Su-eten bat negoziatzeko ahaleginetan ari da Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia. Jerusalemen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bildu da, eta gatazka konpontzeko urratsak egiteko deia egin dio. "Onartzen dut zilegi dela zeuen burua defendatzea, baina erantzuna neurritsua izan dadila eskatzen dizuet", esan dio Netanyahuri. Horrez gain, Hamasek eta Jihad Islamikoak suziriak jaurti izana gaitzetsi du Ban Ki-moonek: "Neure begiekin ikusi ahal izan dut", ziurtatu du.
NBEko idazkari nagusiaren arabera, "familia gehiegik lurperatu dituzte euren seme-alabak, israeldar nahiz palestinarrek". PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministroarekin ere egingo du bilera Banek, Ramallahen.
Gazatik zaurituak atera ahal izateko gaur beste su-eten humanitario bat egingo ote zuten zurrumurruak zabalduak ziren goizean. Baina Israelek ukatu egin du halakorik. Aldiz, jakinarazi du 70 gune bonbardatu dituztela bart gauean. Horien artean, bost meskita eta futbol zelai bat. Eskola baten aurka ere egin du. Bestetik, Gazan izandako liskarretan bi soldadu hil dira, eta beste bat desagertuta dago.
Hildako haurrak, ehun baino gehiago
UNRWA errefuxiatuentzako NBEren agentziak ohartarazi du operazioa hasi zenetik ehunka adingabe hil dituztela eta 100.000 pertsonak etxea utzi behar izan dutela agentziaren aterpeetan babesa hartzeko. Haietan, ordea, ez dago baliabide nahikorik guztientzat. Unicefek jakinarazi duenez, bi astean 121 haur palestinar hil ditu Israelek. Gai Humanitarioen Koordinaziorako Bulegoak ohartarazi du zibilentzat ez dagoela "toki segururik".
Hain zuzen ere, goizean Israelek "ohartarazpen tiroak" egin ditu Al Jazeerak Gazan dituen bulegoen aurka. "Izua zabaldu da berehala. Ez dakigu zer dela-eta egin diguten tiro, baina ziurrenik bulegoak hustea nahiko dute; izan ere, hemendik argi ikus daiteke Gazan zer gertatzen ari den", azaldu du kazetari batek. Israelek onartu egin du bulegoen aurka tiro egin duela, baina ez du azalpen gehiagorik eman.
Bestetik, zenbait iturriren arabera, Egiptok lurreratzea galarazi dio Gazarako giza laguntza zeraman hegazkin bati.
Zisjordanian ere liskarrak izan dira azken orduetan. Iturri ofizialen arabera, palestinar bat tiroz hil eta israeldar bat larri zauritu dute. Tel Avivek jakinarazi duenez, gainera, hamasei palestinar atxilotu dituzte Zisjordanian, Hamaseko kide izatea egotzita.