Gaur zortzi da amaitzekoa Sirian dauden NBE Nazio Batuen Erakundeko 300 behatzaileen misioa, baina mandatua luzatzea eskatu du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak. Indarkeriaren gorakada dela eta, ekainaren 16tik bertan behera dago misioa, eta une honetan behatzaileek euren lana egiterik ez dutela onartu arren, Banek NBEren egitekoari eutsi nahi dio datozen hilabeteetan. Areago, behatzaile kopurua igo nahi du, eta behatzaile zibilak zein militarrak bidali nahi ditu.
UNSMIS izeneko misioa «rol garrantzitsua» ari da betetzen Sirian, Banen ustez: «Aldeen arteko konfiantza sortzen laguntzen du, eztabaida nazionala babesten du, eta han gertatzen denaren berri ematen dio argitasunez nazioarteari». Mandatua amaituz gero, «konfiantza galera bat» gertatuko litzateke NBEko idazkari nagusiaren arabera. «Kolpe bat izango litzateke egoera egonkortzeko ahaleginari, eta bake plana ezartzen laguntzeko erakunde independente bakarra desagertuko litzateke».
Izan ere, apirilean onartu zuen NBEko Segurtasun Kontseiluak Siriara 300 behatzaile bidaltzea Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari bereziaren sei puntuko bake plana betetzen ari dela ziurtatzeko. Baxar al-Assaden tropak kaleetatik ateratzea, bi aldeen su-etena eta elkarrizketa politikoak hastea ziren planaren helburu nagusiak. Alabaina, Sirian gatazkak bere horretan jarraitzen du, eta Annanen planak porrot egin du.
Datorren astetik aurrera UNSMIS misioa berrabiarazi eta «norabide berria emateko» bi ekintza proposatu ditu Banek: batetik, behatzaile kopurua igotzea, militarrak barne, eta bestetik, Sirian «indar armatu bat sartzea behatzaileak babesteko». Zail ikusten du bigarren aukera, Damaskoren onespena behar bailuke, «eta hori ez da oso gertagarria».
Bestalde, Errusiak ere behatzaileen misioa beste hiru hilabetez luzatzeko proposamena aurkeztu zuen herenegun Segurtasun Kontseiluan. Moskuk ere «behatzaile militarrak» sartzea proposatu du, «ikerketa eraginkorrak egin ditzaten». Nolanahi ere, zaila izango da Errusiaren proposamenak aurrera egitea, AEBetako NBEko ordezkari Susan Ricentzat «ez da nahikoa». Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorra da Washington —Errusia, Txina, Erresuma Batua eta Frantziarekin batera—, eta kide guztien onarpena da beharrezkoa proposamenak aurrera egiteko. Mendebaldeak, berriz, NBEren gutuneko zazpigarren kapituluan oinarritutako ebazpen proposamena aurkeztu du, zigorrak jartzeko eta operazio militarrak egiteko aukerak bilduz. Moskuk argitu du bozketara heltzen bada betoa jarriko diola.
Bagdadeko enbaxadorea
Moskuk eta Pekinek behin eta berriz egin dute talka Mendebaldeko potentziekin Segurtasun Kontseiluan Siriako gatazkaren harira. Libiako esku hartzearen ereduari jarraitu nahi izatea egozten dio Errusiak Mendebaldeari, eta hark, berriz, Al-Assad babestea leporatzen dio Kremlinari. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak, bitartean, Bruselaren jarrera berretsi nahi izan du: «Aukera militarra ez da Siriako arazoak konpontzeko bidea».
Bestetik, atzo Damaskoko Atzerri Ministerioak adierazi zuen Siriak Iraken duen enbaxadore Nawaf al-Fares kargutik kendu dutela. Herenegun kargua laga zuela jakinarazi zuen Al-Faresek bideo bidez, «Siriako herriaren iraultzarekin» bat egiten duela esanez. Duela hamasei hilabete Al-Assaden kontrako protestak hasi zirenetik, goi mailako kargu diplomatiko bat laga duen lehenengoa izan da Al-Fares. Irakek jakinarazi du enbaxadore ohia Qatarrera joan dela.
Ban Ki-moonek NBEren behatzaileen misioa berrabiarazi nahi du Sirian
Mandatua gaur zortzi da amaitzekoa, eta NBEk behatzaile gehiago bidali nahi ditu, militarrak tartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu