Banaketaren musua

Mendebaldea eta Sobiet Batasuna elkarlan baketsuan ariko ziren mundua zuen amets Gorbatxovek, baina xede horrekin egindako aldaketek SESBen desagertzea ekarri zuten.

arantxa elizegi egilegor
2009ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
«Gorby, lagunduiguzu», oihukatzen zion jendeak, Berlin Ekialdean. Podium batera igota zegoen Sobiet Batasuneko presidente Mikhail Gorbatxov. Haren atzean zegoen Poloniako lehen ministroak, Mieczyslaw Rakowskik, galdetu zion ea ulertzen zuen manifestariek ziotena. Honela erantzun zion hark: «Bai, ulertzen dut. Amaiera da hau». 1989ko urriaren 7a zen, eta Alemaniako Errepublika Demokratikoaren 40. urteurreneko ospakizunetara joana zen Gorbatxov, hilabete geratzen zen ia 30 urtez mundua bitan banatu zuen harresia erortzeko.

Urteurreneko ospakizunetan zegoen baita ere Errepublika Demokratikoko buru eta Alderdi Komunistako liderra, Erich Honecker. Egun hartako irudi ezagunena Gorbatxovek Honeckerri emandako musua bada ere, ordurako bien arteko harremana zapuztua zegoen. Urte bereko ekainean SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko buruak garbi utzi zuen ez zela bere nahia bi Alemaniek betiko bananduta jarraitzea. «Uste dut Gerra Hotzaren garaia amaitua dela. Beste harreman mota batzuk lantzeko unea heldu da, nazioarteko harreman baketsuak bultzatzeko unea». Honeckerri, boterea bere nahierara erabiltzera ohitua, hitzok ez zitzaizkion gustatu, eta urteurreneko ospakizunetan, mikrofonoetatik urrun, mespretxuz erantzun zion: «Gure arazoak gure erara, sozialisten erara konponduko ditugu».

«Bizitzak zigortu egiten du berandu iristen dena». SESBeko buruzagiari ez zitzaion arrazoirik falta hitzok esan zituenean. Ospakizunak izan eta hamar egunera kargutik kendu zuten Honecker, eta hiru aste geroago Berlin bitan banatzen zuen hesia bota zuten. Aurrerago jakin zen, Gorbatxovek Berlinera egindako bidaia baliatu zuela Errepublika Demokratikoko tropa sobietarrei mezu bat helarazteko: beren barrakoietan geratu behar zuten hurrengo egunetan. «Hara joan ginen eta ez esku hartzeko agindu zien Gorbatxovek. Halakorik agindu izan ez bagenie, beste mundu gerra bat hasiko zen», gogoratu du garai hartan SESBeko Atzerri ministroa zenak, Eduard Xevardnadzek. Denek buruan zuten hilabete batzuk lehenago Txinan, Tiananmengo plazan, gertatutako sarraskia, armadak manifestarien aurka egin zuenean.

Urte batzuk geroago, jarrera haren zergatia azalduko zuen Gorbatxovek bere memorietan. «1980ko hamarkadaren erdirako gure gizartea presioko eltze baten parekoa zen. Bi alternatiba zeuden, Alderdiak -Komunistak- aldaketarekin bat egin eta gizartera gerturatzea edo lehengoari eustea. Bigarren kasuan, leherketa saihestezina zen».

'Perestroika'

Mendebaldeko potentziekin elkarlan baketsuan arituko zen Sobiet Batasuna zuen amets Gorbatxovek, perestroika edo erreformaren bitartez. Baina ez zuen egoera kontrolatzen jakin. Sentimendu kontrajarriak eragiten zituen buruzagi sobietarrak; atzerrian gehienek miresten zuten, baina etxean asko ziren gorroto zutenak. Brezhnevdoktrina amaitzea izan zen haren lehen erabakietako bat; hala, Ekialdeko Europan komunismoa defendatzeko indar militarra erabiltzea debekatu zuen. Apurka, Varsoviako Hitzarmena sinatu zuten herrialdeak Moskutik urruntzen joan ziren -batzuk iraultza odoltsuen bidez, Errumaniaren kasuan bezala-.

1991ko abuztuaren 20an, SESB desagertzear zegoela ikusita, eta Sobiet Batasuna kide izango zuen mundu mailako segurtasun erakundearen ametsa -NATOren ordezkoa izan behar zuena- erabat suntsituta, Estatu Burujabeen Erkidegoa sortu zuten. Nazioek beren independentziari eutsiko zioten arren, erkidegoak presidente, atzerri ministro eta armada bakarra izango zuen. Moskuk hitzarmena sinatu baino egun bat lehenago, ordea, Gorbatxoven gertuko buruzagi talde batek estatu-kolpe saioa egin zuen, garai bateko Sobiet Batasunari eusteko asmoz. Hiru egun iraun zuen kolpea izan zen SESBen azken hatsa.

Gorbatxovi geratzen zitzaion sostengu urria amaitu zuen estatu kolpeak, baita hainbat nazioren independentziarako bidea azkartu ere. 1991ko abenduaren 24an, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak SESBeko enbaxadorearen ohar bat jaso zuen, Errusiako presidente Boris Jeltsinek sinatzen zuen: aurrerantzean Errusiaren izena izango zuen ordura arte SESBena izan zen aulkiak. Hurrengo egunean Gorbatxovek dimisioa emango zuen, eta urte berriarekin batera sortuko zen egun Errusia gisa ezagutzen duguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.