Bakearen Nobel saria, Irango emakumeen borrokaren ahotsari

Antolatzaileek esan dute Narges Mohammadi andreek Iranen jasaten duten zapalkuntzaren aurkako «liderra» dela. Azkeneko hogei urteak ia osorik espetxean igaro ditu, eta han dago orain

Narges Mohammadi aurtengo Bakearen Nobel sariduna, 2005ean Teheranen egindako agerraldi batean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Iranen emakumeek pairatzen duten zapalkuntzaren kontra eta giza eskubideen alde borrokatzen dela aldarrikatuta, Narges Mohammadi (Zanjan, Iran, 1972) aktibista irandarrak irabazi du Bakearen Nobel saria. Hala jakinarazi zuen atzo Norvegiako Nobel Batzordeak, sariketaren antolatzaileak. Adituek azken asteetan egindako iragarpenetan eta apustu etxeen kinieletan nabarmentzen ziren hautagaietako bat zen, hain zuzen, Mohammadi. Duela 120 urte saria ematen hasi zirenetik, 110 pertsona saritu dituzte; horietatik hemeretzi dira emakumezkoak, ekintzaile irandar hori aintzat hartuta.

Batzordeko kideen esanetan, Mohammadik «garesti ordaindu du» bere «jarrera ausarta». Izan ere, azken hogei urteak ia osorik espetxean igaro ditu. Bost aldiz zigortu dute, eta, guztira, 31 urteko kartzela zigorra ezarri diote; azkena, hamar urtekoa —151 zigor kolpe hartzera ere kondenatu zuten kasu horretan—. Tortura zuria liburua kaleratu zuen, azaltzeko konfinamenduan zein baldintzatan zeuden presoak, eta Irango agintariek «segurtasun nazionalarekin» lotutako delituak egotzi zizkioten horregatik. Teherango Evin kartzelan dago. Gainera, haren aurkako beste hiru auzibide daude irekita.

Haren senideek eta ingurukoek maiz eskatu dute aske utz dezatela, argudio gisa arrazoi humanitarioak aipatuz. Iaz bihotzekoak eman zion, eta ebakuntza bat egin behar izan zioten. Bi seme biki ditu Mohammadik, eta urteak dira ez dituela ikusten. Parisen bizi dira, hara erbesteratu baitzen Nobel saridunaren senarra, Taghi Rahmani ekintzailea —kartzelan hamalau urte pasatutakoa da—.

Azken hiru hamarkadetan, bere aktibismo jardunean, emakumezkoen eskubideen defentsan lan egiten duten zenbait elkarte sortu ditu Mohammadik, eta idatzi izan ditu liburuak eta artikuluak ere, salatuz, batez ere, andrazkoek zer-nolako abusuak jasaten dituzten herrialdeko kartzeletan. Kazetari gisa egin duen lanagatik, hain justu, NBE Nazio Batuen Erakundeak banatzen duen Prentsa Askatasunaren Munduko Saria irabazi zuen aurreko maiatzean, bere kide Niloofar Hamedirekin eta Elaheh Mohammadirekin batera.

«Emakumea, bizitza, askatasuna», adierazi zuen Norvegiako Nobel Batzordeko presidente Berit Reiss-Andersenek saria nori emango zioten iragarri zuenean. Emakumezkoen eskubideen alde Iranen egiten dituzten manifestazioetan lelo hori oihukatzen dute. Protesta horiek areagotzen hasi ziren iazko irailean, Mahsa Amini 22 urteko emakume kurdua hil egin baitzen, Teherango Poliziak atxilotu eta hiru egunera. Moralaren Poliziak hartu zuen atxilo, beloa «gaizki jantzita» zeramala argudiatuta. Eta, batzordeak azpimarratu zuenez, «Teherango preso politikoek» mobilizazio horien berri eduki zutenean, Mohammadi «presoak antolatzen» hasi zen. Adierazi zuten, gainera, protesta haiek eten ez zitezen bultzatu zuela. Batzordeak esan zuen, bide batez, Mohammadi sarituz aitortza bat egiten zaiela Irango agintariek emakumezkoei pairarazten dieten jazarpenaren aurka protesta egiten dutenei. «Mohammadi da mugimendu horren liderra».

Deia Irani

Itxaropentsu agertu zen batzordearen presidentea, eta esan zuen Mohammadi sarituz espero duela «seinale bat» bidaltzea Irango Gobernuari. «Bere herritarrek esaten dutena entzun beharra dauka». Iaz, Poliziak atxilotu eta hiru egunera hil zen Amini, eta asteon jakin da 16 urteko neska bat, Armita Geravand, koman dagoela, Moralaren Poliziaren ustezko eraso baten ondorioz. Giza eskubideen aldeko taldeek zabaldu dutenez, joan den igandean neska talde bat ilea bistan zuela sartu zen Teherango metroko bagoi batera; haietako bat zen Geravand, eta han eraso zioten poliziek.

351 hautagai zituen aurten Bakearen Nobel sariak: 259 norbanako eta 92 erakunde. Irabazleari urrezko domina bat ematen diote, diploma bat eta milioi bat koroa suediar —950.000 euro inguru—. Sari banaketa abenduan izan ohi da. Mohammadi kartzelatuta dagoenez, Reiss-Anderseni galdetu zioten ea saria jaso ahal izango duen. Erantzun zuen espero duela Teheranek «erabaki zuzena» hartzea eta hura aske uztea. Gaineratu zuen hilabete batzuk dituztela «logistika prestatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.