Ellen Johnson Sirleaf, Leymah Gbowee eta Tawakkul Karman-i emango diete aurtengo Bakearen Nobel saria, "emakumeen segurtasunagatik eta emakumeek bakearen eraikuntzan parte-hartze osorako duten eskubidearen alde egindako indarkeriarik gabeko borrokagatik", Suediako Zientzien Errege Akademiak gaur 11:15ak aldera jakinarazi duenez.
Ellen Johnson Sirleaf (Liberia, 1938) Liberiako Gobernuko presidentea da. Afrikan demokratikoki hautatutako lehen emakume gobernuburua izan zen —2005ean—. Bakearen alde lan egiteaz gain, herrialdeko emakumeen baldintzak hobetu nahian aritu da.
Leymah Gboweek (Liberia) bere herrialdeko gerra bukatzeko ahalegin handia egin zuen, eta emakumeek hauteskundeetan parte hartzeko eta Afrikan eragina izateko lan egin du.
Tawakkul Karman (Yemen) bere herrialdeko emakumeen eskubideen alde aritu da, baita demokrazia eta bakea lortzeko ahaleginean ere. "Herrialde arabiarretako iraultza denei" eskaini die saria.
Iaz Liu Xiaobo Txinako disidenteari eman zioten Bakearen Nobel saria, duela bi urte Barack Obama AEBetako Gobernuko presidenteari.
2011ko Nobel saridunak (orain arte jakinarazitakoak)
- Medikuntza. Jules Hoffmann, Bruce Beutler eta Ralph Steinman-i, immunitate sistemaren ikerketagatik.
- Fisika. Saul Perlmutter, Brian P. Schmidt eta Adam G. Riess-i, unibertsoaren hedapen azkarrari buruz egindako lanengatik.
- Kimika. Daniel Shechtmani, kuasikristalen aurkikuntzagatik.
- Literatura. Tomas Transtromerri, "errealitaterako bestelako sarbide bat" eskaintzen duen obra poetikoagatik.
- Bakea. Ellen Johnson Sirleaf, Leymah Gbowee eta Tawakkul Karman.
Astelehenean Ekonomikoaren Nobel saria jakinaraziko dute.
Stockholmen izango da sari banaketa ekitaldia, Bakearen Nobel sariarena izan zen —hori Oslon izan ohi da—. Biak ere, abenduaren 10ean.