Egiptoko protestak

Barack Obama: "Egipto ez da lehengoa izango"

Kairoko Tahrir enparantzan gaur ere hasi dira milaka egiptoar biltzen Mubaraken dimisioa eskatzeko. Presidenteak dimisioa eman arte protestak ez direla amaituko jakinarazi dute hainbat gazte erakundek.

2011ko otsailaren 7a
11:08
Entzun
Barack Obama AEBetako presidenteak Egipto ez dela lehengoa izango esan du, atzo telebista kate batean egin zioten elkarrizketan: "Egipto ez da lehengoa izango. Hori da guk dakigun gauza bakarra; Mubarakek zer egingo duen berak bakarrik daki", esan zuen Mubaraken jarraipenari buruz galdetu ziotenean. "Herriak askatasuna nahi du, hauteskunde justuak eta libreak, ordezkatuko duen Gobernua. Trantsizioak orain hasi behar du", adierazi zuen. Hosni Mubarak orain arte lagun izan duten arren, bere herria zapaltzean duen agintari bat ez dela "sostengarria" gaineratu du.

Mubarak agintean irailera arte egoteko asmoa duela berretsi zuen atzo, ordea, Ahmed Shaquif lehen ministroak. Oposizioko alde batzuen eta Egiptoko Gobernuko presidenteordearen arteko negozioazio asteburu baten ondoren, hala ere, milaka pertsona hasi dira gaur goizean ere Kairoko Tahrir enparantzan modu baketsuan biltzen Mubaraken dimisioa eskatzeko. Al Jazeeraren telebista irudiek lasai baina animatuta dauden herritarrak erakusten dituzte. Manifestariek ez dutela plaza hustuko esan dute. Gaur goizaldean armada enparantza inguratzen saiatu da, baina manifestariek ez diote utzi.

Oposizioko beste talde batzuk errefusatu egin dituzte negoziazio horiek. "Suleimanekin negoziatu dutenek euren burua soilik ordezkatzen dute. Gazte erakunde guztiak bat daude. Ez da negoziaziorik izango Mubarak joan arte", esan zuen atzo Apirilak 6 Mugimenduko bozeramaileetako batek, presidenteordearen eta oposizioko zenbait kideen arteko negoziazioez. Izan ere, hainbat gazte erakundek bat egin dute Haserre dagoen Gazteriaren Altxamenduaren Koalizioan. Gainera, eurei telebista publikoan ahotsa izatea ukatu dietela salatu zuten atzo egindako agerraldian, eta euren ordez inork ezagutzen ez dituen gazte batzuk agertzen direla gazteen izenean hizketan.

Mubaraken dimisioaz gain, oposizioak Larrialdi egoeraren Legea bertan behera uzteko eta Legebiltzarra desegiteko eskatzen du; Larrialdi egoeraren Legea azken hogei urteetan da indarrean Egipton. Gazteek, gainera, "salbamendu nazionalerako fronte bat osatzera deitu dute", eta azken asteetako istiluak ikertzeko epaileen batzorde bat osatzera. Aurreko astean Mubaraken jarraitzaileek Tahrir enparantzan bilduta zeudenak erasotu ondoren, enparantzan bilduta daudenentzako babesa eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.