Venezuelako Asanblea Nazionala Hugo Chavezek proposaturiko hainbat lege onartzen ari da azken egunotan. Presidentearen hitzetan, «XXI. mendeko sozialismoa indartzea» dute xede neurriek. Oposizioaren ustez, berriz, diputatuen egitekoak murriztea eta botere gehiago bereganatzea da presidentearen nahia. Parlamentua bart zen onartzekoa presidenteari urtebetez dekretu bidez agintzea ahalbidetuko dion Ahalmena Emateko Legea —asteazkeneko lehen bozketan aurrera atera zen neurria—.
Bozketa horren aurretik, banku jarduera zerbitzu publiko gisa izendatzen duen legea onartu zuen Parlamentuak. Sektoreko ondasunak erabilera publikoko izaera izango dute lege berriarekin, eta bankuen jarduera nazionalizatzeko lehen pausoa da hori. Chavezen aldekoek, baina, irregulartasunen inguruan erabiltzaileak babesteko neurria dela diote.
Hain justu, lege hori eta beste hainbat neurri onartzearen arrazoia —eta presaka onartzearena— urtarrilaren 5ean egingo duten parlamentu aldaketa dela diote oposizioko kideek. Izan ere, 2011tik aurrera, eta iragan iraileko hauteskundeen emaitzen arabera, Asanblea Nazionaleko 165 eserlekutatik 98 baizik ez ditu izango PSV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak.
Atzo, berriz, herriak aukeratutako diputatu eta gobernatzaileei legez alderdiz aldatzea galarazten dien legea onartu zuten Parlamentuan. Hautagai gisa aurkezten diren unean babestutako programaren aurka egiten dutenak zigortuko dituzte era horretan. Legearen arabera, zortzi urtez gaitasunik gabe utz ditzakete alderdiz aldatzen diren funtzionarioak. Hain zuzen ere, legegintzaldiaren hasieran parlamentari guztiak Hugo Chavezen aldekoak baziren ere, egun hogei bat aurkari ditu, eta horixe bera saihestea litzateke lege honen helburua.
Eztabaida gehien sortu duen legea Ahalmena Emateko Legea izan da. Bart ziren neurri hori onartzekoak Venezuelako Parlamentuan. Onartuz gero, legeak dekretu bidez aurrera atera ahal izango ditu urte betez Chavezek. Iragan astean aurkeztu zuen proposamena, Venezuelan gertatu berri diren uholdeek eragindako kalteei erantzuteko neurri gisa. Legeak, hain justu, hainbat eremutan bere kasa agintzeko aukera ematen dio, hala nola subiranotasun politikoaren alorrean, nazioaren defentsan eta azpiegitura eta lurralde antolamenduan. Oposizioaren arabera, alta, uholdeek eragindako kalteei aurre egitearena aitzakia besterik ez da. Chavezek Parlamentuaren eskumenak bereganatu nahi dituela salatu dute.
Boterean egin dituen 11 urteotan lau aldiz eskatu dio Chavezek Asanblea Nazionalari dekretu bidez agintzeko boterea. Prozedura horren bitartez, urte horietan 178 dekretu onartu ditu presidenteak, tartean, erreferendum bidez atzera botatako hainbat.
Irrati, telebista eta komunikabide elektronikoetan erantzukizuna izateko legea ere onartzeko bidean da. Horren arabera, Interneteko edukiak komunikabideen legearen arabera arautuko dira.Hori horrela, web zerbitzuen hornitzaileek argitaratzen dituzten edukien ardura izango dute, baita iritziena ere. Oposizioak kritika egin die, neurri horrek zentsura bultzatzen duela esanez.
«Lurren erreskatea»
Lurrak bereganatzea izan da beste erabaki polemiko bat; uholdeek eragindako kalteei erantzuteko neurrien artean, atzokoan, 40 latifundiotan esku hartzeko lanei ekin zien Venezuelako Gobernuak. Guztira 20.200 hektarea esku pribatuetatik «erreskatatuko» dituztela iragarri zuen presidenteak, nekazaritzara eta abeltzaintzara bideratzeko.
Bankuak nazionalizatzea ahalbidetzen duen legea onartu dute Venezuelan
Diputatuak bart ziren onartzekoak Chavezi legeak dekretu bidez onartzeko ahalmena ematen dion araua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu