BAHIKETA INDIAKO OZEANOAN. Erreskate operazioaren zain dago 'Alakrana' ontzia Indiako Ozeanoan

Bermeoko atunontziko 36 arrantzaleak «onik» daudela adierazi du Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuak

Jon Rejado.
Gasteiz
2009ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Alakrana Bermeoko atunontzia erreskate operazioaren zain dago Indiako Ozeanoan, atzo goizean piratek Somaliatik 375 miliara bahituz geroztik. Etxebastar Fleet enpresako ontzian 36 arrantzale daude, eta horietatik zazpi Euskal Herriko arrantzaleak dira. Horietatik bi gutxienez Bermeokoak dira, Busturialdeko Hitza-k jakinarazi duenez: Iker Galbarriatu kapitaina eta Angel Mari Diego sukaldaria. Ontzian Galiziako bederatzi arrantzale daude, Indonesiako zortzi, Boli Kostako bi, Ghanako lau, Senegalgo hiru, Malaysiako bi eta Seychelleetako arrantzale bat.

Espainiako itsas armadako Canarias fragata izango da Bermeoko atunontziaren erreskate operazioaren burua, betiere Atalanta misioaren barruan. Alakrana-tik 35 ordura zegoen atzo, Jaime Dominguez Puj Espainiako Defentsako Estatu Nagusiko operazioen buruak azaldu zuenez. Ontziaren bahiketa atzo 09:58ean konfirmatu zutela kontuan hartuta, gaur 21:00 aldera hel daiteke hara, aintzat hartuta bidean erregaia hartu beharko duela. Fragataz gain, Atalanta misioan parte hartzen duten bi hegazkinek lagunduko dute erreskate lanetan.

Piratek itsasontzia nora eramango duten ez zegoen argi lerrook idazteko orduan. Hala, Bermeoko arrantza sektoreko iturrien arabera, atunontzia Somaliarako bidean zegoen, piraten gidaritzapean. Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordearen arabera, Tanzaniara bidean izan liteke. Dena den, Azkuek adierazi du oraindik goizegi dela ezer zehazteko, eta oraindik ez dagoela nahikoa informazio norabide bat baieztatzeko.

Zauriturik ez

Alakrana barruan doazen arrantzaleen artean zauriturik ez dagoela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Arrantza, Nekazaritza eta Ingurumen sailburua Pilar Unzaluk, atzo egindako presazko agerraldian. «Onik daude», adierazi zuen, gehiago zehaztu gabe. Horrez gain, Espainiako Gobernuarekin etengabeko harremana izaten ari direla azaldu zuen, gertatzen ari denaren berri izateko.

Unzaluk babes osoa eskaini die arrantzaleen senideei, eta hartuko diren neurriekin uste osoa izateko eskatu die. Senideen kezkak argitu ahal izateko eta laguntza emateko egun osoan erabilgarri egongo den telefono zenbaki bat jarri dute (900-84 01 20). Euskal Herriko arrantzaleez gain, Galiziako Xuntarekin harremanetan dagoela jakinarazi du Unzaluk, bederatzi arrantzale galiziarrak direla eta.

Atzo ez zen egon harremanik ez piratekin ezta arrantzaleekin ere. Unzaluk aurreratu zuen «konponbide korapilatsua» izango duela bahiketak. Playa de Bakio atunontziaren bahiketan akordio batera heltzeko sei egun behar izan zirela gogorarazi zuen. Jon Azkue Arrantza sailburuordeak gaineratu zuen inoiz ez dela zauriturik ez hildakorik egon horrelako bahiketetan, eta argitu zuen Somalia inguruan 200 eraso baino gehiago egon direla azken hamabost urteetan». Horrez gain, Unzaluk ezeztatu zuen piratek atzo bahitu zuten Alakrana atunontziak duela hilabete eraso bat jaso izana. AlakranaII izeneko ontziak jaso zuen erasoa, Unzaluren arabera.

Alakrana-k hartzen duen norabidearen zain daude bai Eusko Jaurlaritza eta bai Espainiako Gobernua, erabakiak hartzeko. Bitartean, hartarako baliabideak prestatzen hasiak dira biak. Jaurlaritzak Krisi Batzordea eratu zuen atzo goizean, albistearen berri izan bezain pronto. Espainiako Gobernuak Koordinazio Batzordea eratu zuen, eta atzo arratsaldean bildu zen, lehen urratsak zehazteko.

Espainiako Gobernuak Somaliako agintariekin «elkarrizketa bideak» hastea erabaki zuen bileran. Erreskaterako operazioa Atalanta misioaren ardura dutenen esku utziko dutela nabarmendu zuten. Bitartean, bahitutako marinelen senideekin eta ontziaren jabearekin harremanetan jarraitzen du. Jabeak Nairobira bidaiatu du, pauso guztiak gertutik jarraitzeko.

