BAKEAREN NOBEL SARIA. Astindua Pekinen zentsurari

Liu Xiaobo disidente txinatarrari eman diote Bakearen Nobel saria, giza eskubideen alde borroka baketsua egiteagatik

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Barack Obamak iaz Pekinen giza eskubideak errespetatzeko eskaera egin zezakeela-eta adi egon zen mundua, «presidenteak egiteko duen horri» emandako Bakearen Nobel sari artean freskoak horretarako ausardia eta beharra emango ziola esperoan; baina ekonomiak agintzen duelako, eta menpekotasunak, horretarako biderik ez zuen egin. AEBetako presidentea interes batzuen alde ezkutatzen saiatu zena utz dezake orain agerian Liu Xiaobo disidenteak, sariak nazioarteko kritiken gunean jarri du-eta Txinako Gobernua, oinarrizko eskubideak zapaltzen dituenari aurre egiteagatik eman diotelako saria Liuri, horregatik 2008ko abendutik kartzelan dagoenari. Ekintzaile politikoaren konpromisoa eta «ausardia» nabarmendu du Obamak, eta hura askatzeko ere eskatu du, «AEBek eskubide unibertsalak defendatzen» dituztela erakusteko. Aldiz, Pekinentzat «blasfemia» hutsa da saria Liuri ematea.

Norvegiaren eta Txinarenarteko harremana txartuko dela Pekinek egindako mehatxuak, berriz,ez du balio izan Nobelen akademiaren erabakiaaldatzeko, eta nabarmentzekoa iruditu zaio esatea ez diela begiratu Norvegiaren interes politiko eta ekonomikoei, «batzuek esan ezin dutena edo nahi ez dutena esateko Liuk izan duen ardurari» baizik; are gehiago, Liu Xiaoboren aldeko apustua zapuzten tematu izanak kontrako efektua izan du, beste hautagaien merituen gainetik jarri baitute«Txinan oinarrizko giza eskubideen alde indarkeriarik gabeko borroka luzea». Norvegiako Gobernuak ere akademiaren «izaera independentea» gogorarazi du.

Orain, sariaren burrunba baliatu nahi du AI Amnesty Internationalek Txinarekiko jarrera gogortu dezan nazioarteari eskatzeko. Krisi ekonomikoak -eta pentsamenduzkoak-malgutu egin ditu herrialdeen eskubide unibertsalen eskaerak, eta sarituaren emazte Liu Xia poetak «ausardia» eskatu die senarra aska dezaten eskatzeko, nahiz eta badakien Pekinek ez duela jarreraz halamoduz aldatuko. Liu Xiak etxetik ez ateratzeko agindua dauka, eta telefonoa moztuta, atzo sariari buruz adierazpenak egiten hasiz gero. Bestela ere,egunero jarraitzen dituzte haren pausoak: «Harrigarria da, baina Xiaobo espetxeratu zutenetik are gehiago zaintzen naute».

Liu Xiak ezingo du albistearen berri ematera joan senarra ikustera, eta segurtasun indarrak arduratuko dira jakin ez dezan, herri osoari ezkutatzen saiatu diren bezala. Txinako internet sarean haren izenarekin bilaketak eginda mezu hau jartzen du: «Ezin da emaitza erakutsi legea bortxatzeagatik», eta komunikabide guztietan zentsuratu du albistea. Atzerriko telebistetako albistegiak ere mozten ari dira berria ematen duten unean. Baina iritsi da albistea, eta disidenteak hiriburuko hainbat gunetan ospatzekotan geratu ziren atzo, baina ezin izan zuten. Dozenaka atxilotu ditu Poliziak.

Hiru aldiz kartzelan

Errotuta dagoen zentsuraren salaketa etengabea egiteagatik izan dute hiru aldiz Liu Xiaobo ekintzaile politikoa giltzapean -idazle, kritikari eta literatura irakasle ere bada-. Azken egonaldia 2008ko abenduaren 25az gerokoa da, eta 11 urteko zigorra bete beharko du 08Eskutitzadokumentuaren sortzaileetako bat izateagatik.77 Eskutitza Txekoslovakian komunismoaren oposizioak idatzitako testuan inspiratutakoa da, eta erreforma demokratikoak aldarrikatzen ditu, alderdi bakarreko sistema salatu, eta giza eskubideen errespetua eskatu. Estatuak uste du kriminalak diren hitzak erabili dituela, eta haren kontrako matxinada sustatzeko testua besterik ez dela. Horregatik «epaitu eta espetxe zigorrera kondenatu zuten Txinako erakunde judizialek. Pertsona horri saria ematerakoan Nobelaren batzordeak blasfematu egin du saria».

Liu Xiak gogoan du senarraren bila etorri ziren eguna. Etxera iristean, ordenagailuaren aurrean eserita ikusi zuen, oso lanpetuta, 08 Eskutitza idazten. 23:00 aldera eraman zuten, testua argitaratu baino ordu batzuk lehenago. «Beti esaten nion Xiaobori Polizia etorriko zela, baina ezetz esaten zidan. Niri esan ez, baina jakin bai etorriko zirela, ziurtatua zuen-eta interneten eskegitzeko modua».300 intelektualen sinadurarekin eskegi ere, eta 20.000k babestu zuten idatzia Txinako Gobernuak dokumentua saretik kendu aurretik.

Tiananmengo protestak

1989a zen Liu Xiaobok New Yorkeko Columbia unibertsitateko literatuta eskolak emateari utzi zionean, herrira itzuli eta Tiananmengo plazako protestetako gose grebalarien buru egin zen.

Berak eta beste hiru ekintzaile politikok ehunka bizitza salbatu zituzten 1989ko ekainaren 4ko goizaldean, irteera baketsua nagoziatu zutenean tankeak plazan sartu aurretik, baina ondorengo milaka hildakoren sarraskia ezin izan zuen eragotzi. Orduan jaso zuen lehen kondena, bi urtekoa, eta 1996an beste hiru urte egin behar izan zituen. Han ezkondu zen egungo emaztearekin, Liu Xiarekin. Hamarkadetako laguntasunak eta literaturarako maitasunak batu zituela esaten du. Kafkak euren bizitzaz idatzi zuela ere bai, eta baita espetxeari lotua bizi behar duela ere, bere borroka bakezaleari eusteko beharra garrantzitsuagoa delako.

Aurreko saridunak

Barack Obama (2009). Bakea sustatzeko eman zioten AEBetako presidenteari saria.

Martti Ahtisaari (2008). Nazioarteko gatazketan egindako bitartekari lanagatik saritu zuten Finlandiako presidente izandakoa.

IPCC etaAl Gore (2007). Klima aldaketaren aurka aritzeagatik jaso zuten saria Klima Aldaketaren gaineko Gobernuarteko Adituen Taldeak eta AEBetako presidenteorde izandakoak.

Muhammad Yunus eta Grameen Bankua (2006). Bangladeshera joan zen saria, behartsuen artean aukera ekonomikoak sortzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.