Joaquin Lavin UDI Batasun Demokrata Independentearen babesa zuen. «Gobernu estilo berria bultzatu nahi dut, herritarren estiloa, gertukoa, parte-hartzailea, jendearekiko harreman zintzoarekin eta irainik gabeko eztabaidarekin. Hoberenen [emakumezko eta gizonezkoak aipatuta] gobernu parekidea izango da nirea», nabarmendu zuen Bacheletek igandean Santiagon, jarraitzaileen aurrean eskerrak emateko eginiko ekitaldian. Atzo, berriz, Ricardo Lagos presidentearekin (alderdikidea du) laneko gosaria egin eta kargu-hartzea «ahalik eta modurik eragingarrienean» egiteaz eta datozen erronkez mintzatu ziren.
«Gorrotoaren biktima izan nintzen eta bizitza osoa eman dut gorroto horri buelta ematen saiatzen», esan zuen Bacheletek, eta gobernu osaketarako «beharrezkoa den denbora» hartuko duela erantsi zuen. «Ez dut egunik zehaztu, behar dudan denbora hartuko dut, garrantzitsuena emaitza delako». Bacheletek bere koalizioak lehen txandan, abenduaren 11n, lortutako emaitzak hobetu zituen igandean, eta orduan lortutako %45,95 eta Tomas Hirschen JPM Elkarrekin Gehiago Ahal Dugu ezkerreko koalizioak lortutako %5,4 batuta baino ehuneko handixeagoa eskuratu du orain, zentrotik edota zentro-eskuinetik botoak jasota. Izan ere, Piñeraren RNk (%25,41) eta Joaquin Lavinen UDI Batasun Demokrata Independentea eskuin kontserbadoreak (%23,22) abenduan erdietsitako emaitzak batuta (%48,63) baino sostengu apalagoa da Piñerak orain lortutakoa (%46,50).Txileko lehen emakumezko presidenteak heldu den martxoaren 11n hartuko du kargua, 2010 arte jarduteko. Atzerrira egingo dituen bidaien artean lehenbizikoa Argentinara egingo duela jakinarazi zuten atzo Bacheleten inguruko iturriek.Lagosek zoriontzeaz gain, bozetan aurkari izan duen Piñerak ere zoriondu zuen. «Bere garaipenagatik zoriontzen dut Michelle, ez soilik Txileko lehen emakume presidentea izango delako; bere eginahal eta temarekin gure gizartean dagokien lekua lortu duten milioika emakumeen omenez ere zoriontzen dut». RNk eta UDIk osatutako Txileren Aldeko Aliantza koalizioa «sendotu» dela eta borrokan segituko duela erantsi zuen.
Halaber, nazioarteko hainbat buruzagik ere Bacheleten garaipena txalotu zuten. «Txilek nazioartean ematen duen adibide aurrerakoia sendotuko du Bacheleten izendatzeak», esan zuen Hegoafrikako presidente Thabo Mbekik. Demokrazia, emakumearen eskubideak, pobreziaren kontrako borroka eta parekotasunean oinarritutako sistema politikoak aipatu zituen Mbekik jorratu beharreko arlotzat.
«Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasun Komunerako goi ordezkari Javier Solanak honako hau adierazi zion: «Zure garaipenak zure herrialderako eta herrialde iberoamerikarretarako berritutako baikortasuna sendotzen du, erronkaz eta aukeraz betetako garaian».
Erronkak
Hitzarmena koalizioa agintean da Pinocheten diktadura (1973-1990) bukatu zenetik, eta Bacheletek Lagos presidente eta alderdikidea ordezkatuko du. Alderdi Sozialistaz gain, PRSD alderdi erradikala (liberala), PPD Demokraziaren Aldeko Alderdia (sozialdemokrata) eta PDC Alderdi Demokrata Kristaua daude Hitzarmena koalizioan.
Bacheletek izango dituen erronken artean, besteak beste, hauteskunde sistema proportzionala ezartzea, diktadura garaitik oraindik indarrean dauden lan arloko legeak aldatzea (negoziazio kolektiborako eskubidea eta greba eskubidea gauzatzeko), gutxieneko pentsioen igoera, ingurumena babestea eta diktadura garaiko torturatzaile eta hiltzaileen zigorgabetasunari aurre egiteko konpromisoa gauzatzea daude. Gainera, auzoko estatuekin, batez ere Boliviarekin, Santiagok dituen harreman gorabeheratsuak hobetzea eskatuko diote txiletar eta hegoamerikar askok.
Bachelet: «Estilo parte-hartzailea duen gobernua bultzatu nahi dut»
Hitzarmena gobernu koalizioko burua lehen emakume presidentea izango da; martxoan hartuko du kargua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu