Jatorri serbiarrekoak gehiengoan diren lurraldeen arteko hiri hau Nazio Batuen bake indarraren babespeko «segurtasun eskualde» izan arren, kasko urdinek ez zuten ezer egin Srebrenicako bizilagunak babesteko. Hurrengo egunetan, hiritik ihes egitea lortu ez zuten biztanleen artean gizonezko gehienak bildu, Srebrenicatik kanpo eraman eta hil egin zituzten indar serbiarrek. Hobi komunetan aurkitu dituzten gorpuen eta gaur egun desagertuta geratzen direnen kopuruen arabera, indar serbiarrek guztira 8.000 lagunetik gora hil zituztela kalkulatzen da. Hortaz, Srebrenicakoa da Bigarren Mundu Gerraren ostetik gertatu den zibilen triskantza handiena. Giza eskubideen defentsarako elkarte serbiarrak plazaratu dituen karteletan Tarik Samara bosniarraren argazki andana ageri da. Batek erakusten du hobi komun batetik jalgitzen den esku baten hezurdura, beste batean ageri da hautsitako haur panpina bat eta hirugarren batean, berriz, hilkutxa multzoa lerro-lerro jarrita. «Kartelak plazaratzearen helburua Srebrenican eta Bosniako beste hainbat lekutan indar serbiarrek zer egin zuten argi agertzea da, jendeak ikus eta jakin dezan eta ez dadin ahaztu», azaldu du Andrej Nosovek. «Hautsita ageri den panpina apurtu den bizi baten irudia da, eta Serbiako herriari bidali nahi diogun mezua zera da: heroiek ez dute halakorik egiten; honelakoak egiten dituztenak kriminalak dira».
Serbiarren ukapena
Hamar urte igaro direla, Serbiako herritar ugarik uko egiten diote Srebrenican populazio zibilaren aurkako sarraskia izan zela aitortzeari. Bosniako gerran serbiarrak ere biktimak izan zirela aldarrikatzen dute. Hala, Belgradeko Vecernje Novosti egunkariak 1992tik 1995eko abendua arte bosniar musulmanek ustez hildako 3.217 serbiarren izenak eta argazkiak plazaratu zituen joan den astean. «Euren bizitzek eta heriotzek Bosniako errepublika serbiarraren oinarriak sendotu dituzte», zioen egunkariak.
Serbiako indar politiko batzuek giza eskubideen defentsarako eta gobernuz kanpoko erakundeen jarduerak salatu dituzte. Serbiako Alderdi Erradikalak (SRS), Serbiako Alderdi Demokratikoak (DSS) eta Serbiako Alderdi Sozialistak (SPS), esaterako, «Serbiaren aurkako kanpainak» bultzatzea egotzi diete gobernuz kanpoko erakundeei. «Erakunde hauen diru iturriak zein diren jakinez gero, euren agintaritza guneak geure herrialdetik kanpo daudela esan daiteke», adierazi du DSSko Dragoljub Kojcic diputatuak. Serbian gaur egun agintean den Alderdi Demokratikoak (DS), haatik, nazionalisten jarrera horiei aurre egin die. Ustezko gerra kriminalak atxilotuko dituztela nabarmendu du alderdi horretako diputatu Dusan Petrovicek: «Gerra kriminalak atxilotzeko eta epaitzeko egingo ditugun ahaleginei lotuta dago Serbia Europako Batasunean sartzea egun batean; ez da egia gobernuz kanpoko erakundeek Serbiaren aurkako kanpaina daramatenik; gerra krimenak ustez egin zituztenak epaitzea helburu duen jarduera ez daiteke Serbiarentzat kaltegarria izan».
Srebrenicako Amen gaitzespena
Inkestek nabarmendu dute Serbiako herritarren gehiengo zabalak ukatzen duela 1990eko hamarkadan Kroazian, Bosnian eta Kosovon izandako gerran indar serbiarren oldar egiteak izan zirela eta garbiketa etnikoa helburu zutela.
Hildakoen eta desagertuen senideak biltzen dituen Srebrenicako Amak elkarteak jakinarazi du Serbiako presidente Boris Tadici debekatzen diola sarraskiaren oroitarri bat eraiki duten Potocari herrira joatea bihar, triskantzaren 10. urteurrenekoekitaldietara. Bosniako Presidentetzak, baina, joateko gonbita egin dio.
«Boris Tadicen etorrera onartzearren, exijitzen dugu aitor dezan Serbiak jazarri zuela Bosnia eta indar serbiarrek genozidioa egin zutela Srebrenican, baita krimenak egin eta ezkutatu direnak lehen baino lehen Nazioarteko Auzitegiaren esku ezarriak izan daitezen ere», zioen Srebrenicako Amak elkarteak zabaldutako agiriak. «Damu adierazpenik eta barkamen eskerik ez dugu behar; eskatzen duguna da krimen egileak atxilotuak eta epaituak izan daitezen».
-
DAYTONEKO AKORDIOAK
Serbiarrei eman zien arrazoi nazioarteko komunitateak
Bosniako gerrari hiru urte iraun zuen eta 200.000 hildakotik gora eragin zituenamaiera eman zion Daytonen (AEB) hitzartutako akordioak. Han finkatu zuten Bosnia bi entitate federatuk osatuko zutela, alde batetik izango zela Kroaziar-Musulman Federazioa eta, bestetik, Serbiar Errepublika (Srpska). Bi entitate horien arteko konfederazioa, etnia edo giza talde bakoitzeko ordezkari banak osatutako presidentetza hirukoitz batek zuzentzen du. Sistema horrek gerrari amaiera emateko balio izan bazuen ere, ez zen gai izan gatazkaren iturrien agortzeko. Banaketa horrek, azken batean, indar serbiarrek gerraren bidez lortutako lurraldeez jabetzeari bermea jarri zion. Praktikan, estatu konfederaleko bi entitateak bananduta dabiltza egunerokoan. Gorrotoak eta etsaigoak ere bizirik diraute. Hala, Serbiar Errepublikako Parlamentuak iazko azaroaren 10ean aitortu bazuen ere Srebrenican gerra krimen bat egin zutela, ekainean diputatuek uko egin zioten sarraski hori genozidio bezala definitzen zuen ebazpen bat bozkatzeari. Iragan apirilaren 16an, Serbiar Errepublikako soldadu berri andanak uko egin zioten Bosnia-Herzegovina zainduko zutela zin egiteari. Egin gabeak dira Polizia eta Armadaren erreformak ere.