Protestak Iraken

Bagdadeko kaleak hartu dituzte manifestariek, etxeratze aginduari aurre eginda

Dagoeneko 30 inguru dira hildakoak. Lehen ministroak "denbora" eskatu die bere dimisioa galdegin dutenei, eta gutxieneko errenta bermatuko lukeen lege proiektu baten alde egin du.

Hainbat lagun zauritutako gazte bat besoetan dutela, Bagdaden. MURTAJA LATEEF, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko urriaren 4a
12:41
Entzun

Ezinak bultzatuta irten ziren kalera, egoera ekonomikoari erantzuteko. Itxura guztien arabera, nor bere kabuz, eta ez inoren deialdiari erantzunez. Baina denek dute motibazio bera: Adel Abdel Mahdi lehen ministroak dimititzea. Hura egiten dute langabezia handiaren eta soldata apalen erantzule. "Hemen jarraituko dugu gobernua desegiten den arte. 18 zentimo ditut poltsikoan, eta haiek, aldiz, milioiak irabazten ari dira", azaldu die 22 urteko ikasle batek Bagdadeko Tahrir plazan bildutako kazetariei.

Hiriburuan eta xiitak gehiengoa diren hegoaldeko hirietan zabaldu dira protestak. Duela bost egun hasi ziren, eta geroztik gutxienez 30 pertsona hil dira horietan, gehienak manifestariak. Agintariek etxeratze agindua ezarri dute hiriburuan, eta soilik anbulantziek eta erromesek dute kalean ibiltzeko baimena. Segurtasun indarrek itxi egin dituzte hiriburuko kale nagusiak, eta Internet ere mugatua dute erabiltzaileek, manifestariak antola ez daitezen.

Baina, hala ere, manifestariak kalera irten dira, eta segurtasun indarrek haien auka jo dute. Lekukoen arabera, elkartutakoen aurka egin dute tiro. Mahdik duela urtebete kargua hartu zuenetik egin diren protesta gogorrenak dira aste honetakoak. Horiek amaitze aldera, lehen aldiz, gutxieneko errenta bermatuko lukeen lege proiektu bat iragarri du gobernuburuak.

Dimititzeko eskatzen diotenei, berriz, "pazientzia" eskatu die, argudiatuz "denbora" beharko dela arazoak konpontzeko. "Protestak hasi baino lehenagotik ere kontuan hartzen genituen zuen eskariak", adierazi du Mahdik.

Aldi berean, gobernuak azken urtean egin duen lana goraipatu du lehen ministroak, eta herritarrei ohartarazi die manifestazioak gelditu ezean "hondamendia" ekarriko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.