Bangladeshek azken sei urteotako uholderik latzenak izan ditu aurten. Udako montzoiak uztailean ekarritako urek gutxienez 600 pertsona hil zituzten, eta dozenaka mila etxea uztera behartu. Unicefek atzo adierazi zuenez, uholdeek eragindako lurraldeetan esku-hartzerik izan ezean, malnutrizioak miloi bat haurri eragin diezaieke datozen sei edo zortzi asteetan. «Berehalako pausoak ari gara ematen», adierazi zuen Harriet Torleffek, Unicef erakundeko eledunak. Torleffek gaineratu zuen, uholdeek bost urtetik gorako haurren %15 «oso egoera larrian» utzi dituztela. Unicefek dioenez, osasun arreta urriak eta familia errentaren galerak malnutrizioa ugaritzen lagundu dute.
Bigarren euriteak irailean iritsi ziren Bangladeshera. Hamabost pertsona hil eta Dakha hiriburua blokeatu zuten uholdeek. Agintariek adierazi zutenez, 825.000 pertsonak etxetik alde egin behar izan zuten, ibai batek gainezka egin eta ehunka herri urpean utzi zituelako. Milioika pertsona kaltetu eta etxe gabe utzi bazituen ere, zenbaiti mesede egin zien euriteak, hainbat arrain-haztegik gainezka egin eta arrain andanak alde egin baitzuten, gose zeuden herritarren zorionerako.Bestalde, udako montzoiak Indian ere uholdeak utzi ditu. Euriteen eraginez, 150.000 pertsona etxerik gabe gelditu dira mendebaldeko Bengalan. Montzoi bukaerako euriek denera 800.000 pertsona mugiarazi dituzte beren etxeetatik Indian.Hego Asian, aurtengo montzoiak 2.000 hildako ekarri ditu ekainaz geroztik. Urtero, maiatza eta urria bitartean, Asia hegoaldean uholde larriak izaten dira. Milaka hildako izaten dira, itota, edota urak joatean datozen gaixotasunak direla eta.
BANGLADESH. Milioi batetik gora haurrek malnutrizioa izan dezakete
Udako montzoiak egoera larria eragin du; Nazio Batuek nazioartearen laguntza eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu