Mendebaldeko Sahara

Ban: "Nire esku dagoen guztia egingo dut Mendebaldeko Sahararentzako bidezko irtenbide bat aurkitzeko"

Tindufeko hainbat kanpaleku bisitatu ditu Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak.

Tindufeko anpalekuetan izan da Ban Ki-moon. ERRIA
2016ko martxoaren 5a
12:33
Entzun

Besteak beste, Smaran eta Rabunin izan da NBEko idazkari nagusia. Izan ere, apirilean aurkeztuko dute Segurtasun Kontseiluan Mendebaldeko Saharako gatazkari buruzko azken txostena —horrekin batera erabakiko dute Minurso misioa beste urtebetez luzatu edo ez–. Ban Ki-moonek berak eta Polisarioko buru Mohamed Abdelazizek iragarri dute "aukera paregabea" dela apirilekoa urteak geldirik daramaten negoziazioak berriz abian jartzeko. Zentzu horretan, bere esku dagoen "guztia" egingo duela iragarri du Banek, kanpalekuetara eginiko bisitan.

Abdelazizek, bestalde, ohartarazi du sahararrei amaitu zaiela pazientzia: "Negoziazioak blokeatzen jarraitzeak ondorio larriak izango lituzke ez soilik Mendebaldeko Saharako herriarentzat, baita Magreb eskualdeko bakearentzat ere".

Etsita

Ehunka lagun bildu dira Smaran Bani harrera egiteko. Asko eta asko erreferendumaren aldeko kartelak eskuetan zituztela. Kanpalekuetan bizi diren sahararrek baliatu dute bisita NBEren jarrera salatzeko. Izan ere, gehienentzat independentziari buruzko galdeketa da egungo blokeo egoerak duen irtenbide bakarra, baina nazioarteko erakundeak behin eta berriz atzeratu du auziari buruzko erabakia.

Bitartean Marokoko Gobernuak sahararrenak diren baliabideak ustiatzen jarraitzen du eta baita sahararren giza eskubideak urratzen ere. Hain zuzen, Rabatera joatekoa zen Ban, auziari buruz hitz egitera, baina agintariek ukatu egin diote sarrera, argudiatuz erregeak ez duela "denborarik" harekin biltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.