Hauteskundeen atarian, bakea zartarazi dute Ankaran. Azaroaren 1ean egitekoak diren bozetarako hiru aste baino ez direnean geratzen, historiakoa ez bada urtetako atentatu latzena jazo da Turkian. Bakea, lana eta demokrazia lelopean martxa bat egitekoa zen hiriburuan, eguerdian, baina protesta abiatzekoa zen lekuan bertan bi bonba leherrarazi zituzten. 10:00ak ziren, eta ordurako manifestari ugari elkartuta zeuden tren geltokiaren aurrean, manifestazio guztiak abiatzen diren zelaigunean. AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiaren politiken kontrako martxa ezkerreko hainbat eragilek deitu zuten, tartean kurduek. Ipar Kurdistanen indarkeria ere salatu nahi zuten; izan ere, erasoak etengabeak dira han uztailetik. 90eko hamarkada beltzarekin parekatu dute okupazio militarra.
Atentatuak sarraskia eragin zuen. Azken datuen arabera 95 lagun hil eta berrehun lagunetik gora zauritu dira, horietako batzuk oso larri.
Bonbak ia aldi berean leherrarazi zituzten, bata bestearen jarraian, horietako bat HDP alderdiko banderak eta pankartak zeramatzan talde baten aurrean —bandera horiekin estali zituzten gorpuak—. Hainbat lekukok jakinarazi zutenez, poliziek negar gasa bota zuten leherketen ostean, eta horrek zaurituak artatzea oztopatu zuen. Manifestazioaren aurretik apenas segurtasun indarrik ez egotea ere susmagarritzat jo zuten.
PKKren su-etena
Inork ez du bere gain hartu atentatuen erantzukizuna; halere, lehen ministroak «susmoa dauka» bi ekintzaile suizida izan zirela. Ekintzaileak islamistak zein PKK-koak izan zitezkeela adierazi zuen Ahmed Davutogluk. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, berriz, gogor gaitzetsi du erasoa, «batasunaren eta bizikidetzaren kontrako eraso nazkagarria» izan dela esanda, baina iradoki du gerrillari kurduak izan direla erantzuleak, haien jarduteko moduekin alderatu baitu: «Ez da ezertan bereizten herritar errugabeen eta funtzionario, polizia eta soldaduen kontrako ekintza terroristetatik».
AKPren «gezurrak», baina, azkar isilarazi nahi izan ditu PKK-k. Atentatuaren ostean «azarora arteko su-etena» iragarri zuen, «defentsarako eskubideari» uko egin gabe. Kirat agentziak zabaldutako komunikatuan dio ez dutela trabatuko «hauteskunde justuak eta bidezkoak egiteko» ariketa. Remzi Kartal buruzagiaren hitzetan, PKK gaur zen su-etena iragartzekoa, baina egun batez aurreratu du adierazpena, gertatutakoa aintzat hartuta.
Selahattin Demirtas HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko presidentekideak berak adierazi du azken egunotan eztabaidatzen aritu dela gerrilla su-etena aldarrikatzeko beharraz eta, hortaz, erasoa ez dela halabeharrez etorri.
AKPren gobernua «mafiosoa» eta «saileko hiltzailea» dela salatu du Demirtasek: «Ez dugu utziko historian gertaera hauek ankerkeria huts bat bezala gogoratzea; honek ez du betiko iraungo, eta jazarpenari amore ematen ez diotenen erresistentziarekin egingo diegu aurre egun hauei».
Diyarbakir eta Suruc
Bozen atarian berriro bere alderdia ahultzeko asmoa egon dela salatu du HDPk. Diyarbakirren eta Surucen izandako atentatuekin alderatu du Ankarakoa. Antzeko egoeretan eta pareko baldintzetan gertatu ziren bi erasoak. Diyarbakir hirian, ekainaren 7ko hauteskundeak baino bi egun lehenago, bonba bat zartarazi zuten mitin batean. Surucen, berriz, uztailaren 20an, gazte bat immolatu zen ekintzaile kurduen batzar batean, eta 34 lagunen heriotza eragin zuen. PKK-k orduan utzi zuen bertan behera bi urte luzez indarrean izandako alde bateko su-etena.
Ipar Kurdistanen, orduz geroztik, areagotu egin dira kurduen kontrako erasoak. Estrategia horrekin, ekaineko hauteskundeetako emaitzak baldintzatu nahi ditu AKPk. Hamahiru urteren ostean, gehiengo absolutua galdu zuen orduan, eta, koalizio gobernua eratzeko ezintasunaren aurrean, bozak aurreratu behar izan ditu. HDP alderdia ahulduz sistema presidentzialista ezartzeko emaitzak lortu nahi ditu Erdoganek. Parlamentuan ordezkaritza lortzeko %10eko langa gainditu, eta hirugarren indar bilakatu zen ekainean HDP, botoen %13 eskuratuta. Estatuaren erantzuna itzela izan da, alderdiko hautagai, alkate eta egoitzen kontrako kanpaina eginez, bozak egiteko baldintzarik ote dagoen zalantzan jartzeraino.
Ankarako atentatuak tentsio politikoa are gehiago tenkatzea ekar dezake. Erreakzioa erabatekoa izan zen nazioartean, eta manifestazio ugari egin ziren Turkian eta Ipar Kurdistanen. Istanbulekoa izan zen jendetsuena.