Bagdadeko auzo sunita bat hesitzen ari dira AEBak, «erasoak eteteko»

Xiita eta sunita askok hesia gaitzetsi dute; Etxe Zuriak adiskidetze prozesua bizkortzeko eskatu dio Iraki

2007ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Bagdadeko Adhamia auzo nagusiki sunitaren inguruan porlanezko hesia -- bost kilometro luze eta lau metro garai izango dena-- eraikitzen hasi da AEBetako armada. Adhamia xiitak nagusi diren auzoez inguratuta dago, eta AEBen asmoa bada ere hesiarekin «erasoak etetea», dagoeneko hainbat herritarrek hura gaitzetsi dute, eta ghettoak eta «herritarren arteko bereizkeria» eragingo dituela salatu. Hain justu, eta hesiaren ondorioekiko kontraesanean, AEBetako Defentsa idazkari Robert Gatesek irakiarren arteko adiskidetze prozesua «bizkortzeko» eskatu zion atzo Irakeko Gobernuari.

Hesiaren eraikuntza lanak iragan apirilaren 10ean hasi zituen AEBetako armadak. Hesia bukatzean sarrera-irteera puntu bakan batzuk geratuko dira, Irakeko soldaduen kontrolpean. AEBen arabera, «indarkeria sektarioaren zikloa hausteko [AEBek gidatutako] koalizioak eta Irakeko [Gobernuaren] indarrek duten estrategia berriaren pieza nagusietako bat» da porlanezko hesia.

AEBetako armadak esan du hesiaren asmoa ez dela hiriburua komunitate berezituetan banatzea. Halere, Irakeko Gobernuak, AEBen laguntzarekin, joan den otsailean indarrean ezarri zuen Legea Ezartzen Dugu segurtasun planari jarraiki hainbat hesi, barrikada eta kontrolgune ezarri dituzte hiriburuan barrena. Lehenagotik ere leherketen kontrako murruz eta bestelako hesiz beteta dago Bagdad, eta okupazio indarren egoitza nagusia eta Irakeko Gobernua eta Legebiltzarra biltzen dituen Eremu Berdea-ren inguruan murru handia eraikia dute.

Hil honen hasieran auzoak ixten hastean iturri militarrek azaldu zutenez, egitasmoaren helburua «erresistentziako ekintzaileak auzo horietatik kanpo» edukitzea da, eta «sartzen saiatzen direnean haiek identifikatzea errazagoa izatea». Bagdadeko merkatu nagusietan eta auzo xiitetan jarri zuten martxan egitasmoa, baina Adhamia auzo sunitara ere iritsi da neurria. Gainera, The Wall Street Journal egunkariak hilaren hasieran jakinarazi zuen Bagdadeko hegoaldeko auzo sunita batean, Al Duran, ere antzeko hesi bat altxatzen hasi zirela.

Taktika hori Talafar hirian ere baliatu zuten 2005ean, baina porrot egin zuen. Hiria «normaltasunera» itzuli arren, hilabete batzuk geroago erresistentziak hiriaren kontrola berreskuratu zuen.

Okupazioaren ondoren piztutako indarkeria dela eta hiriburuko herritar askok beren ohiko etxebizitza eta auzoak utzi eta beren komunitatea indartsuagoa den eremuetara aldatu da, babes bila. Hala, duela gutxi arte mistoak ziren auzo asko nagusiki xiitak edota sunitak dira orain. Oso auzo misto gutxi geratzen dira. Musulmanez gain, kristauak gehienbat Karrada auzoan geratzen dira. Hiriburuko beste komunitateei -siriar, armeniar eta abarren - informazio gutxi dago.

Adhamiako murruaz mintzo, auzoko dendari Abu Ahmedek honako galdera pausatu die agintariei: «Gu hainbat kantoi sektariotan banatzen saiatzen ari zarete?». Haren iritziz, neurri horrek «gerra sektarioa sakondu eta adiskidetzera bideratutako eginahalak zapuzteko» soilik balioko du. Abu Kusai botikariak Israel Zisjordanian barrena eraikitzen ari den hesiarekin alderatu du Adhamiakoa, eta kexatu da hesiak itxi egin diola auzoko kebab jatetxerako bidea.

Reference webguneak dioenez, Adhamia erresistentziaren eta AEBetako indarren arteko borroka askoren lekua izan arren, «auzotarren gizatasuna agerian» geratu zen 2005eko irailean «ehunka xiiten biziak salbatu zituztenean».

Tigris ibaiaz bestaldeko Kadhimia auzoko mezkita xiitatik Imamen zubian izualdi batek -bonba ohar baten ondorioz piztua- harrapatutako erromesak ibaira jauzi egiten hasi ziren, zanpatu ez zitzaten. Asko ito egin ziren, baina Adhamiako auzotar askok beste asko salbatzea lortu zuten, uretara murgil eginda. Izualdi hartan 900 erromes hil ziren, Irakeko Barne Ministerioaren arabera.



PENTAGONOAREN ADIERAZPENA. AEBetako Defentsa idazkari Robert Gatesek esan duenez, Irakeko prozesu politikoaren arabera erabakiko du Etxe Zuriak, datorren udan, Irakera bidali dituen tropa gehigarrietako zati bat etxera itzularazi edo ez. «Irakekiko gure konpromisoa epe luzerakoa da, baina ez mugagabea».

Haatik, AEBetako Senatuko gehiengo demokratako buru Harry Reidek esan du «Irakeko gerra galduta» dagoela, eta ez duela deusetarako balioko AEBek tropa gehiago bidaltzea.

Iraken barrena izandako erasoetan AEBetako lau soldadu hil eta beste bi zauritu zituzten. Bagdaden gutxienez bi ekintzaile hil zituzten, eta Poliziak 20 gorpu aurkitu zituen. Gainera, Mosul hirian (Iraken menpeko Kurdistan) 130 polizia irakiar eraman dituzte erietxeetara, jaki pozoituengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.