Ipar eta Hego Korea

"Bake iraunkorra" lortzeko elkarlanean aritzera konprometitu dira Ipar eta Hego Korea

Ipar Koreako presidente Kim Jong-unek eta Hego Koreako presidente Moon Jae-inek bilera egin eta adierazpen bat adostu dute.

Ipar eta Hego Koreako presidenteak, elkarri bostekoa ematen, bi Koreen arteko mugan. KOREA SUMMIT PRESS POOL / EFE
2018ko apirilaren 27a
10:42
Entzun

Irudi historikoa utzi du Ipar eta Hego Koreak gaur goizean elkarrekin egin duten bilerak. Bi herrialdeetako presidenteek eskua eman diote elkarri, bi Koreak banatzen dituen mugaren gainetik. Ondoren, muga oinez zeharkatu du Kim Jong-unek, hura inguratzen duen segurtasun eremuan. Lehenengo aldia da Ipar Koreako presidente batek Hego Koreako lurra zapaltzen duena. Bilkurara joan aurretik, Ipar Koreara sartzeko gonbita egin dio Kim Jong-unek Moon Jae-ini, eta, era horretan, lehenengoz zapaldu du Ipar Koreako lurra Hego Koreako presidente batek. Txinak rol diskretu baina erabakigarria izan du azken hilabeteotan Ipar eta Hego Korearen arteko elkarrizketa errazteko.

Bi agintariek adierazpen bat adostu dute. Testuan jaso dute "bake iraunkorra" lortzeko elkarlanean aritzeko konpromisoa, eta AEBekin elkarrizketak hasteko borondatea, behin betiko bake itun bat sinatze aldera, egun indarrean den Piongian eta Seulen arteko armistizioa ordekatuko duena.

Horrez gain, penintsula arma nuklearrez "erabat" salbu egoteko elkarlanean aritzea ere adostu dute.

Bi agintariek hurrengo bilkura bat egiteko borondatea ere agertu dute. Moon Jae-inek udazkenean Piongiang bisitatuko duela iragarri dute.

Ordu eta erdi baino gehiago iraun du bilkurak, eta arma nuklearren murriztea izan dute hizpide Ipar eta Hego Koreako presidenteek. Penintsulan bakea ezartzeari buruz eta harremanen hobetzeaz ere hitz egin dute, Yoon Young-chan Hego Koreako Gobernuaren bozeramailearen esanetan. "Bi aldeak elkarren arteko desadostasunak gainditu eta adierazpen bateratu bat idazteko lanean ari dira", azaldu du prentsaurrekoan.

Hain zuzen, adierazpen horrek piztu du jakin-min handiena. Ikusteko dago Ipar Koreak konpromisorik adieraziko ote duen arma nuklearrak garatzeko abian duen programa bertan behera uzteko. Kim Jong-unek arma nuklearren frogak eten zituela jakinarazi zuen joan den astean.

Bi Koreek penintsula arma nuklearretatik salbu mantentzeko konpromisoa sinatu zuten 1992an, baina akordioak porrot egin zuen, haren betetzea egiaztatzeko moduen gaineko desadostasunak zirela medio.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.