Barack Obama: «AEBek garesti ordaindu dute Irakeko gerra»

'Askatasun iraunkorra' operazioa amaituta, arreta Afganistanen jartzeko garaia dela nabarmendu du AEBetako presidenteak

2010eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Askatasun iraunkorra operazioa amaitu eta biharamunean, Egunsenti berria misioa hasi zuten egunean, gerra gezurrezko aitzakietan oinarritu zela aitortu zuen AEBetako Defentsa ministro Robert Gatesek Bagdadetik hurbil, Camp Victory basean, borrokarako tropen erretiratzea ospatzeko ekitaldian. Barack Obama presidenteak, aldiz, gerraren ondorioz galdutako sostengua bereganatzeko itxaropenarekin, operazioak etxean eragindako galerak izan ditu gogoan. «AEBek garesti ordaindu dute Iraken geroa bertako herriaren esku jartzeko hasitako gerra».

Kazetari batek galdetu diolarik gerra honetan sartzeak balio zuenez, Gatesek adierazi du historialarien lana dela hori erantzutea. «Estatubatuarron arazo nagusia da Irakeko gerra hasteko zioak ez zirela baliozkoak». Hitz horiekin gogorarazi ditu 2003an AEBetako presidente George W. Bushek emandako argudioak gezurrezkoak zirela frogatu zela inbasioa hasi eta berehala. Hark zioen Irakeko buruzagi Saddam Husseinek suntsipen handiko armak zituela eta horiek baliatu aurretik haren kontra ekin behar zela. Halako armarik, ordea, ez dute atzeman Iraken. Gatesen esanetan, AEBen irudiko, gerra honen ondorioak onak badira ere, hasiera hark goibeldu egingo ditu beti.

Horrelako adierazpenik ez du egin, haatik, Camp Victoryn bisitaz ibili den AEBetako presidenteorde Joe Bidenek. Ekitaldiari hasiera ematean hauxe esan du Bidenek: «Iraken askatzea amaituta dago, baina Estatu Batuen konpromisoak jarraituko du Egunsenti berria misioarekin». Iraken oraindik geratzen diren 50.000 soldadu estatubatuarren lana izango da bertako segurtasun indarrak trebatzea eta aholkuak ematea. Tropa horiek, baina, 2011. urte amaieran etxeratzekoak dira. Tarte horretan, Lloyd Austin jenerala izango da horien buru. Austinek atzo hartu zuen kargua. Anartean, AEBen misio berri hori zehaztean, Gatesek azaldu du: «Gudukak amaitu ditugu, baina terrorismoaren kontra irakiarrekin lan egiten jarraituko dugu».

Mezu hori bera errepikatzeaz gain, Biden baikor azaldu da Iraken etorkizunari begira. Irakiarrek «indarkeriaren mamu beltzak arbuiatu» dituztela esan eta gero, AEBetako presidentordeak ondorioztatu du «egun goibelak» atzean geratu direla. Haatik, Irakeko egoera politiko ezegonkorra hizpide izan du Bidenek. Ezen, Bagdadeko Legebiltzarrerako hauteskundeak iragan martxoaren 7an egin bazituzten arren, Irakeko indar politikoak ez dira oraindik koalizio gobernua osatzeko gai izan.

Egoera hori gogoan, Bidenek indar politikoei dei egin die, esanez: «Irakiarrek zuengandik espero dute euren eguneroko arazoak konpontzera konprometituko den gobernu bat osa dezazuen».

Iraken geroa, irakiarren esku

Bushek gerraren hasiera iragarri zuen toki berean, Bulego Obalean, AEBetako presidente Barack Obamak Irakentzat «aro berri bat» hasi dela nabarmendu du. Iraken etorkizuna bere herritarren esku uzteko AEBek eginiko «sakrifizio handiak» gogorarazi eta gero, Obamak hauxe adierazi du: «Etxeratzeko garaia iritsi da, geure herria sendotzeko xedean. Gure borroka misioa amaitu da, baina Iraken etorkizuna bermatzeko hitzari eutsiko diogu».

AEBetako presidentearen esanetan, Iraken geroak, irakiarren esku egon behar du, irakiarrek beraiek baitute demokrazia bat eratu behar. Bide horretan, haatik, AEBak alboan izango dituztela, elkarlanean eta adiskidetasunean jardungo dutela ziurtatu du. Obamak gogorarazi du, haatik, indarkeriaren garaiak ez direla oraindik atzean geratu, eta Irakeko agintariei eskatu die egoera politikoa «premia handienez» egonkortzeko.

Irakeko esku-hartze militarrak, anartean, ondorio garratzak eragin dituela nabarmendu du Obamak. 2003ko martxoaz geroztik, 4.400 soldadu estatubatuar hil direla gogorarazteaz gain, AEBetako presidenteak aitortu du gerra horrentzako gastuek herrialdearen ekonomiari eragin diotela. Obamaren esanetan, «AEBek munduan daukaten eragina ez da gure indar militarrarekin soilik neurtu behar».

AEBetan Irakeko gerrak sortu dituen kalapitak ere hizpide izan ditu Obamak. Hasieran, oldar egite horren kontra zegoela onartu badu ere, desadostasunak atzean uzteko garaia dela nabarmendu du. «Abertzale batzuek gerra sustatu zuten; gure nazioaren handitasuna, baina, ezadostasun hauen gainditzeko ahalmenean datza». Bushek Iraken hasitako gerra berak Afganistanen hasitakoarekin alderatu du. «Al Kaedak gure aurkako azpijokoak prestatzen jarraitzen du Pakistan eta Afganistanen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.