Barack Obama AEBetako presidenteak onartu du ofizialki bere hautagaitza datorren azaroaren 6ko presidentetzarako hauteskundeetarako. 6.000 ordezkari demokraten aurrean egindako mintzaldiak amaitu du Charlotten hiru egunez egin den Alderdi Demokrataren batzar nazionala. Batzarreko mezu izarra 2008ko hauteskunde kanpainan erabilitakoa izan da, eta maiatzean bere hautagaitza berresterakoan errepikatutako esaldi bera: ez dela «inoiz presidente perfektua izango».
Azken hiru egunetan, aurrerapena motela dela azpimarratu dute demokratek Charlotten, baina ziurtatu dute Obamak lau urteotan AEBen egoera hobetzen asmatu duela. Hala, datozen lau urteetarako «presidenterik onena» izango dela esan dute, eta Michelle Obama haren emazteak egin bezala, Obamarentzat bigarren agintaldia eskatu dute .
Baina ez dira alderdiko ordezkariak eta familiakoak soilik izan Obamari babesa erakutsi diotenak eta haren aldeko botoa eskatu dutenak. Natalie Portman, Scarlett Johansson, Jerry Washington edota Eva Longoria aktoreek eta Marc Anthony bezalako abeslari ospetsuek ere parte hartu baitute Charlotteko batzarra amaitzeko ekitaldian.
«Etorkizun hobea»
Herenegun, Bill Clinton AEBetako presidente ohiak proposatu zuen ofizialki Obama presidentetzarako hautagai izateko, eta herritarrei Obamaren aldeko botoa eskatu zien, «batasunean oinarritutako etorkizun hobea ekarriko dielako AEBei». Obamaren lehen agintaldia goraipatu du Clintonek, eta osasunean, hezkuntzan zein ekonomian egindako aldaketak nabarmendu ditu. Horrez gain, meritua aitortu dio Obamari «egoera oso zailean borrokatu behar izan delako», eta lau urtean kalte guztia konpon ezin denez, orain arteko presidenteari «kontratua berritzeko» eskatu die herritarrei.
Barack Obamak ofizialki onartu du azaroko bozetarako hautagaitza
AEBentzat datozen lau urteetarako «presidente onena» izango dela adierazi dute demokratek, Charlotten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu