«Santos presidentearen agindupean abiatzen gara. Esperantzarekin goaz, baikortasun neurtuarekin. Ez dugu ilusio faltsurik sortu nahi, baina uste dugu Kolonbiara albiste onen jabe itzuliko garela pentsatzeko arrazoiak badirela». Kolonbiako armadaren hezgazkina zuen zain Humberto de la Callek, Bogotako gobernuak FARC gerrillarekin hitz egiteko izendatu duen negoziazio buruak. Hegazkina Juan Manuel Santos presidenteak aukeratutako negoziazio batzordeko beste hainbat kiderekin hartu, eta Oslora abiatu zen.
Norvegiako hiriburuan atzo hasi ziren negoziazioei buruz gaur egingo dituzte lehen adierazpen ofizialak. Santosek atzo bertan errepikatu zuen azken mende erdian Kolonbiako gizartea zartatu duen gatazka armatua bukarazi nahi duela.
2010ean presidentetzara heldu aurretik, 2006tik 2009ra bitartean, Santos Defentsa ministro izan zen Alvaro Uriberen agintaldian. Uribek gerrilla bide militarretik desagerrarazteko apustua egin zuen, eta Santosek bake prozesua abiarazteko jokatu duen rolaren kritikari nagusia bihurtu da orain. «Bake prozesua demokraziari emandako belarrondokoa da», errepikatu izan du. Bake elkarrizketek terrorismoa hauspotzen dutela ere bai: «Oslon eta Habanan terrorismoa ezkutatzen dute, eta Ibaguen aurrera egiten du bonbekin erositako txantaiak».
Uriberen saioak
Uribe bera ere bake negoziazioetan aritu zen presidente garaian (2002-2010). AUC Kolonbiako Autodefentsa Batuekin, batez ere. Epaitegietaraino heldu izan dira paramilitar ultraeskuindarrekin harreman estuak izanaren salaketa; eta AUCekin izandako negoziazioek talde horien benetako desarmatzea eta desegitea ez dutela ekarri ere leporatu izan zaio. ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin ere egin zituen saioak, baina ez zuten aurrera egin. ELNren esanetan, Uribek egun batetik bestera eten zuen prozesua, azalpenik eman gabe.
Bizirik dauden Kolonbiako gainerako presidente ohi guztiek babesa azaldu diote Santosi. «Uribe da bakeari aukera bat eman ez dion kolonbiar bakarra», zioen duela hilabete bat Andres Pastranak. Kolonbiako presidente izan zen garaikoa (1998-2002) jo ohi da FARCekin Bogotak orain arte egindako negoziazio saio garrantzitsuentzat. Ezaguna egin zen oso armada eta Polizia indarrik gabeko 42.000 kilometro koadroko lasaitasun eremu bat eskaini zielako FARCekoei Caguanen, negoziazioak egin ahal izateko. Orduko prozesuan kamuts gertatutako saioetatik ikastea eskatu izan dio Pastranak Santosi. «Ez da erraza izango, bakea eraikitzea ez baita erraza».
Ados da Ernesto Samper ere, baina baikor hitz egin du Oslon hasitako bake prozesuari buruz: «Oraingo honetan bakea lor daitekeela uste dut. Orain arte ez bezalako faktoreak daudelako mahai gainean». Kontrako faktoreak ere nabarmendu ditu 1994tik 1998ra Kolonbiako presidente izan zenak. Bat, batez ere: «Uribek setioa antolatuta dauka negoziazioa burutu ez dadin».
Cesar Gaviria presidente ohia —1990etik 1994ra agintean Kolonbian— ere baikor agertu izan da egungo prozesuari buruz: «Errealista dela uste dut». Kolonbiako ezkerrari benetako tokia hartzeko eta bere burua azaltzeko aukera eman behar zaiola azpimarratu du. «Batzuek uste dute garaipen militar soil batekin irabaz daitekeela bakea. Mundu osoan, inon ez da bakea armez lortu».
Washingtondik ere baikortasunez hitz egin dute egunotan hasitako bideari buruz. «Prozesu honek aurrera egin ahal izango duela ematen du, eta emaitzak izan ditzan nahi dugu», adierazi zuen AEBetako Estatu Departamentuko Mike Hammerrek joan den ostegunean.
Kolonbia. Bake negoziazioak
Baketzea, agendan
Gaur emango dute Oslon Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko bake prozesuaren hasierako hizketaldien berriSantos presidentearen alde agertu dira Bogotako gobernuburu ohi gehienak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu