Ada Colau (PAH Hipotekak Kalte Egindakoen Plataformako kidea)

"Bakarrik egongo banintz, miserian hondoratua nengoke"

Ez berak eta ez PAH plataformak ez dute politikan parte hartzeko asmorik. Aitzitik, demokrazia osasuntsuak gizarte zibil antolatua eta indartsua behar duelakoan daude, "botere publikoa eta alderdi politikoak zorrotz zaintzeko".

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2013ko ekainaren 9a
09:37
Entzun

Aste honetan Euskal Herrira egin duen bisitan, elkarrizketatu nahi zuten komunikabideekin hitzorduak lotu ezinean ibili da PAH Hipotekak Kalte Egindakoen Plataformako bozeramailea. Donostiako Emakumeen Etxean eta udaletxeko pleno aretoan eskaini beharreko hitzaldien aurretik, Bulebarrean bildutako zahar etxeetako langileek oihu artean agurtu zuten. Ezaguna egin da Ada Colau, berak kolektibo baten ahotsa izatea soilik egokitu zaiola dioen arren.

Orain gutxi, Cornella Hiriko Saria eman diote PAHri, eta hango alderdi popularra sumindu da, plataformaren "jazarpen bidegabeagatik".

Sari horrekin gertatutakoa xelebrea da. Guk sari horri ezetza eman genion, ez baitugu uste instituzioetatik datozen sariak onartu behar ditugunik. Instituzioak legeak aldatzeko interpelatzen ditugu, ez saritu gaitzaten. Borondate ona ulertzen dugun arren, errefusatu egin genuen Cornellako udalaren saria, eta horrek are ulertezinago bihurtzen du alderdi popularraren jarrera. Edonola ere, gertakari hori alde batera utzita, alderdi popularrak zilegitasun handia galdu du, herritarren eskaerari ez erantzunda, eta ez hipotekak kaltetutakoen eskaerari, oro har populazioaren eskaerari baizik. Gure plataformaren eskaerak minimoak dira eta milioi eta erdi lagunen sinadurekin aurkeztu ditugu gainera. Horren aurrean, herriari kasu egin ordez, bankuen presioan jausi dira popularrak, eta arazoa konpontzeari muzin egin diote. Hargatik, euren zilegitasun faltaren arazoa ezkutatzearren, gure plataforma kriminalizatzeko ahalegina egin dute, arreta beste gai batzuetara desbideratzen saiatuz. Baina zorionez, oso sinesgarritasun gutxi dute, eta inkesten emaitzak dira euren porrotaren erakusle.

Periodismo Humano egunkari digitalekoek ere saritu zaituzte eskubide sozialen alde egin duzun lanagatik. Halakoek Espainiako Gobernua mugiarazteko balio dutela uste al duzu?

Sariena da, berez, garrantzi gutxien duena, nahiz eta geroz eta sektore ezberdinagoetatik egiten ari garen lanaren aitortza jasotzea gustuko dugun. Edonola ere, ez dugu espero gobernua guk jasotako sariengatik mugitzerik. Interes politiko eta ekonomiko handiak daude horren guztiaren atzean, eta herri osoaren presioarekin baino ez dugu lortuko gobernuak jarreraz aldatzea.

Maria Dolores de Cospedalen eta Esperanza Aguirreren arabera, espainiarren gehiengoa nazia izango da, zenbait inkestetan herritarren %59k escrache -en alde daudela adierazi dutelako.

Beno, escrache -en kanpaina oso positiboa eta arrakastatsua izan da, hasi ginenean ez genuen uste halako eztabaidarik sortuko genuenik. Ekintza horiekin, diputatu bakoitzaren erantzukizun pertsonala seinalatu nahi genuen. Gure demokrazia honetan, pribilegiozko bizitza duten ehunka diputatu ditugu, jendearen egiazko arazoen inguruan inolako azalpenik emateko erantzukizunik sentitzen ez dutenak. Hori guztia ikusarazteko balio izan digute escrache -ek, eta, noski, alderdi popularreko kideak deseroso sentitu dira.

Zuri zeuri ere eraso egin dizute, eta orain gutxi zure amaren inguruan gaizki esaka aritu dira zenbait hedabide. Nola egiten diozu aurre horri?