05:30ean, alarma

Euskal Herrian goizaldeko bostak eta erdi zirenean piztu zen alarma Atalanta misioaren barruan, Eusko Jaurlaritzak jakinarazitakoaren arabera. Europako Batasuneko misioak Somalia inguruan arrantzan dauden ontziekin kontaktatzeko erronda egitean, ez zuten Alakrana-ren erantzunik jaso. Orduan hasi zen atun itsasontziaren egoeraren berri izateko protokoloa.

Unzaluk azaldutakoaren arabera ontziaren kutxa urdina aztertu zuten -hegazkinen kutxa beltzaren modukoa-, itsasontziaren norabidean eta abiaduran aldaketarik ote zegoen zehazteko. Luxemburgoko bi hegazkinek gunea ikuskatu zuten, eta itsasontzia bahituta egon zitekeen zantzuak sumatu zituzten. Horren ostean, zaintzen ari zen Espainiako hegazkin batek armak zituzten bi pertsona ikusi zituen itsasontziaren bizkarrean, eta hamabost erregai andel zituen ontzi txikiago bat zeramala lotuta. Orduan baieztatu zuten ontzia bahituta zeukatela.

Unzaluk azaldu zuenez, Alakrana Somaliako kostaldetik 375 miliara eta Seychelleetatik 415 miliara zegoen piratek ontzia indarrez hartu zutenean. Atalanta misioak zehaztutako segurtasun eremutik kanpo zegoen Alakrana atunontzia erasoa gertatu zenean, Espainiako Defentsako Estatu Nagusiko operazioen buru den Jaime Dominguez Puj jeneralak azaldu zuenez. «Norbera bere ekintzen erantzule da», adierazi zuen atzo eginiko agerraldian.

Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordeak ez zuen gai horretan sartu nahi izan, Euskadi Irratian egindako adierazpenetan. «Oso argi daukagu nazioarteko uretan gertatu dela gertatu dena, eta orain eremuaren inguruko eztabaidan hastea zentzugabekeria da». Garrantzitsuena arrantzale guztiak onik erreskatatzea izan behar dela gaineratu zuen.

Piratek atunontzia asaldatu aurretik Alakrana-k inguruan zeuden itsasontziak ohartarazteko tartea izan zuen, informazio agentzien arabera. Inguruan zeuden itsasontzi gehienak Euskal Herrikoak eta Galiziakoak dira.





Somaliakoitsaslapurren auzia

'PLAYA DE BAKIO', LEHEN ALARMA

2008ko apirilaren 20a. Bermeoko (Bizkaia) Playa de Bakio atun itsasontzia bahitu zuten Somaliako kostaldetik 250 itsas miliara. 26 marinel zihoazen ontzian. Bahitzaileek dirua nahi zuten. Urtebete lehenago, EAJk Espainiako Kongresuan eskatu zuen babesa indartzeko.

2008ko apirilaren 24a. Negoziazioak hasi ziren.

2008ko apirilaren 26a. Aske utzi zituzten 26 marinelak, onik.

2008ko apirilaren 29a. Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa hasi zuen, bahiketan erreskaterik ordaindu zuten argitzeko. Ontziko marinelak galdekatu zituzten.

NOIZEAN BEHIN, ABISUAK

2008ko abenduaren 8a. Europako Batasunak piratei aurre egiteko misioa jarri zuen abian.

2009ko martxoaren 13a. Felipe Ruano euskal arrantzontziak ihes egin zien piratei.

2009ko apirilaren 23a. NBEk eta EBk laguntza agindu zioten Somaliari, arazoa konpontzeko.

HIRUGARRENEAN BAI

2009ko irailaren 3a. Alakrana ontziak ihes egin zien piratei. Hilaren 7an Bermeoko beste ontzi batek ere alde egin zien.

2009ko irailaren 22a. Soldaduak ontzietan eramatea atzera bota zuen Kongresuak.

2009ko urriaren 2a. Alakrana ontzia bahitu zuten piratek.

Batere kontrolik eta aginterik gabeko herrialdea da Somalia

1991. urteaz geroztik, estatu batasuna galdua du Somaliak. Haren barruko hainbat lurraldek independentzia aldarrikatua dute, baina nazioarteko herrialdeek ez dituzte aintzakotzat hartu. Somaliako Gobernua ez da gai lurralde osoa kontrolpean hartzeko, eta klanen arteko borrokak dira nagusi.

200

Azken 15 urteetako bahiketak. Piratek 200 arrantzontzi baino gehiago bahitu dituzte azken 15 urteetan Somalia inguruko uretan. Bahiketa luzeak izan dira batzuk. Abuztuan, esaterako, zazpi hilabete bahituta zeramatzan ontzia askatu zuten piratek, erreskatea kobratuta.



«Gure arrantzaleek jasaten dituzten arriskuak agerian geratu dira; ezinbestekoa da segurtasuna handitzea»

Patxi Lopez
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.