Txile

Bachelet, ezberdintasunak murrizteko prest

Aise irabazi ditu Txileko hauteskundeak hautagai sozialistaren NM Gehiengo Berriak, bigarren itzulian, botoen %62 eskuratuta. Abstentzioak ilundu ditu, ordea, emaitzok: ia %60k ez dute botorik eman.

2013ko abenduaren 16a
15:45
Entzun

Ezustekorik gabe, MIchelle Bachelet bigarren aldiz izango da Txileko presidente. 2006tik 2010era Moneda gidatu zuenak ondotxo daki zeri aurre egin beharko dion. Hezkuntza sistema doakoa izatea nahi du, txiletarrek ikasteko ordaindu behar izaten baitute, eta asko. Horrez gainera, osasun sistemak ere buruko minak ematen dizkio, eta konstituzioa ere Augusto Pinocheten iraganari lotuegia dago, sozialisten ustez. Ordea, horretarako ez zuen beharrezko gehiengoa lortu Kongresuan, hauteskundeen lehen itzulian. Indartsu, baina aldaketa handiak egiteko oztopo askorekin hasiko du legealdi berria.

Evelyn Matthei kontserbadorea atzean utzi du, botoen %38rekin, baina Txilen inoiz inork irabazi duen aldea izanda ere, botoa ematera joan ez direnen kopurua ere kezkagarria da, ia %60, botoa ematea borondatezkoa izan den lehen hauteskundeotan. Orain arte derrigorrezkoa zen, behin botoa emateko izena emanda.

Koalizio zabalak aginduko du datorren legealdian, Demokrazia Kristauetik Alderdi Komunistaraino, Bacheleten agindupean, baina, politikagintza urrun sentitzen dute txiletarrek, horra hor ia %60ko abstentzioa, eta hori kontuan hartuta gobernatu beharko dute. Oposizioak esana du presidenteak kanpainan agindutako aldaketak leuntzeko mezua dela abstentzio handiarena, aldaketa politiko eta sozial sakonak agindu ditu eta.

Hala ere, Piñera kontserbadoreak 100.000 boto gehiago soilik lortuta agindu du azken urteotan, eta, gainera, ordukoetan derrigorrezkoa zen botoa ematea.

Aldaketak

Gehiengo Berriak, ordea, aldaketak egiteko baliatuko du legealdia, uzten dioten neurrian, eskuinak bi hamarkadatan jarritako blokeoa gainditzeko asmoz. Bi ganberetan ordezkaritza zabala lortu zuen joan den azaroaren 17an, lehen itzulia ere egin zen egunean, eta erreforma handiak iragarri ditu, besteak beste hezkuntzan, gaur egun unibertsitatera joateko gazteek zorpetu egin behar izaten baitute, oso garestia delako. Azkenaldian Txilen izugarrizko protestak egin dituzte horren harira, eta Bacheleten koalizioan ere ikasleen ordezkariak sartu dira. Pinocheten garaiko konstituzioa aldatzea ere izango da legealdiko ardatzetako bat, baina zaila izango du, gehiengo koalifikatua behar baita horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.