Bakarrik egongo banintz, miserian hondoratua nengoke honezkero. Baina gure mugimendua oso indartsua da, eta bertan milaka lagunek parte hartzen dugula kontuan izanda, ez naiz inoiz bakarrik sentitu, eta halako kontuei modu kolektiboan egiten diegu aurre. Egia da eraso gogorrak jasan behar izan ditudala, eta hori ez da atsegina. Baina baliatzen dituztenen ahulezia modura ikusten ditut mehatxu eta eraso guztiak, eta horrek indartu egiten nau. Gainera, plataformaren borroka ez da sakrifizio bat guretzako, ia etsita dagoen jendeari laguntzeak berak energiaz betetzen gaitu egunero.

Horrez gain, azkenaldian politikan parte hartzeko asmoa duzula esan duenik ere bada. Baltasar Garzonekin edo Gaspar Llamazaresekin lotu zaituzte.

Erabat faltsua da gizon horiekin kontaktuak izan ditudala. Ez bata ez bestea ez ditut ezagutzen, eta politika egiteko modu zaharregia iruditzen zait halako kontuekin prentsako tituluak lortzen saiatzea. Zerbait baikorra esatearren, uste dut ona dela instituzioek gure parte hartze politikoa aintzat hartzea, horrek berak argi uzten dituelako krisi instituzionala eta berrikuntzaren beharra. Hargatik, instituzioek gure plataformak edo M-15 mugimendua bezalakoek gizartean eragiten dugula onartzea positiboa da. Baina plataformak edo nik neuk politikan parte hartzeko asmoa dugula esatea gehiegizkoa da. Gure ustez, demokrazia osasuntsu batek beharrezkoa du gizarte zibil antolatu eta indartsu bat, botere publikoa eta alderdi politikoak zorrotz zainduko dituena.

Europako Banku Zentralak ere etxe kaleratzeen aurkako plan zabalago bat eskatu dio Espainiari. Lagungarria al da Europaren jarrera?

Argi dugu bide guztiak jorratzea beharrezkoa dela, eta hemengo egoera nazioartera eramateak lagundu egingo digula. Gehienbat, hemendik kanpoko estatu ultraliberalenetan ere, baditugulako adibideak herritarren zorrei konponbidea emateko mekanismoak jarri dituztenenak. Kanpotik presioa egitea garrantzitsutzat jotzen dugu, beraz. Baina ez dugu uste Europarekiko konfiantza itsua izatea komeni zaigunik. Gure iritziz, Europako Banku Zentrala ez dagoelako kezkatuta gure eskubide sozialekin.

Jende asko erabat etsita joango da zuengana laguntza eske, nola eragiten du horrek egunerokotasunean?

Muturreko egoeretan dagoen jendeak jotzen du gugana. Estatuak modu ofizialean "aholkatutakoa" egiten zuten herritar arruntak ezer gabe geratu dira egun batetik bestera. Normaltzat hartzen zena egin dute: lana egin, familia bat osatu, hipoteka bidez etxebizitza bat lortu, eta egun batetik bestera, dena gain beheran joan da. Lana galdu dute, ezin dute hipoteka ordaintzen jarraitu, etxebizitza galtzeko arriskuan daude, eta, gainera, orain arte ez zekiten arren, bizi osorako zorrarekin geratuko dira. Eta okerrena da estatuak errua eurei botatzen diela, beren posibilitateen gainetik bizitzen saiatu direla esanez. Jendea shock egoeran iristen da gugana, zenbaitek ezin izaten du hitzik ere egin. Beste asko haserre etortzen zaizkigu, inpotentziaz eta amorruz beteta, astakeriak egingo dituztela esanez. Plataformaren lana horri buelta ematea da, sentipen ezkor horiek guztiak baikor bihurtu eta lanera bideratzea. Milaka lagunek lortu dute aurrera egitea, duintasuna berreskuratzea, bizitzak beste aukera bat eman diela sentitzea, eta laguntza jaso dutenez, gainerakoei laguntzeko gogoa piztu zaie.

Asteartean emakumeen parte hartze politikoari buruzko jardunaldietan eman zenuen hitzaldia, Donostiako Emakumeen Etxean. Zein mezurekin etorri zinen?

Aipatu beharreko kontu negatiboak badira, hipoteken arazoak familietako tentsioa areagotzen duelako, eta horrek genero indarkeriaren gorakada dakarrelako. Baina badago alde baikorra ere. Gizarte kapitalista honetan gizonezkoei adjudikatu zaie familiako buru izatearen rola, eta egoera zailetan behera egiten dutenak eurak dira. Ondorioz, familietako emakumezkoei dagokie ez errenditzea, borrokatzea eta familia aurrera ateratzea. Hori da positiboena, modu batera edo bestera emakumeak protagonismoa hartzen ari direla poliki-poliki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.