Protestak herrialde arabiarretan

Bahrainen larrialdi egoera ezarri dute, atzerriko tropak sartu ondoren

Salbuespen neurria hiru hilabetez egonen da indarrean; «beharrezko neurri guztiak» hartzeko baimena dute militarrekIstiluetan manifestari bat eta polizia bat hil dira Sitran, herrialdearen mendebaldean

mikel rodriguez
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Bahrainen atzerriko tropak sartu eta 24 ordu eskasera, gobernuak bertze erabaki garrantzitsu bat hartu du oposizioaren protestak isilarazteko helburuarekin. Hiru hilabetez indarrean egonen den larrialdi egoera ezarri du Hamad ibn isa al Khalifa erregeak. Militarrei baimena eman die «beharrezko neurri guztiak» hartzeko, «herrialdearen eta herritarren segurtasuna» babesteko. Protestak iragan otsailean lehertu ziren herrialdean, erreforma politikoak aldarrikatu eta gehiengo xiitaren bazterketa amai dadila eskatzeko. Sektore batek ere monarkia bukatzea aldarrikatu du. Bederatzi lagun hil dira orduz geroztik, azken biak atzo.

Al Khalifa erregearen ustez, protestek arriskuan paratu dituzte «herritarren bizitza eta ondasunak», eta militarrei eskumena eman die larrialdi egoera betearazteko Polizia, Guardia Nazionala eta «behar izanez gero bertze indarrak» erabiltzeko.

Erabakia jakin ondoren, oposizioko zazpi alderdi nagusiek eta herrialdeko sindikatu zabalenak erregimenak hartutako «aukera militarra» salatu dute. «Hilketek eta segurtasun neurrien gorakadak elkarrizketa suntsitu dute, eta herrialdea armadaren eta atzerriko tropen esku utzi dute». Horregatik, oposizioak esku hartzeko deia egin dio nazioarteari, «Barhaingo herria babesteko bertako eta atzerriko» indar militarretatik.

Otsailaren 14an lehertu zirenetik, protestak ez dira gelditu Bahrainen. Istilurik gogorrenak joan den hilean izan ziren, baina azken egun hauetan berriz ere gogortu dira. Ospitaletako iturrien arabera, manifestari bat eta polizia bat hil ziren atzo Sitran, Manama hiriburutik mendebaldera —otsailaz geroztik istiluetan hildako lehenak dira—. Zaurituak 200dik goiti dira, horietako hamar larri.

Al Jazeera kateak Manamako lekuko bat aipatuz dio Sitrako istiluetan Saudi Arabiako soldaduek tiro egin dietela manifestariei. Bertzelako iturriek, ordea, ez dute hori berretsi, eta Al Jazeeraren berriemaileak berak azaldu du soldadu horien presentzia ez dela «agerikoa» izan orain arte.

«Bake indarrak»

Atzerriko indar horiek GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluak bidalitako tropak dira, Bahraingo Gobernuak hala eskatuta. Saudi Arabiako mila soldadueta Arabiar Emirerri Batuko 500 polizia dira artxipelagora bidalitakoak. Atzerriko indarrak manifestariak zanpatzeko erabiliko dituela ukatu dute Bahraingo agintariek, eta soilik «oinarrizko eraikinak» babestuko dituztela diote —petrolio, argindar eta gas instalazioak eta finantza eta banku egoitzak—.

NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek «kezka» agertu du atzerriko indarrak Bahrainen sartu direlako. NBE gobernuarekin eta oposizioarekin harremanetan dela jakinarazi du. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Hillary Clintonek, berriz, adierazi du «segurtasun gaiekin zerikusia» duten aferek ezin dutela «irtenbide politikoa ordezkatu».

GCC erakundea Bahrainek, Saudi Arabiak, Kuwaitek, Omanek, Qatarrek eta Arabiar Emirerri Batuek osatzen dute. Qatarko lehen ministro Sheikh Hamad bin Jassim Jabr al Thanik adierazi du oraingoz Bahrainera bidali dituzten tropak «bake indarrak» direla eta «indar osoz» esku hartuko duten tropak bidaltzea «eztabaidatzen» ari direla.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.