Pasqual Maragall Generalitateko presidenteak barkamenik eskatu ezean ez duela estatutuaren inguruko eztabaidan parte hartuko ohartarazi zuen atzo CiU Convergencia i Unio alderdiko buru Artur Masek. CiUk agintaldian herri lanak esleitzerakoan «ustelkeria» egin zuela iradoki zuen presidenteak joan den astean. «Maragallek galdu egin du negoziatzeko gaitasuna, aginpide politiko eta morala galdu duen bezala», salatu zuen Masek. Estatutuaren erreforma «hipotekatua» geratu dela gaineratu zuen.
Gauza bera eskatu zuen ERC Esquerra Republicanako buru Josep-Lluis Carod Rovirak ere. Masi eta Maragalli gutun bana bidali die jendaurrean egindako okerra onartzeko eskatuz. «Era horretan soilik itzuliko gara hasierara eta eztabaidatu ahal izango dugu estatutuaren erreforma», azaldu zuen.CiUren aurkako salaketarik izan ez zenez, barkamen beharrik ere ez dagoela adierazi zuen PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako idazkari Jose Montillak. «Estatutua onartuko dugu. Ekaitzaren ondoren, lasaitasuna etorri ohi delako, eta, azkenean, herrialdearen interesak arazo zehatzak baino garrantzitsuagoa direlako», gaineratu zuen.Bestalde, Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiak «krisi larria» eragin izana leporatu zion atzo Maragalli. Pujolen esanetan, Generalitateko egungo presidentearen adierazpenak «gogorrak» izan ziren oso. Kataluniako Alderdi Popularrak, bere aldetik, Maragallen dimisioa eta bozak aurreratzeko eskatu zuen.
HERRIALDE KATALANAK
Barkamena eskatzea galdegin diote Maragalli
Estatutuaren eztabaidan ez duela parte hartuko ohartarazi du CiUk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu