Bakea egonkortzeko erronka izango du Ekialdeko Timorko buruzagi berriak

Gaur presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte, Indonesiatik askatu ondoren bigarren aldiz

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Duela hamar urtetik, independentzia lortu zutenetik, presidentetzarako bigarren hauteskundeak dituzte Ekialdeko Timorren. 2007an, indarkeriak inguraturik egin zituzten, eta gaurkoak, berriz, giro lasaiagoan izango dira. Horregatik, herritarrak pentsatzen hasiak dira, itxaropentsu, hautatuko duten presidentea bakea ziurtatzeko eta pobreziatik ateratzeko gai izango dela, eta hori agindu dute hautagaiek. Gaur-gaurkoz biztanleen erdiak baino gehiago muturreko pobrezian bizi dira eta alfabetatu gabeak dira.

Presidentea oso litekeena da bigarren itzulian aukeratzea, apirilean. Hamabi hautagai daude, eta aukera gehien Francisco Guterres Lu Olo-k dauka, 24 urtean Indonesiaren kontra borrokan aritutako gerrillari ohiak. 1999an mendia utzi eta politikara bideratu zuen bere zeregina. Jose Ramos Horta egungo presidenteak, independentziaren ikono eta Bakearen Nobel saridunak, aise irabazi zituen 2007ko hauteskundeak Lu Oloren kontra, baina oraingoan zailtasun gehiago izango ditu, CNTR alderdiaren babesik ez duelako. Taur Matar Ruak armadako jeneral ohiari emango dio babesa alderdi horrek. Lu Olo oposizioko ezkertiarren ahotsa da, eta 2007tik gobernuaren ustezko ustelkeria salatuz egin du kanpaina. «Azken lau edo bost urtean mila milioi dolar inguru jarri dituzte ekonomian, baina nora joan da diru hori? Ustelkeria da».

Hidrokarburoen ustiaketak garapenerako esperantza eragin du. Petroliotik eta gasetik eratorritako 9.000 milioi dolarreko funts bat sortu zuten, eta baliabide horien erabilera izan da kanpainako gaietako bat. Hautagai guztiek bakea egonkortzeko xedea nabarmendu dute, eta bakea herritarren artean aberastasuna banatuta etorriko dela.

Mende laurden borrokan

1975ean utzi zion Ekialdeko Timorrek Portugalen kolonia izateari, eta hiru egun soilik itxaron zuen Indonesiak herrialdean sartu eta 24 urteko gatazka eragiteko. 200.000 pertsona hil zituzten, une hartako herritarren ia laurdenak. Nazio Batuen Erakundea sartu zen 1999an, Indonesiako tropak atera ostean, eta independentzia 2002an eskuratu zuen.

Bakea lortzeko, ordea, denbora gehiago behar izan dute. Orain, berriz, giroa lasaiagoa da, eta NBEren kasko urdinak aurten joango dira handik; baita Australiako segurtasun indarrak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.