MUNDUKO GIZARTE FOROA

Bakearen globalizazioa aldarrikatu dute Indian

Bombayko txirotasunak neurri «zehatzak eta eragingarriak» hartzeko garrantziaz ohartarazi die mundu osoko ordezkariei

Kristina Berasain Tristan.
2004ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuen inperialismoa eta Iraken okupazioa salatzeko eskenatokia izan dira Bombayko kaleak egunotan. Beste mundu bat posible da lelopean, urtarrilaren 17an abiatu eta atzo amaitu zen Munduko Gizarte Foroaren laugarren aldiak mundu osoko 100.000 pertsona baino gehiago bildu ditu. Globalizazioari aurre egin eta mundu ordena berri bat aldarrikatzeko, egun batean eta bestean ere, Nesco plaza, nazioarteko herritarren babesleku izan da. Bertan izan dira, goizero eta arratsaldero, jai giroa izan duten protesta ekintzak. Azken manifestazioa atzo egin zen. Bakearen globalizazioa eskatu zuten protestan bildu ziren dozenaka mila pertsonek. Ildo horretan, hurrengo hitzordua mundu osoko hirietan izango dela nabarmendu zuten. Heldu den martxoaren 20an, hain zuzen ere, Iraken okupazioa hasi zeneko lehenengo urteurrena betetzen den egunean, mundu zabalean gerraren kontrako elkarretaratzeak eta manifestazioak egiteko deialdia egin zuen Gerraren Kontrako Nazioarteko Batzordeak. Foroak erabateko babesa eman zion atzo ekimen horri.

India hegoaldean dagoen eta 18 milioi herritar dituen hiriaren miseriak, edertasunak, duintasunak eta zalapartak berezi egin dute aurtengo ekimena. Antolatzaileak arrakastaz mintzatu ziren arren, Indiako txirotasunak neurri zehatzagoak eta eraginkorragoak hartzeko beharraz ohartarazi diela aitortu zuten. «Gehiago eta azkarrago aritzeko beharra sentitu dugu», zehaztu zuen Brasilgo ikerlari eta Munduko Gizarte Foroko sortzaile Candido Grzybowskik. «Bertako txirotasunak bihotza estutzen dizu eta umeen begiradek mina ematen dute. Politika neoliberalen kontra lan egiteko beharra argiago ikustea eragiten dute etengabe zure atzean dituzun begirada sakonek», gaineratu zuen.Ildo horretan, salaketak egin bai baina ekintzetara pasatzeko garaia dela nabarmendu zuten bai antolatzaileek bai mundu osoko 2.500 gobernuz kanpoko erakundetako ordezkariek. «Bombayk islatzen du urrats esanguratsua eman dela foroaren antolatzaileek hasieratik amestu zuten nazioarteko egiazko politika prozesuan», adierazi zuen Action Aid erakundeko ordezkariak.

'Dalit'-en ahotsaren agertoki

Indiako gizarte mailaketan azken lekua betetzen duten ukiezinak, dalitak, protagonista izan dira ere Bombayn. Herrialde osoan 160 milioi dalit bizi dira eta 30.000 inguru izan dira foroan, bertan mundu osoko herritarrak zeudela baliatuz. «Nazioarteko elkartasunaren bila etorri gara Bombayra», esan zuen Paul Davikar ukiezinen bozeramaileak.

Ukiezinen presentzia, beraz, oso nabarmena izan da. «Lurra izateko, politikan parte hartzeko eta oinarrizko giza eskubideak izateko duten eskubidea aldarrikatzera etorri dira», zehaztu zuen Nazioarteko Oxfam elkarteko ordezkari Samar Vermak. «Inoiz baino gehiago, Bombay ahotsik gabeko herritarren plataforma bilakatu da», gaineratu zuen.Munduko Gizarte Foroko parte-hartzaile eta sostengatzaileen artean jende ezagun anitz izan da. Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohiak ezin izan zuen Bombayn egon, osasun arazoak zirela medio, baina Gizarte Foroa goraipatu zuen atzo, telebistaz zabaldutako mezu batean: «Munduko Gizarte Foroak justizia sozialaren alde eta nire ustez posiblea den beste mundu bat sortzearen alde egindako lana goretsi nahi dut». Apartheidak erakutsi zion, gaineratu zuenez, «erabakitasuna izanez gero, edozertan arrakasta izan daitekeela». Hala, bazterketaren aurka borrokatzeko eskatu zuen Mandelak. «Herriaren boterea da botere gorena», aldarrikatu zuen, aldiz, K.R. Narayanan Indiako presidente ohiak kargu hori eskuratu zuen dalit edo ukiezinen kastako lehen kidea izan zen. «Guk globalizazioa nahi dugu, baina guztioi bizi hobe bat bermatuko digun globalizazioa», esan zuen, entzuleen txaloen artean. Gerra eta bakeaz gain, beste hainbat arlo ere izan dituzte eztabaidagai foroko partaideek, sei egunetan, hala nola: ingurumena, osasuna, gizarte eta informazio politikak, ekonomia, giza eskubideak eta garapena. Nazioarteko parlamentarien sareak, bestetik, gobernuen agintekeria salatu zuen. Haien ustez, parlamentuek legeak egin eta gobernuak kontrolatzeko duten ahalmena murriztarazi da.

Hurrengo urtean, Porto Alegrera berriro

Brasilgo Kultura ministro Gilberto Gil abeslariak amaiera eman zion atzo Munduko Gizarte Foroari Bombayko portuan eman zuen kontzertuarekin. Zurekin erotuta nago Amerika kantarekin bukatu zuen ekitaldia, hurrengo urtean, globalizazioaren aurkako elkarretaratze erraldoia berriro Porto Alegren egingo dela iragartzeko modua izan zen.

Hemendik bi urtera, ordea, nazioarteko elkarretaratze handiena den gizarte foroa, Afrikara joango dela eman zuten aditzera antolatzaileek. «Ameriketan egin da eta Asian ere bai. Gure garaia dela uste dut», esan zuen atzo Afrikako Sindikatuen Elkarteko idazkari nagusi Demba Diopek. Oraindik ere zehaztear dagoen arren, bilkura Aljeria, Maroko, Tunisia edo Hegoafrikan egin daitekeela esan zuten antolatzaileek.Hiesa izan daiteke foro horren ardatz nagusia. Izan ere, hiesaz kutsatutako munduko 40 milioi herritarretatik bi heren Saharatik hegoaldera bizi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.