Ia bederatzi urte igaro ondoren, AEB Ameriketako Estatu Batuek amaitutzat eman dute Irakeko gerra, eta Iraken gelditzen diren azken 6.000 soldaduak herrialdetik aterako dituzte urtea amaitu baino lehen. Gerraren «amaiera historikoa» iragartzeko, Barack Obama AEBetako presidentea Fort Braggeko base militarrean izan da Iraketik bueltatu diren soldaduekin, eta Iraken etorkizuna «herritarren esku» gelditu dela iragarri du.
George Bushek, AEBetako orduko presidenteak, 2003an hasi zuen Irakeko gerra, Saddam Husseinek suntsipen handiko armak zituela aitzaki gisa erabilita. Obamak, berriz, gerrari amaiera emango ziola zin egin zuen 2008an, presidentetzarako lehian. Agindutakoa bi urte geroago bete du AEBetako presidenteak, hauteskundeetarako urtebete gelditzen denean. Horrez gain, Obama Nuri al Maliki Irakeko lehen ministroarekin bildu da, eta hemendik aurrera bi herrialdeek «harreman normalak» izango dituztela aldarrikatu dute. Dena den, Iraken etorkizuna ziurgabea dela frogatu zuten atzo Ninive probintzian gertatutako erasoek; bertan, gutxienez bost lagun hil eta 25 zauritu ziren, bi autok batera eztanda egin ondoren.
Obamaren eskertza
Obamak zoriondu egin ditu Iraketik bueltatutako soldaduak, eta bereziki eskerrak eman dizkio Al Kaedako buru Osama Bin Laden hil zuen taldeari, izan ere, Obamaren mandatuko helburu nagusietako bat zen Bin Laden harrapatzea: «2001eko irailaren 11ko belaunaldia zarete zuek, eta beraz, leku bat irabazi duzue historian. Zuei esker, ez dugu Osama Bin Laden berriz ikusiko». Obamak Irakeko gerran parte hartu duten1,5 milioi soldaduak gogoratu ditu, haiei esker Irak «subiranoa eta egonkorra» dela esanez.
Dena den, bederatzi urte horietan ez dute suntsipen handiko armarik aurkitu; bitarte horretan, AEBetako 4.500 soldadu eta Irakeko 130.000 zibil hil dira, Iraq Body Counten arabera. Irakeko beste iturri batzuen esanetan, hildakoak milioi bat inguru izan dira.
Barack Obamak Irakeko gerraren «amaiera historikoa» irudikatu du
Irakeko 130.000 zibil eta AEBetako 4.500 soldadu hil dira 2003an George Bushek hasitako gerran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu