Katalanez jakitea ez da derrigorrezkoa izango Balearretako (Herrialde Katalanak) administrazioko lehiaketetan. Iazko uztailean aldatu zuten arau autonomikoa, derrigortasuna kenduz, eta helegitea jarri zion Espainiako Senatuko Talde Parlamentario Sozialistak. Konstituzionaleko epaile gehienek uste dute ez dela konstituzioaren kontrakoa: "Katalanaren ezagutza funtzio publikoan zabala da, hezkuntza sisteman diziplina gisa sartuta". Lau magistratuk gehiengoaren erabakiaren kontra egin dute.
Konstituzionaleko presidenteorde Adela Asuak bere boto partikularrean azaldu duenez, "Konstituzioko 3.2 artikulutik eratortzen diren hizkuntz eskubideak ez dira behar bezala bermatzen". Juan Antonio Xiol eta Encarnacion Rocak emandako botoak, berriz, dioenez, "administrazio autonomikoak ez du aintzat hartzen pertsona interesatuak aukeratzen duen hizkuntzan tramiteak egiteko eskubidea".
Konstituzionalaren erabakiaren arabera, ordea, "ez dago diskriminaziorik gaztelaniari ez zaiolako lehentasunezko tratua ematen".