Txinaren aurrean amore eman dute munduko hemezortzi herrialdek; Bakearen Nobel sariaren ekitaldira joateari uko egin baitiote estatuok: Afganistan, Egipto, Errusia, Filipinak, Irak, Iran, Kazakhstan, Kolonbia,Kuba, Maroko, Pakistan, Saudi Arabia, Serbia, Sudan, Tunisia, Ukraina, Venezuela eta Vietnam. Bakearen Nobel Sariaren Batzordeak jakinarazi du «arrazoi ezberdinak» argudiatu dituztela estatuok heldu den ostiralean egitekoa den ekitaldira ez joateko. Norvegiak salatu du ekitaldiaren kontrako «aurrekaririk gabeko kanpaina» sustatu duela Txinak. Enbaxada guztietara bidali zituen gutunak saiora joatea «ondorioak» izango zituela ohartarazita. Jiang Yu Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak «pailazotzat» jo ditu ekitaldira joango direnak: «Txinaren kontrako fartsa bat antolatu dute, baina ez diogu utziko gure barne politikan eragiten; ez dugu norabidez aldatuko». Amnesty International erakundeak gobernuei «presio politikoak eta xantaia ekonomikoa» egin izana leporatu dio Txinari. Sam Zarifi AIko Asiarako zuzendariak, hala ere, soilik «gutxiengo bat limurtzea» lortu dutela adierazi du «aldarrikapenak onartezinak direla agerian utziz».
Liu Xiaobo giza eskubideen aldeko ekintzaileari eman diote aurten Bakearen Nobela. 08 Eskutitza erreforma demokratiko sakonak aldarrikatzen dituen manifestua idatzi zuen idazleak, eta horregatik 11 urteko kartzela ezarri zion Pekinek. Saria hari eman izana «lizunkeria» dela salatu du, eta ahaleginak egiten ari da emanaldira haren gertukoak joan ez daitezen. Liu Xia ekintzailearen emazteari eta hainbat ekintzaileri etxe barruko atxiloaldia ezarri diote.
Ekitaldia boikotatzeko saioek, baina, porrot egin dute; izan ere, erbesteratuta bizi diren ekintzaileak joango dira heldu den ostiralean disidentearen saria jasotzera. Tiananmengo sarraskiko biktimei eskaini zien saria Xiaobok. Eta protesta hartako hainbat buruzagi izango dira ostiralean Oslon.
Bakearen Nobel sariaren ekitaldira joateari uko egin diote hemezortzi herrialdek
Gobernuei «presio politikoa eta xantaia ekonomikoa» egitea egotzi dio Amnesty Internationalek Txinari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu