Balkanetako erregina

Duela 13 urte lortu zuen independentzia herrialdeak. Herritar gehienek kezka adierazten dute beren etorkizunagatik

2004ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Lehen Mundu Gerra ostean serbiar, kroaziar eta esloveniarren Erreinua izan zen Jugoslaviako Federazioa. Bertan Eslovenia zen errepublika aberatsena eta liberalena. Independentzia ere gerra handirik gabe lortu zuen, Kroaziak eta Bosniak ez bezala. Balkanetako erregina Bruselari begira dago orain, ordea. Bihar bertan, Europako Batasuneko kide bihurtuko baita. EBn sartuko den Balkanetako lehenengo errepublika da, gainera.

Ljubljanako Kongresni plazan Europako Batasunari buruzko erakusketa eta hainbat ekitaldi daude antolatuta. EBko 25 kideen banderen azpian, herritarrak bertatik igarotzen dira, paseoan edo bistadizoa botatzeko.Silva (52 urte) bizikleta hartu eta badoa. Bere adineko jendearekin dago kezkatuta; gazteentzat, aldiz, EBn sartzeak aukera asko sortuko dituela uste du. Stanko Skrjane ere (40) bizikleta hartzera doa. Esloveniak independentzia lortu zuenetik denbora laburregia igaro da, bere ustez, EBn sartzeko: «1990ean gure herrialde propioa izatea lortu genuen; gure ametsa zen. Azkarregi sartuko gara EBn. Bakarrik 11 urtez izan gara independente, eta 120 urtez izango bagina askoz hobe izango litzateke». Hedapenari buruz jendeak iritzi ezberdinak dituela dio, baina berdin gertatzen zela independentzia aldarrikatu zenean ere. EBri ikusten dion arlo negatiboetako bat da aberats eta pobreen arteko aldea handituko dela, nahiz eta oro har ekonomia hobetu. Bizikletarik ez dakarte Breda (55), Marta (79) eta Silvanak (50). Alde baikorrak ikusten dizkiote Europako Batasunari: «Askatasuna, segurtasuna, merkatu aske eta handia, kultura zabalagoa eta gazteentzat ikasteko aukerak» ekarriko dituela nabarmendu dute eta esloveniar guztientzat ona izatea espero dute, ez bakarrik gazteentzat. Jugoslavia ohiko beste errepublikekin harreman ahalik eta onena izan nahi dute, eta haiek ere laster EBko kide izatea.Nada Severrek (55) nahiago du herrialde txikia izan EBko kide bihurtu baino. Jaro Sever Torkar semearekin (18) erosketak egiten ari da Kongresni eta Gledaliska Stolba kaleen arteko denda batean, gida txakurraren laguntzarekin. «Politikariek dauzkate sokak beren eskuetan eta gu EBn sartzera behartzen gaituzte», adierazi du Jarok. Nadak gehitu du «moda» kontua dela, neurri batean, EBn sartzea. Hala ere, Eslovenia ekonomikoki eta politikoki bakarrik garatzeko gai ez dela uste du. Eslovenian bizi diren gutxiengo kroaziar eta serbiarrak «anaia-arrebatzat» ditu Nadak. «Ni Jugoslavian hezia izan nintzen eta ez nuen inoiz arazorik izan beraiekin». Jarok gehitu du azken urteetan «nazionalismoa eta gutxiengoekiko intolerantzia» handitzen ari dela Eslovenian. Berak, aldiz, esloveniar ez diren lagun asko dauzka. Filosofia eta soziologia ikasi nahi du Jarok. Ljubljanako unibertsitatean ez badute hartzen, Eskandinaviara joango da lanera. Kroazia, Bosnia-Herzegovina, Mazedonia, Serbia, Montenegro eta Esloveniak osatzen zuten Jugoslavia, Josip Broz Tito esloveniarraren buruzagitzapean. Sei errepubliketatik Serbia zen botere handiena izan zuena. «Serbiak Bosnia eta Kosovon egin zuena oso tristea da», esan du Nadak, «Tito azkarra zen, baina Milosevic zoroa». Titoren heriotzak eta 80ko hamarkadan komunismoak izan zuen gainbeherak bultzatu zuen Eslovenia independentzia aldarrikatzera. 10 eguneko gerra laburra izan zuen Jugoslaviarekin, baina aske izatea lortu zuen barne borrokarik gabe. 1991n, independentzia lortzean, Europa orain izan zen Esloveniaren leloa. Irrika hura apaltzen joan zen denborarekin, ordea, nahiz eta askok beharrezkotzat jo EBko kide izatea. Gledaliska Stolbako eraikin batetik datorren bibolin soinua atzean utzi eta kale txikian behera, Hribarjevora iritsi gara, Ljubljanica ibaiaren bazterreko kale estu eta luzera.

Aukerak eta beldurrak

Katja Khamen iritziz (65), Eslovenia ez da guztiz aldatu azken urteotan. «Beharrezkoa zen Europako Batasunean sartzea, ez baitaukagu herrialde demokratikoa», adierazi du, «hasieran zoragarria izan zen independentzia. Erreferendumean herritarren gehiengo zabalak independentziaren alde bozkatu genuen. Baina, 12 urte geroago, betiko politikariak ditugu: komunista ohiak dira eta ezin dute modu demokratikoan pentsatu». Zentro-ezkerra dago agintean: Janez Drnovsek liberal demokrata da presidentea eta bere alderdikide Anton Rop lehen ministroa. «Enpresa asko ere galdu ditugu komunisten eskutik. Kudeaketa ustela egin zuten eta familia asko ezer gabe geratu ziren. Nik enpresa batean egiten nuen lan, baina itxi zutenerako nahikoa urte lan eginda nituen erretiroa jasotzeko». Katjak ez du uste Balkanetako bizilagunek laster egingo dutenik bat Europako Batasunarekin: «Jugoslavia oso pobrea zen. Esloveniarrek esaten genuen dirua Sava ibaitik [Eslovenia] Belgradera joaten zela. Lan egiten ikasi beharko dute, denak doan izan behar duela pentsatzen baitute».

Ljubljanica ibaiaren (Zazpi Izenen Ibaia) bazterra eta gazteluaren mendia artean dago Esloveniako hiriburuaren bihotza, alde zahar barrokoa. Herritarrek diote hiri handi batek eduki behar duen guztia eskaintzeko bezain handia dela Ljubljana eta biztanleen indibidualtasunari eusteko bezain txikia.Jugoslaviari buruz pentsatzeak nostalgia eragiten dio Marjani (30). Jugoslavia ohiko errepublika batzuk, Kroazia batez ere, zenbait arlotan Eslovenia baino garatuago daudela uste du bere bikotekide Spilak: «Eslovenia ez da behar bezain garatua, industria txikia daukagu». «Eta ez dakigu EBk nola funtzionatzen duen», gaineratu du Marjanek.Alde on eta txarrak ikusten dizkiote EBri: «Alde ona da lan egiteko aukera gehiago egongo direla, baina bestalde, lan egiteko era erasokorra daukaten enpresa asko etorriko dira».Portugal eta Grezia baino aberatsagoa da Eslovenia. EBko kideen per capita errentaren %70 dauka, langabezi tasa txikia (%6,4), defizita murriztu du eta nekazaritza gaurkotu.

«Gotorlekua»

Simona (34) soziologoa da eta migrazioak aztertzen ditu. Salatu duenez, EB «gotorleku bat» izango da: «Eslovenia EBn sartzen denean, Kroaziarekin muga izango dugu. Balkanak atzean utziko ditugu eta oso lotuta gaude elkarrekin gaur egun. Jugoslavia ohiko bazkideak dituzte gure enpresek. Baina, orain bakarrik Bruselari begira jarriko gara eta ez luke hala izan behar. Schengeneko muga bazterketa da». Bestetik, Europako Batasunaren oinarria ekonomia dela nabarmendu du eta ezin duela ulertu Hamabostek Europa erdialde eta ekialdeko langileei ateak ixtea. «Orain Mendebaldeak merkatu zabala izango du», esan du, «eta zer gertatzen da gurekin?».

Ibaiaren beste aldean, Cankarjevo kalean, lagun batekin hizketan ari da Davor Males. Davorren aita kroaziarra da, eta duela bi hamarkada etorri zen Esloveniara bizitzera. Aitak ez duela inolako zailtasun edo bazterketarik jasan dio. Eslovenian 2 milioi pertsona bizi dira. Herritarren %84 esloveniarrak dira eta gutxiengoen artean kroaziarrak eta serbiarrak daude. Davorrek Balkanetako herritarrak gertuago sentitzen ditu kulturalki Europako Batasuneko beste herrialdeak baino. Independentziaz pozik dago gauza asko aldatu direlako, baina ez dituzte aldaketa guztiak gustuko. «Komunismoa pobreez kezkatzen zen, baina orain bakoitza bereaz bakarrik kezkatzen da», esan du Davorrek. EBn sartzea ontzat duen arren, agintariek esan zietena baino prozesu zailagoa dela nabarmendu du. «Orain lehiakortasuna handiagoa izango da, burokrazia handiagoa eta politika sozialak murriztuko dira».Ljubljanako Erdi Aroko gaztelu-gotorlekua IX. mendean eraiki zuten. Egun, defentsa helbururik ez duenez, irekita dago bisitarientzat. Eta Esloveniaren bat-egitearen ondoren, ateak beraiei ere zabaltzea espero dute Balkanetako beste erreginek.

-

Kronologia



1918: Inperio Austro-Hungariarra desegin ondoren, Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erreinuko kide bihurtu zen Eslovenia.

1941: Bigarren Mundu Gerran, Alemaniako naziek eta Italiak okupatu zuten.

1945: Jugoslavia errepublika sozialista bihurtu zen.

1990: Herritar gehienek independentziaren alde bozkatu zuten erreferendumean.

1991: Eslovenia eta Kroaziak independentzia aldarrikatu zuten. Jugoslaviako Armada Eslovenian sartu zen eta bertako indar armatuek herrialdea defendatu zuten. 100 lagun hil ziren gatazkan. Europako Batasunak bake artekaritza egin ondoren, Jugoslavia erretiratu egin zen.

1992: EBk eta AEBek Esloveniaren independentzia onartu zuten. Eslovenia NBEko kide bihurtu zen.

1996: Europako Batasunarekin elkartze akordio bat sinatu zuen.

1997: EBk hedapen negoziazioak hasi zituen Esloveniarekin.

1999: NATOri bere aire eremua erabiltzen utzi zion, Kosovo eta Serbia bonbardatzeko.

2003: Parte-hartzaileen %89k EBn sartzearen alde egin zuten erreferendumean.

2004ko martxoa: NATOko kide bihurtu zen Eslovenia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.