ASIAKO ITSASIKARA

Bala zaparrada giza laguntzarako oztopo

2005eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
tsasikarak oker handiena egindako lurraldeetako bat da Aceh, Indonesiako Sumatra uhartearen ipar muturrean. Joan den abenduaren 26ko tsunami-ak pertsonetan zein kalte materialetan eragindako galerak gutxi balira bezala, eskualdearen independentziaren alde borrokatzen duen gerrillaren eta Indonesiako Armadaren arteko borrokaldiak itsasikarak kaltetutakoei laguntza behar bezala helaraztea trabatzen ari dira. GAM Aceh Askatzeko Mugimendua gerrilla taldeak itsasikara gertatu eta gutxira alde bateko su-etena eskaini zuen, giza laguntza errazteko, eta atzo hura berresten duela jakinarazi zuen, Mahmud Malik buruzagiaren eskutik.

Gobernuari ere menia gauzatzeko eskatu zion GAMek, eta Jakarta horretarako prest azaldu zen atzo, Jusuf Kalla presidenteordearen ahotik. Nolanahi ere, bidaiatzeko murrizketak ezarri zizkien Gobernuak egun bat lehenago atzerritarrei. Haren esanetan, neurriak «beharrezkoak» dira, eta gerrillariak giza laguntzan dabiltzanei tiroka ibili direla argudiatu du. GAMek gezurtatu zuen hori. Giza laguntzaz arduratzen ari diren nazioarteko agentziek, bestalde, esan zuten horniketa lanetan segitzen dutela, zenbait gaixotasun gertutik jarraitzen ari direla eta hainbat etxebizitza berreraikitzen ari direla. Halere, osasun adituek ohartarazi dute datozen hileotan malariak 100.000 pertsona hil ditzakeela Acehn. Itsasikararen aurreko datuen arabera, 4,2 milioi pertsona bizi ziren Acehn, baina horietatik 110.229 zendu dira tsunami-aren eraginez. Elkarren kontrako erasoak areagotzeko itsasikara aitzakiatzat baliatu izana egotzi diote elkarri Gobernuak eta gerrillariek.Salaketa zehatzagoak daude, ordea, giza laguntzaren banaketaren gainean. GAMen esanetan, Gobernuak gerrillarien aldekotzat jotako herritarrei laguntza iristea galarazi du egunotan.Bien bitartean, Aceh eskualdean salbamendu lanetan dabiltzan atzerriko soldaduei handik atera daitezen hiru hilabeteko epea eman zien atzo Indonesiako Armadak. Gainera, hemendik aurrera kazetariak eta giza laguntzako langileak agintariei beren asmoen eta nondik norakoen berri ematera behartu nahi ditu Jakartak.

Giza laguntzako langileen esanetan, sarbidea murrizteko baino gehiago mugimenduak kontrolatzeko dira neurriok. Abenduaren 26a baino lehen larrialdi egoeran zegoen Aceh, giza laguntzarako erakundeei eta nazioarteko komunikabideei itxita.

Indonesiako Armadak matxinoen kontrako erasoaldiari ekin zion berriz 2003ko maiatzean, sei hilabeteko su-etena bukatu zenean. Armadaren arabera, GAMeko 2.000 matxino baino gehiago hil dituzte soldaduek orain arte. Giza eskubideen aldeko erakundeen arabera, berriz, hildako asko zibilak ziren. Gatazka piztu zenetik (1976an) 12.000 pertsonatik gora hil dira orotara.

Eskualde militartua

2003ko maiatzean Gerra Legea ezarri zuen Indonesiako Gobernuak Aceh eskualdean. Urtebete indarrean atxiki zuen, eta abiatze egunean 35.000 eta 45.000 soldadu inguru bidali zituen hara. Maiatzaren 18an gerrillarien eta Gobernuaren arteko negoziazioak bertan behera geratu ziren, baita tregoa ere. Bi aldeek 2002ko abenduaren 9an sinatu zuten bake hitzarmena, Genevan (Suitza). Alabaina, menia indarrean egon zelarik, bi aldeek mesfidati jokatu zuten. Jakartak zioen gerrillariek ez zituztela armak behin betiko utziko, eta hauek, beren aldetik, Gobernuak independentziaren aldarria kontuan hartuko ez zuen kezka zuten.

Megawati Sukarnoputri orduko presidenteak Acehn autonomia eskaintzeko prest agertu izan da, baina deblauki baztertu du independentziaren eskakizuna: «Gobernuak ez dio inoiz Acehi independentzia lortzen utziko». 2003an Baktiar Abdula GAMeko kideak, ordea, autonomia inoiz ere ez dutela onartuko nabarmendu zuen: «Erabateko independentzia dugu amets».

GAM 1976an sortu zuen Acehko errege familiaren ondorengo Hassan di Tirok. Familiak 150 urtez borrokatu zuen Herbehereetako kolonizatzaileen aurka eta urte hartan Indonesiarekiko independentzia unilateralki aldarrikatu zuen. Haatik, orduko agintari Suhartok Armada bidali eta odoletan ito zuen independentzia saioa. Di Tirok Suitzara alde egin behar izan zuen.Halarik ere, hura ez zen izan burujabetasun ametsen eta eginahalen bukaera. GAM herritarren sostengu zabala lortzen joan zen, eta 2003rako 5.000 bat ekintzaile zituela uste zen. Urtetako borrokaren poderioz, gutxinaka eskumenak lortu dituzte independentziazaleek, besteak beste, sharia (lege islamikoa) ezartzea.Independentzia eskuratzeko eragozpen nagusietako bat erregaien auzia da. Sumatrako ipar-mendebaldeko eskualdea petrolio eta gas naturalean oparoa da eta, jakina, Jakarta ez dago prest horietatik ateratzen dituen etekinei uko egiteko. Datu bat ematearren, 1997an Indonesiako petrolio esportazioen %17k Acehn izan zuten sorburua; altabada, irabazien %3 soilik gelditu ziren eskualdean. Baliabideen ustiapenak ez du, haatik, eskualdeko pobrezia konpondu, sosak herritarrengandik urrun doazelako. GAMek, okupazioaz eta giza eskubideen urraketaz gain, pobrezia ere salatu izan du.

Giza eskubideen urraketak

Iazko irailean, New Yorken egoitza duen Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak salatu zuen Acehn diharduten Indonesiako soldaduek atxilotuak torturatzen dituztela. «Kolpatu, erre edo deskarga elektrikoak eragiten dizkiete atxilotuei», zehaztu zuen txosten batean. Indonesiako Armadak Acehn duen eledunak, ostera, torturarik dagoela ukatu, eta zera erantsi zuen: «Maiz, haiek etortzen dira gugana, badakitelako ondo tratatuko ditugula. Giza eskubideen aldeko erakundeak beti ari dira gure aurka».

-

Kronologia





1976: Hassan di Tirok GAM Aceh Askatzeko Mugimendua sortu zuen, Sumatrako ipar-mendebaldean dagoen eskualdearen independentzia lortzeko helburuarekin.

2002ko abenduaren 9a:



GAMek eta Indonesiako Armadak bake hitzarmena sinatu zuten Genevan (Suitza).

2003ko maiatzaren 18a



: Ondoko negoziazioek porrot egin eta su-etena hautsi zuten. Azken bilkura Tokion egin zuten bi aldeek.

2003ko maiatzaren 19a:



Indonesiako Gobernuak Gerra Legea ezarri eta militarrak bidali zituen Acehra.

2004ko maiatzaren 19a:



Gerra Legea bertan behera utzi eta larrialdi egoera ezarri zuten.

2005eko urtarrila:



GAM ez da desagertu ez Gerra Legearekin, ez larrialdi egoerarekin. Gatazkak puri-purian dirau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.