Eraso handiena, dena den, hiriburuko hego-mendebaldean dagoen Al Amel auzunean izan zen. Agintariek ur ponpaketarako eraikuntza bat zabaltzen ari ziren, eta antza, herritar ugari hurbildu zen inaugurazio ekitaldira. Memento horretan erresistentziako kideek granadak jaurti zituzten. AEBetako Armadako konboi bat bertatik pasatu eta zaurituak artatzeko gelditu zen. Ekintzaile suizida batek bonba-auto bat zartarazi zuen une horretan jendetzaren aurrean. Erasoan, gutxienez, 41 pertsona hil ziren ekintzailea barne. Iarmuk ospitaleko iturrien arabera, hildakoen artean hainbat adinetako 37 umeren gorpuak zeuden. «Orain arte 41 pertsonaren gorpuak jaso ditugu, tartean hiru gizonezko eta bi emakumezko daude; gainerako guztiak haurrak dira», esan zuen Nagi Txitxane medikuak. Irakeko Barne Ministerioko bozeramaile Saba Kazemek hildako gehienak umeak zirela berretsi zuen. Khark ospitalean zaurituak baino ez zituztela jaso esanzuen Sarmad Rahim medikuak.Irakeko okupazioa abiatu zenetik atzokoa izan zen erasoen ondorioz haur gehien hildako eguna. Erasoan beste 130 pertsona zauritu ziren, tartean hamar soldadu estatubatuar.Talafar hirian, iparraldean, beste bonba-auto bat zartarazi eta gutxienez lau irakiar hil ziren. Autoa urrutiko kontrolez leherrarazi zuten hiriaren erdigunean dagoen Al Rahman kalean eguerdi aldera. Memento horretan poliziaren autoa igarotzen zen bertatik. Talafarreko ospitaleko Fauzi Ahmad medikuak jakinarazi zuenez gutxienez hamasei pertsona zauritu ziren erasoan.Washingtonek, bestetik, Faluja hiriaren ipar-mendebaldean dagoen Dubat auzunea bonbardatu zuen atzo beste behin. Bonbardaketen ondorioz hiru pertsona hil, bi emakume eta haur bat, eta beste sei zauritu ziren. Okupazio indarren ustetan Al Kaeda erakundeko Abu Musab Al Zarkauiren taldeko ustezko kideak ezkutatzen dira eremu horretan. AEBetako zerbitzu sekretuen arabera «bonbardaketa zehatza» izan zen eta soilik etxe bat suntsitu zuten. Ustezko ekintzaileek okupazio indarren eta irakiarren kontrako erasoak prestatzeko baliatzen zuten eraikina zerbitzu sekretuen ustez. Mosulen, berriz, bi polizia hil ziren erresistentziako kideek euren autoaren kontra tiro egin ondoren. Mosulgo Muzahem Abdala Txommari koronelak hildakoetako bat Gassan Hamdi Sale komandantea zela jakinarazi zuen.
Erresistentziaren 80 eraso egunero
Special Operations Consulting enpresa estatubatuarraren arabera, erresistentzia irakiarrak bataz beste 80 eraso egin ditu egunero azken hilabetean. Enpresak egin duen ikerketan, orotara, erresistentziak 2.300 eraso egin dituela zehazten da. Aurreko hilabetean, berriz, eraso kopurua mila ingurukoa izan zen, hartara, ekintzak areagotzen ari direla ondorioztatu dute. Txostenaren arabera, gainera, erresistentziak herrialde osoan egiten ditu erasoak, Kurdistanen izan ezik.
Irakeko segurtasun indarrak trebatzeko, bien bitartean, hiru mila soldadu beharko dituela adierazi zuen NATOko James L. Jones jeneralak. Nazioarteko Ikerketa Estrategikoen Zentroko ikerlariaren arabera, segurtasun indar irakiarrak trebatzeko prozesua uste baino polikiago doa, eta, bere ustetan, zaila izango da hurrengo urterako prest izatea.Elikagaien Munduko Programak helarazi txostenaren arabera, bestetik, irakiarren %25k erakundeak banatutako janariari esker bizi dira herrialdean. 2,6 milioi irakiarrek jasotako elikagaiaksaldu eta dirua sendagaiak eta arropa erosteko baliatzen dutela ohartarazi zuen erakundeak.
-
Datua
436
Iraki 436 milioi dolarreko mailegua ematea onartu zuen atzo Nazioarteko Diru Funtsak. Irakeko behin-behineko gobernuak erakundeari zor zizkion 81 milioi dolar bueltatu zizkion iragan ostiralean. Washingtonek herrialdearen 120.000 milioi dolarreko kanpo zorraren %90 barkatzea nahi du. Bihartik igandera bitartean, Washingtonen bilduko dira proposamen hori aztertzeko Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua eta G7 taldea osatzen duten herrialdeetako finantza ministroak.