Bakeaz hitz egiteko bilera ezkutuak egin izana gezurtatu dute Siriako eta Israelgo agintariek

Ehud Olmerten kontrako ikerketa kriminala hasi dute, botere gehiegikeria eta eroskeria leporatuta

2007ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Israelen eta Siriaren arteko bake prozesuaz hitz egiteko bilera sekretuak egin zituztela zabaldu zuen atzo Haaretz egunkariak. Haren arabera, Damaskoko eta Tel Aviveko ordezkariek 2004ko iraila eta 2006ko uztaila bitartean egin zituzten bilerok. Israelgo eta Siriako agintariek, ordea, gezurtatu egin dute albistea.

Bilera horiek Europan egin zirela, eta akordio baten zirriborroa ere moldatu zutela ziurtatzen du artikuluak. Aurre akordio horretan, Tel Avivek onartzen du Golango Gaina Siriari bueltatzea, Damaskok erakunde armatu palestinarrentzako laguntza etetearen truke. 1967ko gerraz geroztik Israelgo armadak okupatzen duen Golango Gainetik erretiratzeari buruz ezadostasunak egon zirela zehazten du Haaretzek. Tel Avivek 15 urteko epean hasi nahi zuen erretiratzea, eta Damaskok, aldiz, bost urtean.



OLMERTEN ONESPENAREKIN. Haaretzen arabera, Siriako presidente Bashir el Assadek zituen isilpeko solasaldiak bultzatu. Antza, Turkiako ordezkariak ziren hasieran bitartekari lanetan ibili, europar batek lekukoa hartu zuen arte.

Israelen izenean parte hartu zuena Alon Liel diplomazialaria izan zen. Garai hartan Israelgo lehen ministro karguan ziharduen Ariel Sharonek eta geroztik lekukoa hartu dion Ehud Olmertek oniritzia eman zieten, antza, hizketaldiei. Haaretzen arabera, Siriaren aldetik solaskidea Ibrahim Suleiman izan zen. Nolanahi ere, harremanak eten egin ziren Israelek Libano hegoaldeari eraso zionean, iazko uztailan.

Bestalde, Olmerten kontrako ikerketa kriminala hasteko agindu zuen atzo Israelgo Fiskaltzak. Komunikabideen arabera, Olmert Finantza ministroa zenean Bank Leumiko akzioak erosten saiatu zen, lagun baten mesedetan. Horiek hala, botere gehiegikeria eta eroskeria leporatzen diote.

Horretaz gain, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbas Hamaseko buru Khaled Meshaalekin bilduko dela jakin zen atzo. Bilera datorren astean egingo dute Damaskon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.