NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Sirian su-etena ez da betetzen ari. Lynn Pascoe Gai Politikoetarako idazkari nagusiak Damaskori dei egin dio arma astunak eta soldaduak hiriguneetatik erretira ditzan. Siriako Gobernuak, ordea, «talde terroristei» eta Persiar golkoko herrialdeei, Turkiari, AEBei eta Mendebaldeko haien aliatuei leporatu die Kofi Annan mandatari bereziaren bakerako plana zapuztu nahi izatea. Adnan Mahmud Informazio ministroaren arabera, herrialde horiek «siriarrek sustatutako edozein irtenbide politiko boikotatu nahi dute».
Mahmudek Turkiari egotzi dio «giza krisiaren egoera bat helburu politikoekin» baliatu nahi izatea. Informazio ministroaren iritziz, Turkiara ihes egin dute errefuxiatuen egoera baliatu nahi du Ankarak esku hartze militar bat zuritzeko. Mendebaldeko hedabideei, berriz, bereziki AEBetakoei, leporatu die gatazkaren irudi «desitxuratua» ematea. Mahmuden arabera, oposizioko talde armatuek egindako «sarraskiak» grabatzen dituzte, eta ondoren Mendebaldeko hedabideei helarazi gobernuak egindakoak balira bezala. Gainera, Informazio ministroak erran du ez dela egia atzerriko kazetariek Sirian sarrera debekatuta daukatela; dioenez, Annanen plana onartu zutenetik, martxoaren 25etik, 75 kazetariri eman diete herrialdean sartzeko baimena.
Urratzeak, «inpunitate osoz»
Su-etena teorian hilaren 12an paratu zen indarrean, baina NBEko ordezkari Pascoek dio giza eskubideen urratzeak «inpunitate osoz» gertatzen ari direla oraindik. Gatazkaren bi aldeek elkarri egozten diote plana ez errespetatzea. Oposizioko Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, atzo gutxienez 60 lagun hil zituzten herrialde osoan estatuko indarrek. Gobernuaren arabera, berriz, «talde terroristek» bi militar eta mediku bat hil zituzten atzo, Daraan eta Haman. NBEk jakinarazi duenez, 300 kasko urdinek osatutako misioaren lehen 30 behatzaileak hil hau amaitzerako egonen dira Sirian.
Bake plana zapuztu nahi izatea egotzi die Siriak AEBei eta Golkoko herriei
Nazio Batuen Erakundeak berretsi du su-etena ez dela betetzen ari, eta armada erretiratzeko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu