Herrialde arabiarretako protesta oldeetan hiriburuetako plazak bihurtu dira herriaren elkargune eta askatasun aldarrien sinbolo nagusi. Plaza horiek okupatzea izan da bai Tunisian bai Egipton diktadoreak bidaltzeko bidea. Gainerako erregimenek, beraz, arreta berezia paratu dute plaza sinbolikoak husten, oposizioa bertan indartu ez dadin. Bahraingo Manama hiriburuan Lulu plaza —perla arabieraz— izan da manifestarien eta gobernuaren arteko lehiaren erdigunea. Iragan ortzegunean agintariek armada atera zuten karriketara, eta manifestariak Lulu plazatik bidali zituzten. Ortziralean galdutako tokia berreskuratzen saiatu ziren oposizioko jarraitzaileak, baina militarrek tiroka erantzun zieten —lagun bat hil zuten—. Atzo, ordea, gobernuak gibelera egin, eta armada karriketatik ateratzea erabaki zuen. Horren ondorioz, herria berriz ere jabetu da Lulu plazaz.
Berri agentzien arabera, 15.000 lagun inguruk okupatu dute berriz ere Manamako plaza. Horietako batzuek kanpadendak ezarri dituzte, eta gobernuak erreformak abiarazi eta herritarren bizi-baldintzak hobetzeko neurriak hartu arte ez direla joanen adierazi dute. Hala ere, armada erretiratu ondotik manifestariek ez dute berehalakoan lortu plazan sartzerik, Polizia oldartu egin baitzaie. Negarra eragiteko gasa jaurti die, eta tiro hotsak ere entzun dira, agentziek jakinarazi dutenez. Hainbat oldarraldiren ondotik, Poliziak eremua utzi du, eta manifestariak Lulu plazara sartu ahal izan dira.
Poliziaren jarrerak zerikusia izan dezake Bahraingo erregearen oinordeko Salman ibn Hamad Isa al Khalifa printzearen eskariarekin. Poliziari eta manifestariei «bilkura guneak» uzteko galdegin die, «borrokak saihesteko». Oinordekoaren ustez, herrialdea «normaltasunera» itzultzen hasi da, eta beharrezkoa ikusi du «alde guztiek iritziak erantzukizunez eta emankortasunez» proposatzea. Hala ere, gobernuak «segurtasuna eta egonkortasuna» bermatzeko betebeharra duela adierazi du printzeak, «liskar sektarioak» saihesteko eta egoera «lehengora» ez itzultzeko.
Protestak hasi zirenetik, «sektarismoa» behin baino gehiagotan aipatu dute agintariek. Izan ere, Bahraingo gehiengo musulmanaren artean xiitak dira gehienak (%70), eta sunitak gutxien (%30). Botere postu nagusiak, ordea, suniten esku daude, eta protestetan gehiengo xiitak bazterkeria salatu eta aukera berdintasuna aldarrikatu du. Gobernuak, baina, «sektarismoa» indartzeko arriskua dagoela adierazi du hainbat alditan.
Erresuma Batuko BBC katearen arabera, monarkia hasi da oposizioko indarrekin elkartzen. Xiiten indar nagusi Uefak alderdiak, ordea, uko egin dio Hamad ibn Isa al Khalifa erregearekin hitz egiteari. Khalil al Marzuk alderdiko buruak adierazi duenez, manifestariek erasorik ez jasateko eta elkarrizketarako «klima egokia» sortzeko «bermeak» nahi dituzte. «Oposizio guztia dago elkarrizketaren alde, duela hamar urtetik eskatu du, baina gobernuak errefusatu du hori».
Etxe Zuriko ohar baten arabera, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obamak Bahraingo erregeari erreforma politikoak abiarazteko eskatu dio, eta manifestarien aurka erabilitako indarkeria «gaitzetsi» du. Oharraren arabera, Obamak istiluen bigarren egunean —otsailak 15— dei egin zion erregeari.
Yemen eta Djibuti
Herenegun bezala, Yemenen istiluak izan ziren atzo gobernuaren aldekoen eta aurkakoen artean. Sana hiriburuko unibertsitatean, Ali Abdala Sale presidentearen aldeko talde batek eraso egin zion oposizioko manifestazio bati, eta lagun bat hil zuten tiroz.
Djibutin ere gobernuaren aurkako protestak egin dituzte urtarrilaz geroztik. Somaliaren iparraldean dago Djibuti, Afrikako Adarrean. Azken berrien arabera, herenegun Poliziak lagun bat hil zuen hiriburuan. Ismail Omar Guelle presidenteak boterea uztea nahi du oposizioak. Guelle sendia 1977tik dago boterean.
Protestak herrialde arabiarretan
Bahraingo herria plazan da berriro
Armada kaleetatik atera du gobernuak, eta, horren ondorioz, Manama hiriburuko Lulu plaza berreskuratu dute manifestariekOposizio xiitako alderdi nagusiak uko egin dio Al Khalifa erregearekin elkartzeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu