Italia

Bahiketa egotzita epaituko dute Matteo Salvini

Open Arms itsasontziari portuan sartzea debekatu zionean pertsonen bahiketa delitu bat egin zuela egotzi diote. Irailaren 15ean hasiko da epaiketa.

Salvini, irudian ezkerretera eta behean, goiz honetan Parlemoko Auzitegian egin duten saioan. ORIETTA SCARDINO / EFE
mikel p ansa
2021eko apirilaren 17a
19:06
Entzun

Open Arms ontzian 150 migratzaile inguru erreskatatu zituen 2019ko abuztuan, eta hiru aste egin zituzten portu seguru batean ontziratzeko itxaroten. Muturreraino behartu zuen egoera Matteo Salvinik, Lega eskuin muturreko alderdiaren buru eta orduan Barne ministro zenak.

Itxaroten bi aste pasatu eta gero, Espainiako Gobernuak portu bat eskaini zuen, baina ukatu egin zuten, bidaia luzeegia zatekeelako eta ontzian zeudenak leher eginda zeudelako ordurako. Migratzaileen ia erdia taldeka porturatzen joan ziren, egoera fisiko larrian zeudelako. Abuztuaren 20an bukatu zen gatazka, fiskaltzak portura joateko baimena eman zienean.

Oscar Campsek, Proactiva elkarteko sortzaileak —hark kudeatzen du Open Arms ontzia—, uste du «aurrekari historiko eta juridiko bat» jarri duela Palermoko auzitegiak, Salvini auzipetzea erabakita. «Sententzia edozein dela ere, epaiketa hau itu bat da egiazko auziak argitara ateratzeko eta portuak ixtearen erantzuleak epaitegietako eserlekuetara eramateko».

Campsen hitzetan, gobernuek ezin dute giza eskubideen eta bizitzaren errespetuaren gainetik egon, eta epaiketak balio dezake hori agerian jartzeko. Espero du epaiketak balioko duela bizitzak salbatzeko eta Europaren migrazio politikak agerian uzteko. «Denborak gure lekuan jartzen gaitu guztiok».

Palermoko Fiskaltzak auzitara eraman zuen Salvini, bahiketa leporatuta, eta larunbat honetan epaile batek erabaki du Barne ministro ohia auzipetzea. Salvinik berak hitza hartu du, bere burua babesteko: adierazi du gobernu osoaren erabaki bat izan zela, eta berak Italiaren mugak «babestu» besterik ez zuela egin.

Salvini: «Harro nago»

Ez du damurik batere agertu Salvinik, epaileak auzipetzeko erabakia hartu duela jakin ostean: «Ez nago kezkatuta. Nire betebeharra da aberria defenditzea, eta hori egin dut. Harro nago egin nuen hartaz, eta berriro egingo nuke».

Open Arms ontzia kudeatzen duen gobernuz kanpoko erakundearen (GKE) kontra ere ekin dio: «Ez da salbamenduaz arduratzen den GKE bat, politika egiten duen GKE bat da». Migratzaileak ez zituela berak bahitu ere adierazi du, Open Arms ontzikoek bahitu zituztela; ontziak beste edozein herrialdetara jo zezakeela erantsi du.

Salvinik gogora ekarri du 2019ko uztailean ontzi militar bati ere debekatu ziotela Catanian porturatzea, eta hango auzitegi batek berriki artxibatu egin duela auzia, Palermon gertatu ez dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.