Herrialde Katalanak

Balear uharteetako presidente ohiari behin-behineko kartzela zigorra jarri diote ustelkeriagatik

Jaume Matas PPko kide eta Espainiako Ingurumen ministro izandakoak espetxea saihestu ahal izango du, hiru milioi euroko bermea ordainduta.

2010eko martxoaren 30a
18:31
Entzun
Jaume Matas Balear uharteetako (Herrialde Katalanak) presidente ohi, PPko kide eta Espainiako Gobernuko Ingurumen ministro izandakoari badaezpadako behin-behineko espetxe zigorra jarri dio Jose Castro Palmako Auzitegiko instrukzio epaileak gaur, presidente zen garaian ustelkeriako hamabi delitu egin izana egotzita. Haren "ondasuna hainbeste haztea ezinezkoa" dela adierazi du epaileak.

Hala ere, Matasek epaia eman artean kartzela saihestu ahal izango du, baldin eta apirilaren 7rako hiru milioi euroko bermea ordaintzen badu.

Halaber, Espainiako Estatutik irteteko debekua ezarri eta pasaportea erretiratu dio epaileak, "ihes egiteko arriskua baitago". Matas Ameriketako Estatu Batuetan dabil lanean baina Baler uharteetan dago orain. 2007an galdu zuen Balear uharteetako presidente kargua.

Diru zuriketa, hautes delitua, diru publikoa gaizki erabili izana, agiri ofizialak faltsutzea, prebarikazio administratiboa eta administrazioari iruzur egitea leporatu dio epaileak. Delitu horiek epaiketan egiaztatuz gero, 64 urteko espetxe zigorra jasoko luke Matasek.

Espainiako ministro, gobernuburu Jose Maria Aznar zela izan zen. Aste honetan PPko afiliatu izateari utzi dio, alderdia ustelkeriarekin ez nahasteko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.