Musulmanen urteroko hitzordu garrantzitsuenak su-etenari aukera zabaldu dio Sirian, eta, gatazkako aldeek emandako hitza betez gero, lehen urratsa izan daitekeelako itxaropena ere badu Nazio Batuen Erakundeak, prozesu politikoari bidea egiten hasteko. Aukera oso txikia da, hala ere, «mikroskopikoa». Lakhdar Brahimi NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari berezia ondorio horretara heldu da, bost egunez Siriako egoera bertatik bizi ondoren.
Baxar al-Assad presidenteak Brahimiri hitzeman dio ez duela erasorik egingo sakrifizioaren festak iraun bitartean, gaurtik astelehenera, besteek ere hitza errespetatzen badute. «Damaskon Siriako Gobernuaren partetik su-etenerako akordioa lortu dut Aid al-Adha ospatu bitartean, eta, betetzen bada, haren gainean eraiki ahal izango da su-eten iraunkorragoa eta sendoagoa lortzeko egitasmoa, prozesu politiko baten barruan». Baina Brahimiren hitzek esnezalearen ipuinetik ateratakoak dirudite gaur-gaurkoz, prozesu politikoa abiatzeko hitz egin beharko bailukete bi aldeek, eta oraintxe bertan oposizioko FSA Siriako Armada Askeak ez du ezer jakin nahi hitz egiteari buruz, haren ustez Al-Assad boteretik kenduta konpontzen baita auzia.
Su-etenari begira erreparoak ditu, baina errespetatuko du proposamen «ahula». Gobernuak egin bezala berak ere baldintzak jarri ditu: «Frontean ez du mugimendurik egon behar». Malek Kurdi buruzagiak hitz egin du taldeen izenean. Dena den manifestazio baketsuak babestera aterako dira, eta gaur, eta gaur batez ere, jendetza espero dute kalean.Haien kontrako edozein atxiloketa edo eraso «probokaziotzat joko» dute, eta erantzun. Beraz, arriskua hor da. Su-etenaren aitzakiarekin gobernuaren indarrek egin ditzaketen gehiegikeriek kezkatzen dute Kurdi, eta proposamenak ikuspegi okerra duela iruditzen zaio, NBE ez delako Sirian egongo agindutakoa urratuko balute egiaztatzeko. «Su-etena hausten bada, nor egongo da esateko nork egin duen tiro lehenengo?».
Gainera, Brahimiri matxinoen «talde batzuek» jakinarazi diote errespetatuko dutela, baina ez direla fio gobernuaren hitzaz. Beste batzuek, berriz, zer esan dioten ez du esan, eta Al-Nusra fronte islamistak su-etena zapuzteko asmoaren berri eman du. Haiek guztiek jarduera armatua eteten ez badute, berriz, Siriako Gobernuaren armadak erantzun egingo duela ohartarazi du. Su-etena bai, baina baldintzak jarrita: «Terroristek eraso egiten badute, euren posizioak indartu, herrialde barrutik nahiz kanpotik armez hornitzen badira, eta auzoek terroristak sartzea errazten badute erantzun egingo dugu».
Ez dirudi, beraz, oso bideragarria denek betetzea NBEk eskatutakoa. Atzoko mugimenduak ez zuen ematen su-etenaren atarian egoteko itxurarik, barealdiaren aurreko ekaitza izan badaiteke ere, baina Damasko inguruko herriak sutan zeuden. Oposizioaren arabera, gobernuaren indarrek Zamalka, Jafr Batna eta Saqba bonbardatu zituzten, Damasko bera gotortu ahal izateko. Duman hil dituzten 25 zibilen erantzule ere gobernua egin dute aurkariek, baina Sana agentzia ofizialak beste bertsio bat eman du: «Terroristak» izan dira.
Gerra krimenak
UNHCRk, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak, egunotako su-etena baliatu nahi du giza laguntza sartzeko herrialdean.65.000 pertsonarentzat paketeak sartu nahi dituzte, koltxoi, estalki, eta higienerako eta sukalderako beharrezkoekin.
Su-etenak irtenbiderako bidea egiten ez badu, etorkizunak ez du batere itxura onik; gerra eta gizateriaren kontrako krimenak egiteko inpunitate osoa egongo dela eta, kezkatuta dago giza eskubideen urraketa ikertzeko NBEk babesten duen batzordea, eta, horregatik, bilera bat egiteko eskatu dio Baxar Al-Assadi.
Sirian benetan gertatzen ari dena jakiteko presidenteari batzordea babesteko neurriak jartzeko eskatuko diote. Sirian ez bada atzerrian bilera egiteko idatzi diote presidenteari. Joan den ekainean Damaskoren baimena lortzera joan ziren Siriara, baina esku-hutsik itzuli ziren. Gobernuaren ustez, alde bakarrak ematen duen bertsioaren bozgorailua da batzordea.
Sergio Paulo Pinheiro batzordeko presidentea, Karen Abu Zayd taldeko kidea, Carla del Ponte fiskal ohia —Jugoslavia zenerako eta Ruandarako nazioarteko auzitegietan hartu zuen parte—,eta Vitit Muntarbhorn Ipar Korearako NBEren kontalari izandakoa Genevan izan dira aste honetan, lanak koordinatzen eta banatzen. Txosten mardula egiten ari dira gertatzen ari denari buruz, eta urtarrilean horren laburpena azalduko dute.
Batzordeak urtebete darama Sirian gertatzen ari diren sarraskien lekukotasunak jasotzen, eta,batez ere, gerratik ihes egin dutenen elkarrizketen bidez ari dira informazioa biltzen; baina, horrez gainera, krimenen ustezko egileen zerrenda bat ere osatu dute, eta NBEren giza eskubideen erakundearen esku utzi dute, auzibiderik hasiz gero hari dagokiolako lan hori.
Saudi Arabian siriarrik ez
Sirian ere, mundu osoan bezala, musulmanen urteko egunik handiena izango da gaurkoa, baina siriarrek debekatua dute Saudi Arabiako hitzordura joatea. Joan den hilean Mekarako bidaia antolatzen duen Siriako batzordeak beharrezko neurriak hartu zituen herritarrak joan ahal izateko, baina Saudi Arabiako batzordearekin ez da ados jarri, eta, azkenean, hiri sekretura joateko debekua jarri die erromesei. Segurtasuna arriskuan jartzen duela argudiatu du, eta, gainera, egun handiak aldarrikapen politikoak ez dituela onartzen. Riadek erabakitzen du herrialde bakoitzetik zenbat erromes joango diren.
Bi herrialdeen arteko harremana oso hondatuta dago Sirian matxinada hasiz gero, Qatar eta Turkiarekin batera oposizioko taldeak babesten eta laguntzen baititu Riadek, eta nazioartean esku hartzearen alde dago. Saudi Arabiak neurri gehiago hartuak ditu Baxar al-Assaden gobernuaren kontra, eta Damaskok gatazka sustatzea leporatzen dio.
Baldintzapeko su-etena Sirian
Musulmanen festak iraun bitartean utziko dituzte bi aldeek armak, baina probokaziorik txikienari erantzungo diotela ohartarazi duteAl-Nusra fronte islamistak Damaskoren kontrako erasoei eutsiko diela jakinarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu