Sergi Cabeza kazetari kataluniarrak eta BERRIA-n kolaboratzaile aritutakoak Twitterren idatzi zuen atzo, Parisko manifestazio erraldoiaren egunean: "Sobietar Batasuna erori ondoren, Islama igaro zen Mendebaldeak beharrezkoa zuen etsaia izatera". Jada Gerra Hotza egituratu aitzinetik, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren sorrerak mugarri bat ezarri zuen Mendebaldean. Sistema irauli nahi zutenek, gorriek, barne etsaiak, boterea hartu zuten herrialde batean. Komunismoaren izua sortu zen. Barrenean daude, gure artean daude, eta orain arteko bizimodua suntsitu nahi digute. Eraso egin nahi digute. Horren ondorioak ezagutzen ditugu: Alemanian, Italian, Espainian —eta Hego Euskal Herrian, noski—, Grezian, Latinoamerikan… etsaiaren eliminazioa bilatu zen. II. Mundu Gerra ere nahasi zen tartean. Baina gatazka horrek mugarri bat ezarri zuen. Gorrienganako izua sustatu bai, kanpotik lagundutako barne etsaia seinalatu bai, baina Mendebaldeko eliteek ikusi zuten haien arriskua ez zirela soilik zenbait talde, ekintzaile eta intelektual; masa batek, langile masak, gizartearen gehiengoak, bat egin zezakeen ideologia horrekin, eta, beraz, makilaz gain, azenarioa ere erakutsi behar zitzaion herriari. Hortik, Ongizate Estatua. Dinamika hori 1989-1991 urteen artean bukatu zen.
Oraingoan, ordea, ezberdina da. Ukrainako gatazka dela eta, Errusiaren —SESBen oinordeko gisa— eta Mendebaldearen artean Gerra Hotza berpiztu dela erran da. Lehia badagoela, ziur. Arriskutsua dela, dudarik ez. Baina ez da iraganean bezala. Errusiaren inguruko herrialdeetan, justifikatuta ala ez, haiza liteke beldurra: "Errusiak inbadituko gaitu". Baina Londresen, Parisen, Berlinen, Erroman… lantegiko langileak, postariak, langabeak, karrikako garbitzaileak… Zeinek izanen dio beldurra Errusiari? Zeinek sentituko du Putinek mehatxatzen duela? Inork gutxik. Komunistak gure artean zeuden, baina errusiarrak ez. Gure artean daudenak, musulmanak dira. Eta musulmanek Charlie Hebdo-ri erasotzen diote, bonbak paratu nahi dituzte metroan, saltokietan tiroka hasiko dira… Jada mesfidantzaz begiratuko diogu karrikan, bagoian edo autobusean ondoan jarri zaigun arabiar itxurako herritarrari. Lantegiko langileok, postariok, langabeok eta karrikako garbitzaileok haren jomugan gaudela sentituko dugu. Eta jomugan gaude, bai, hori egia da; baina soilik ideologia jakin baten jomugan. Utziko al digu beldurrak hori bereizten? Mendebaldeko agintariek badute seinalatzeko etsaia: muturreko islamismoa. Komunismoa bezala, barreneko etsai bat da, gure artean dago, baina komunismoarekin ez bezala, muturreko islamismoarenganako beldurrak trukean ez digu Ongizate Estatu bat ekarriko. Beldur bagara, segurtasuna da gure agintariek eskaintzen diguten alternatiba bakarra.
Atzo jendetza ikaragarria elkartu zen Parisen. Jende anitza, joan den asteko basakeria salatzeko. Eta guztien buru paratu ziren mundu zabaleko agintariak. Normala den bezala, segur aski gizartearen gehiengoak amorrua sentitu du fanatiko erlijioso batzuek kazetariak, marrazkilariak eta zibil soilak sarraskitu dituztela ikusita; ezin zen bertzela izan. Erreakzio normala da karrikan biltzea, arbuio kolektiboa erakustea. Horretarako behar morala sentitu dute ehunka milaka lagunek, eta normala eta zilegi da. Baina eraso horiek babestu edo gehiago egiteko asmoa dutenengan, hagitz eragin txikia du masaren erreakzio horrek. Elkarretaratze horiek, ordea, garrantzia handia dute pankartan paratu diren agintarientzat. François Hollandek mezu bakarra indartu nahi izan du: batasuna. Baina zer da batasun hori? Batasuna barbaroen aitzinean, edo herritarrek erakutsi beharreko batasuna pankartaren buruan paratu diren agintari guztiekin? Agintari horiek egiten dituzten politikekiko, eta egiteko asmoa dituztenekiko, ba al du lekurik kritikak? Edo are gehiago, erresistentziak?
V for Vendetta filmak —jatorrian nobela grafiko bat dela ahantzi gabe—, akzio eszena efektisten gainetik, badauzka aski esaldi ulergarri eta argiak gidoian. Honela mintzo zaie V izeneko heroi maskaraduna faxismopean dagoen Ingalaterrako herritarrei, telebistatik: "Egia errateko, errudun baten bila ari bazarete, ispiluan begiratzea bertzerik ez duzue. Badakit zergatik egin zenuten, badakit beldur zinetela. Eta zein ez? Gerrak, terrorea, eritasunak… Arazoek osatutako plaga bat zegoen, eta bat egin zuen zeuon zentzumenak galbideratzeko, zuen sen ona zurrupatzeko. Beldurrak gain hartu zizuen, eta izuak jota zinetela Adam Sutler egungo liderrarengana jo zenuten. Ordena hitz eman zizuen, bakea hitz eman zizuen, eta trukean eskatu zizuen gauza bakarra zuen sumisio isil eta erranekoa izan zen". Arazo bakarra ez da, ordea, Adam Sutler bat etor litekeela eta boterea hartu. Hori baino zabalagoa da mehatxua. Arazoa da Mendebaldeko gizartearen gehiengoak erreakzio naturaltzat barneratu litzakeela kutsu faxista argia duten balio murriztaileak, Le Penek agindu nahiz ez; Hollande, Obama, Sarkozy, PP, PSOE edo dena delakoa agintean egonda, eta hauteskunde sistema ezabatzeko beharrik eduki gabe. Hein batean, Espainian euskal gatazkarekin gertatu dena: ETA zegoelako, botereak emandako erantzun errepresiboak naturalizatu egin direla, normaltzat jo. 1930eko hamarkadako Alemanian, umilazio sentipena, etorkizuneko ikuspegi ezkorra, menpekotasun sentsazioa baliatu zuen faxismoak boterea hartzeko. Gure aroan, V for Vendetta-k beldurra identifikatzen du faxismoak gailentzeko erabilitako armatzat.
Irailaren 11tik, bertze pauso bat
Dena den, psikosi giroa ez da berria. 2001eko irailaren 11ren ondoren sortu zena inoiz ikusi gabekoa izan zen. Zergatik halako irudipena, orduan, Charlie Hebdo-ren aurkako erasoa zerbaiten hasiera izan litekeela pentsatzeko? Bi arrazoi egon litezke. Bata, Ekialde Hurbilaren bihotzean, muturreko islamista sunitei estimulu eta ilusio handia sortzen dien eragile bat sortu dela, bokazio espantsibo batekin: Estatu Islamikoa. Al-Qaedak eta talibanek ere ez zuten gaitasun hori. Bertzea, berriz, erasoen eta erasotzaileen tipologia da; jada ez dira soilik atentatu sofistikatuak beldurra sortzen dutenak; tiroketak, labankadak, auto harrapaketak... gutxien espero dugun unean gutxien espero dugun tokian gerta litezke, pertsona batek edo batzuek, entrenamendu militarra izan ala ez, hala erabaki dutelako, ideologia baten izenean. Ez dira agindu baten edo planifikazio baten zain egon beharrik. Gure hiri lasaiak, errutinaren menpe bizi direnak, gerra urruti daukatenak, gatazka eta tentsio gune bilaka ditzakete edozein momentutan. Eta erasotzaile horiek gure artean bizi dira. Pauso bat gehiago eman du izuak. Beldur perfektua sortu da —"sortu dute" pentsatzea ere zilegi da—.
Eta konponbidearen zailtasunak erraztu liezaioke bidea aurreikuspen apokaliptikoari. Ez baitago konponbide bat, bakarra. Konponbideak eskatzen du Mendebaldeak islama nagusi den herrialdeekiko atzerri politika aldatzea, dominazioari uko egitea —tira, eta ez herrialde horietan bakarrik—; baina atzerri politika hori aldatzeak nazioarteko egitura ekonomikoa berregituratuko luke, herrialde horietan baitaude petrolio baliabide aberatsenak, eta Mendebaldeko elitea ez dago aldaketa horietarako. Eta israeldarren eta palestinarren arteko gatazkak eragina dauka, eta Iranen eta Golkoko monarkien arteko lehia sektarioak, eta urrutikoak zaizkigun gerra odoltsu horiek konpondu beharko lirateke. Baina erasotzaileak jada ez dira kanpotik infiltratutako komando atzerritarrak, bertako herritarrak dira, bertan jaio, hazi eta hezitakoak; horrek, beraz, barne politikak aldatzea ere eskatzen du, gutxiengoen bizi baldintzen inguruan gogoeta sakon bat egitea, eta hori ez da islamismoarekin sortutako arazo bat. Anitzez lehenagotik dator. Eta hirugarrenik, islama nagusi den herrialdeetan ere aztertu beharko lukete laikotasunak zergatik egin duen gibelera; hor, errazegia da herrialde horietakoren bat inoiz zanpatu gabe Mendebaldeko pulpituotatik iritzia ematea, eta kontuan hartu beharko litzateke Mendebaldeko atzerri politika erasokorrak ere eragin erabakigarria izan duela mugimendu erlijiosoek erresistentziaren ikurra hartzeko, ezkerrekoen eta laikoen kaltetan. Hain zuzen, Europan ere, Mendebaldeko balioak vs. islamismoa dikotomia hori indartuta, ezkerrak jokoz kanpo gelditzeko arrisku larria dauka.
Beldur perfektua gorpuzten ari da Europa mendebaldean, eta beldur horri etekina ateratzeko lehia hasia da dagoeneko. Faxismoak gerra-frontean galdu zuen bataila, milioika bizitzaren truke, baina barne etsaiarenganako beldurrak eman liezaioke garaipena. Hagitz zaila da konponbidea, baina badago. Egon behar du. Herritarrek eskura daukaten lehenbiziko erantzuna, salbatzaileei bizkarra ematea da. Eta ez da heroi maskaradunik etorriko laguntzera.