Barack Obamaren kabinete buruak dimisioa eman du, bozetarako 11 hil falta direla

Romney da faboritoa AEBetako Alderdi Errepublikanoak New Hamsphiren egingo dituen primarioetan

Jon Fernandez.
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Barack Obama AEBetako presidentearen kabinete buru William Daleyk dimisioa eman du, presidentetzarako hauteskundeetarako 11 hilabete falta direnean. Iazko urtarrilaren 6an izendatu zuen Obamak urtebetez bere bigarrena izan den 63 urteko gizona. Orain, Jack Lew Etxe Zuriaren Aurrekontuen Bulegoko buruak hartuko du haren lekua. Ibilbide ekonomiko handiko gizona da, eta datorren zerga urterako aurrekontuak prestatzea izango da bere lehen lana.

Azaroaren 6rako bozetarako, hain justu, egoera ekonomikoaren hobekuntza ari zaio bihurtzen Obamari aliaturik onena. Langabeziak behera egin du—%8,5ekoa da, baxuena 2009ko otsailetik—, eta joera mantenduz gero, bere burua hobekuntza horren bermetzat aurkeztu ahal izango du bozetan, aurkari egokitzen zaion hautagai errepublikanoaren kaltetan.

Gaur egingo dute errepublikanoek, hain zuzen, hautagaia aukeratzeko primarioen bigarren saioa New Hampshiren. 250.000 lagun inguruk bozkatuko dute sei hautagaien artean. Emaitzak, batetik, Mitt Romneyren hautagaitza sendotzeko balio dezake, eta bestetik, aurrerantzean haren aurkari nagusia zein izango den argitzeko: Ron Paul ultralibertarioa ala Rick Santorum muturreko kontserbadorea.

Iragan asteartean egin zuten lehen bozketa Iowako caucus-etan, eta estatu oso kontserbadorea eta erlijiosoa izan arren, Romney atera zen irabazle. Ozta-ozta lortu zuen garaipena ordea, zortzi botogatik geratu baitzen bigarren Santorum. New Hampshiren, baina, dena du alde Romneyk: kontserbadoreak moderatuagoak dira bertan, eta Iowako caucus-etan ez bezala, alderdikideak ez diren herritarrek ere bozkatuko dute. Inkestek diotenez, botoen %42 lortuta irabaziko du Romneyk; Ron Paul izango du atzetik, botoen %22rekin, eta hirugarren postua Santorumek lortuko du, %13ko babesarekin.

Bere burua faborito argi ikusirik, gehiegi ez lasaitzeko eskatu die Romneyk jarraitzaileei: «Ez zaitezte gehiegi fidatu inkestez!». Bidea oraindik luzea da, eta Obamari aurre egiteko faborito nabarmenik ez dagoenez, bata bestearen atzetik pilatu behar ditu garaipenak Romneyk, bere hautagaitzak luze iraun dezakeela erakusteko. Iowakoa eta New Hampshirekoa, hortaz, ez dira bozketa erabakigarriak, baina lehiakide ahulenak arroilan uzteko balio dute —Michele Bachmanek bertan behera utzi zuen hautagaitza iragan astean—.

Joan den asteburuan hautagai errepublikanoen artean egin dituzten bi eztabaidetan ere, onik atera da Romney. Zentrotik eskuineragoko bidea egin du azken hilabeteetan, alderdiko kontserbadoreenak ere berera ekartzeko. Oso diskurtso neurtua du, eta alderdikideei eraso egin beharrean Obama baino ez du egurtzen mitinetan eta eztabaidetan.

Alderdiaren bi arimak

Gainontzeko hautagaiek, ordea, bestelako irudia eman dute asteburuko eztabaidan: gogor egin dute elkarren kontra, bigarren postua ziurtatu eta Romneyren alternatiba kontserbadorea bilakatzeko. Alderdi Errepublikanoaren sektorerik gogorrena irudikatzen dute Santorumek eta Paulek: moralean eta erlijioan oinarritutako eskuina gorpuzten du lehenak, eta estatuaren kontrako libertarismoan oinarritutakoa bigarrenak. Eurak dira aurrerantzean Romneyri bidea zailtzeko hautagai nagusiak, baina muturrekoegiak izan daitezke, Etxe Zurira iristeko ezinbestekoa baita moderatuen eta independenteen babesa ere lortzea.

Urtarrilaren 21ean Ipar Carolinan egingo dituzten primarioetara begira, garaipen zabala lortu nahi du Romneyk gaur. Izan ere, kontserbadoreagoa eta erlijiosoagoa da hautesleria han, eta Santorumek ondo daki hori. Horregatik egin ditu hain adierazpen sutsuak balore kristauen alde eta homosexualen arteko ezkontzaren kontra asteburuko eztabaidetan. Alderdiaren bi arimek, hortaz, bereizita jarraitzen dute, eta ez da agertu oraindik biak lotzeko gai den hautagairik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.