Balutxistango Iundula talde armatu sunitako ustezko 11 ekintzaile urkatu zituen atzo Iranek, erregimen xiitaren aurkako «terrorismo» delituagatik. Iundulak (Jainkoaren Armada) azkenaldian egin duen erasorik bortitzena gauzatu eta egun batzuetara erabaki du Sistan-Balutxistango probintziako auzitegiak preso horiek hiltzea. Izan ere, iragan abenduaren 15ean, ekintzaile suizida batek bere burua leherrarazi eta 38 lagun hil zituen xiiten mezkita batean, Txabahar hirian. Urkatutakoek atentatuarekin zerikusirik zutenik, ordea, ez dute zehaztu Irango agintariek.
Ustezko 11 ekintzaileak Zahedan hiriko kartzelan exekutatu zituzten. Zahedan da Sistan-Balutxistan probintziako hiriburua—Irango hego-mendebaldean dago probintzia—. «Sistan-Balutxistango herriak, krudeltasunaren eta segurtasun ezaren aurkako kanpainan, 11 lagun urkatu ditu Zahedango espetxean», adierazi du Irango Justizia Ministerioak, ohar baten bidez. Sistan-Balutxistango Justizia sailburu Ebrahim Hamidiren arabera, berriz, ekintzaileek bidezko epaiketa izan dute. «Ustelkeria, Jainkoaren eta Profetaren aurka borroka egitea, eta Irango Errepublika Islamikoaren erregimen sakratuari aurre egitea» leporatu zaiela azaldu du Hamidik.
Balutxistan Irango, Pakistango eta Afganistango estatuen artean banatutako nazioa da. Iundula 2002an sortu zen, Teheranen menpeko balutxeentzako autonomia eta eskubide unibertsalak aldarrikatzeko.
Murrizketa neurriak
Irango Polizia, berriz, alerta egoeran dago, gobernuak erregaiarentzako eta elikagaientzako diru laguntzen murrizketa onartu ondotik. Duela hiru urte, gobernuak erabaki berbera hartu zuen, eta istilu larriak izan ziren.
Onartutako neurrien ondorioz, erregaiaren prezioa laukoiztu egin daiteke, eta elikagaietan errazionamendua ezarri dute. Programa nuklearra dela eta, NBE Nazio Batuen Erakundeak Iranen aurka hartutako neurriek egoera ekonomikoa zaildu dute.
Balutxistango ustezko 11 ekintzaile sunita urkatu ditu Iranek
Iundula talde armatuak 38 lagun hil eta egun batzuetara gauzatu du Teheranek balutxen aurkako heriotza zigorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu