Luis Barcenas PPko diruzain ohia hautsak harrotzen ari da Espainian. Abuztuaren 13 eta 14 bitartean deklaratuko dute PPko idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedalek eta Francisco Alvarez-Cascos eta Javier Arenas idazkari ohiek Pablo Ruz epailearen aurrean, "alderdian izandako ardurengatik".
Halaber, epaileak erabaki du Barcenasen ondasunak bahitzea, diruzain ohiak ez baitu ordaindu epaileak ezarri zion 43,2 milioi euroko bermea.
Cospedali dagokionez, Ruzek adierazi du Toledora joateko prest dagoela idazkari nagusiari haren bulegoan deklarazioa hartzeko —Gaztela-Mantxako lehendakaria da—, Cospedalek ez badu Auzitegi Nazionalera joatea erabakitzen, behintzat. Abuztuaren 14an deklaratu beharko du Cospedalek, eta aurreko egunean Alvarez-Cascos eta Arenasek.
Ruz epailearen ustez, "egokiak, baliagarriak eta beharrezkoak" dira hiru lekukotza horiek, idazkaritza nagusiaren kargu zirenean ustezko B kontabilitatearekin bakoitzak izandako ardurak argitzeko.
Alvarez-Cascos eta Arenasen kasuan, instrukzioaren helburutik kanpo gelditzen badira ere, haiek deklaratzera deitu ditu "inkongruentzian ez erortzeko", egun Cospedalek duen kargu bera bete baitzuten biek ere. Hori dela eta, ikerketari "datu esanguratsuak" eman ditzaketela uste du Ruzek.
Hiru horietaz gain, PPko kutxaren langile bat eta Barcenasen ondorengo gerentea ere lekuko gisa deklaratzera deitu ditu Ruzek. Hainbat enpresaren dokumentazioa eskatu du epaileak (OHL, Azvi, Sacyr Vallehermoso, FCC y Sando), baita PPrena ere. Gonzalo Urquijo arkitektoaren kontratazioari buruzko txostena epaitegira bidaltzeko eskatu dio baita ere epaileak PPri, Madrileko Genova kaleko egoitzaren obra batzuen harira. Horrez gain, Barcenasen eta Alvaro Lapuerta diruzain ohien idazkari gisa lan egindako pertsonak identifikatzeko eskatu dio PPri.